Erraiak azalera

Erraiak azalera –

Garazi Lizaso Manterola eta Irati Gonzalez Larenak, Euskal Herriko Bilgune Feministako kideek idatzitako testua arrantzatu du salabardoak, Klitto! atarian.

Zeharkatu gaituzte objektu sexual huts sentiarazi diguten begiradek. Gure inguruan ere entzun dugu “arroza pasako zaizue”, maizegi. Gu ere nagusiaren zenbait jarrerek estutasunean jarri gaituzte. Hurbilegi sentitu ditugu bere hitzak eta, noiz edo noiz, eskuak. Duela gutxi, pausua azkartu genuen etxerako bidean. Nahiz eta barrote artean eta herritik urruti gauden, hurbilegi sentitzen ditugu komisaldegian ireki ziguten zauri bakoitza. Guk ere jasan dugu “etxea garbitzen lagunduko dizut”, gure azalean, ustez ardurak partekatzen ditugun garai honetan. Guk ere izan genituen sexu-harremanak gau hartan nahi ez bagenuen ere, mutil-lagunaren insistentziak jota. Guk ere isilik egoteko hautua egin genuen bileran, buruari buelta gehiegi eman ostean.

Erraiak azaleraHoriek eta deskribatu gabeko beste biolentzia ugari hurbil gertatu zaizkigu. Oraingoan, hurbileko harremanetan jarri nahi dugu fokua, pribatuagoa, intimoagoa, ezkutukoagoa, den horretan. Begira diezaiogun ikusten ez denari, begira diezaiegun bikote harremanei, lagun inguruari, familiartekoei, militantzia sareei… Maitasun erromantikoaren mamutzarraren izarapean eraikitzen diren harremanak, gizonen nagusitasuna iraunarazten dutenak, heteroaraua indartzen dutenak, emakumeok sotilki baztertzen gaituztenak. Finean, eraso bat erasoa dela ikustea zailtzen digutenak. Ilunpeko erasoez arituta, “Ikusi makusi zer ikusi…” iaz erabili genuen leloa gogora datorkigu erraz. Eta tripetan min-ziztada bat sentitzen dugu, haurren aurkako abusuek egun duten inpunitateaz jabetzean. Egin dezagun ikusgarri ikusezina.

Jendartearen erraietan dagoen matxismoa azaleratu nahi izan dugunean zalantzan jarri dituzte gure hitzak. Epaitu eta errua guri egozteaz gain, ez dizkigute bizitakoak sinetsi. Sistema hetero-patriarkalak hamaika trikimailu darabiltza gu isil, menpeko eta otzan bihurtzeko. Baina, gero eta gutxiago behar dugu gure bertsioa batzuentzat sinesgarri izatea. “Nik sinesten dizut” esan diogulako elkarri, gero eta aitortza herritar handiagoa daukagulako inguruan eta gehiago garelako, horri esker, jazarpen oro salatzera ausartzen garenak.

Azken urteetan urrats handiak egin dira. Hala, lorpen garrantzitsuez hitz egin dezakegu, konplexurik gabe, eremu publikoari begira egin den lana kontuan hartzen badugu. Indarkeria sexistari izena jarri diogu, kontzientziazioa zabaldu, eta horri aurre egiteko lege, organo eta baliabideak bultzatu ditugu. Kalean, gauean ematen diren erasoei erantzun diegu irmoki artikulu, manifa, bideo edo kale ekintzen bitartez. Egindako ibilbidea aitortu, txalotu, eta gertu ditugun testuinguruetan arreta berezia jartzea proposatzen dugu gaurkoan.

Askotarikoak dira hurbil bizi ditugun bortizkeriak. Ez dira puntu more baten barruan kabitzen. Horregatik diogu ez dela nahikoa muturreko egoeren aurrean pankartaren atzean jarri, hedabideen aurrean adierazpenak egin edota betearazleak ere ez diren estatu itunak idaztea. Diskurtso eta praktiken arteko desorekei kasu egiteko momentua heldu zaigu. Azaleko keinuetatik harago joan behar dugu eta errotik heldu behar diogu indarkeria sexista ahalbidetzen duten egitura patriarkalei. Horretarako, lehentasunak markatu behar ditugu agenda politikoetan, prebentzioan inbertitu beharra dago, zintzoki diharduten erakundeak behar ditugu, benetako borondatea dutenak, ausardia daukatenak eta mugimendu feminista aintzat dutenak.

Baina, erakunde publikoez gain, zein paper hartu beharko genuke bestelako eragile zein mugimenduetatik? Zer gertatzen da arazoa etxean daukagula ohartzen garenean? Zer gertatzen da kolpeak, jazarpena, irainak, baboseoa, bortxaketak, ukimenak… gure peñan, gure konpartsan, gure elkartean, gure kuadrillan, gure lagunaren bikote-harremanean ematen direnean? Horretaz aldendu nahi dugun arren, gu eraikitzen ari garen prozesu askatzaileak ere sistema heteropratriarkalaren baitan daude. Baina dihardugun espazio horietan botere egiturek badiraute, ez da inolako aldaketarik egongo. Arazoa erraietan dugunean, ardura denona da, ez soilik Mugimendu Feministan aktiboki dihardugunona edo emakumeona*. Indarkeriaren aurkako protokoloak, elkarretaratzeak, erantzunak, barne mailako erasoak, kolektiboen barruan ematen diren botere harremanen lanketa… denon kezka izan behar lukete. Beraz, konpromisoa kolektibizatu beharra dago eta bitarteko gehiago eskaini antolatutako mugimendu, eragile sozial, sindikatu edota alderdietatik.

Emakumeon* gorputzek gudu zelai izateari uzteko, gure aurkako gerra bakebidean jartzeko, guztion erantzunkizuna behar-beharrezkoa da: norbanako bakoitzak ematen dituen urrats txikietatik hasita, lege ekimen eta estatu politiketaraino. Betiere praktika eraldatzaileetan sakonduz, diskurtso faltsuekin apurtuz eta “berdintasunaren aldeko” literatura benetan aplikatuz. Barnetik hasita. Errepara diezaiegun erraiei.

Erraiak. Errai odoltsuak. Errai handiak. Puztuak. Minduak. Tirita eske dabiltzan erraiak, mimoen beharra dutenak. Errai indartsuak. Zureak eta nireak. Gureak. Gure minak, gure zauriak, gure gorputzak, gure odola, gure bizitza, gure osatzea, gure erantzuna, gure borroka, gure indarra… Atera ditzagun azalera!

Erraiak azalera  Erraiak azalera  Erraiak azalera  Erraiak azalera

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.