Bas(h)oan, hiru xorino

Bas(h)oan, hiru xorino –

Robbie Basho gitarra jotzailea aitzakia hartuta, Beñat eta Julen Achiary aita-semeak eta Joseba Irazokik “Bas(h)oan” izeneko lana aurkeztu berri dute, Elkar diskoetxeak plazaratu duena.

Bidasoaren alde banatan bizi dira Joseba Irazoki eta Beñat Achiary. Beran bizi da bata, Baionan bestea; musikari handiak dira biak ala biak, esperimentaziora emanak eta oso estimatuak, duten entzutea gorabehera. «Bagenuen bata bestearen berri aurretik ere, baina Errobiko festibalean ezagutu genuen elkar», argitu digu Irazokik, azken urteetan sarritan izan baita Achiary antolatzaile duen jaialdian jotzera gonbidatua.

Bas(h)oan, hiru xorino
Beñat Achiary eta Joseba Irazoki.

Harrezkero harremana landu eta zuzenean ere jo izan dute elkarrekin emanaldi solteren batean –hona hemen Paperezko Kontzertuetakoa-, eta Irazokiri Robbie Basho gitarra jotzailearen omenezko bilduma baterako gonbitea egin ziotenean, Beñat Achiaryrekin akordatu zen. «Parte hartzaile gehienak gitarra joleak ziren, eta amerikarrak; `akojonatu´ egin nintzen!

Gainera, Bashoren kantaera ez da horren aintzatetsia izan, eta beraz, kontrapuntua emateko bilduma instrumentalean kantatutako abestia sartzea otu zitzaidan».

Asmoa ezin izan zuten gauzatu, baina lurra ereinda zegoen jada, «eta Bashoren haziek, gure musikan, bestelako loreak eman ditu», Beñat Achiaryren hitzetan. Baxenafarrarentzat «abentura eta plazer» izan da Joseba Irazokirekin lan egitea –«zuri esker ezagutu ditut Hego Euskal Herriko txoko batzuk», eskertu zion lagunari-.

.

Robbie Basho

“Bas(h)oan” hamabi kantuko lana da. Erdiak Robbie Bashorenak dira, eta beste erdiak Achiary eta, honen esanetan, «lan gaitza» egin duen Joseba Irazokik sortuak. «Espazio berriak ireki dira emeki-emeki; bidaia honetan ez gara urrundu, hubildu egin gara». Anjel Valdes, Elkar etxeko arduradunaren aburuz, gainera, kantuak Bashorenak izan ala ez izan, diskoak bere osotasunean «oreka handia du».

Robbie Basho (1940-1986) musikari ipar amerikarra, «gitarrista liluragarria, folkaren mugetatik at doana» legez aurkezten zaigu “Bas(h)oan” lanean. “Amerindiar, persiar bainan ere Indietako musiketarik bilaketa hazten duela, kantari hunkigarria da ere, bere ahots zirrarratzailearekin. Robbie Basho aingeru bat da»; bere lanak John Faheyren Takoma Recordsen argitaratzen zituena.

Hitzei dagokionez, Bashoren bi kantu itzuli -moldatu hobe- zein berriak sortzeko orduan, Achiaryren adiskide on baten laguntza izan dute, Itxaro Bordarena; «eta ez da erraza, ez baita melodiari hitzak atxiki eta kitto». Gainontzean, Bashoren hiru kantu ingelesez kantatzen dituzte, Irazokiren bi kantu instrumentalak dira, “Ba-nin adixkide bat” izenekoak Jon Miranderen hitzak daramatza, eta bat herrikoia da, “Maitiak bilhua holli”.

Bas(h)oan, hiru xorinoLana Donostiako Elkar estudioan grabatu zuten urrian, kantaren batean Jules Rousseau (baxua), Mikel Azpiroz (teklatuak) eta Pierre Visler (artalde eta erreka soinuak) musikarien laguntzarekin. Azalaren diseinua Ramon M. Zabalegik egin du.

«Beñat eta Julen jazz mundutik datoz, eta ni berriz pop-rocketik; inprobisazioak batzen gaitu», mintzo da Joseba Irazoki, grabaketa lanak gai hartuta. «Beraiek zuzenean toma batean grabatzera ohituak daude, eta ni ordea konponketen maitale sutsua naiz. Beraz, negoziatu beharra izan dugu, akordioetara iristeko (kar, kar)».

.

Irazoki eta achiarytarrak zuzenean

Ibilbide eta itzal handiko musikaria izanagatik, Beñat Achiaryk Hego Euskal Herriko diskoetxe batekin argitaratzen duen bigarren lana da honakoa. Aurrekoa, 1989ko “Ene kantu ferde eta urdinak”, Elkar etxean plazaratua hau ere.  Tartean, hogeita hamar inguru argitaratu ditu Europako zenbait zigilutan. Zergatik? -galdetu zuen prentsaurrean zale batek-. «Artista diskoetxearen gainetik dago beti -erantzun zion Valdesek-; gu ez gara hain inportanteak. Miresmenez jarraitu dugu bere ibilbidea, eta gure ahalmen txikiarekin bada ere saiatzen gara erreferenteak diren artistak gurera ekartzen. Baina hemen dauden biek, gurea baino territorio handiagoa dute».

Elkar etxeko arduradunari galdera luzatu zion zaleak berak, Robbie Bashoren binilo bat oparitu zion Joseba Irazokiri. Berau beso azpian hartuta, poz-pozik zen berarra.

Achiary aita-semeak eta Joseba Irazokik zuzenean aurkeztuko dute lana, abenduaren 14an Donostiako Victoria Eugenia Clubean, urtea bukatu bitarteko emanaldi bakarrean. Bien bitartean, Badok atarian entzungai duzue “Bas(h)oan”

Bas(h)oan, hiru xorino Bas(h)oan, hiru xorino Bas(h)oan, hiru xorino Bas(h)oan, hiru xorino

ZUZEUko erredakzio kide