Erlijioko irakasleak blindatuak, beste guztiok gurutziltzatuak

Erlijioko irakasleak blindatuak, beste guztiok gurutziltzatuak –

Nahiz eta jakin LOMLOEren ezarpenak erlijio ikasgaia Haur eta Lehen Hezkuntzan bi saiotik bakarrera pasatzea dakarrela, egunotan izan dugu Nafarroako eskuinak horren harira dituen asmoen berri.

Erlijioko irakasleak blindatuak, beste guztiok gurutziltzatuakNafarroako Parlamentura iritsi da gaia Navarra Suma taldearen eskutik, eta beste talde politikoen babesaren bila dabil lege proposamena aurrera ateratzeko. Haien dokumentuan erlijioko irakasleek ikastetxean dituzten ikasgai honetako orduez gain, kontratu osoa lortu arte, hots, 26 saiora kontratua luzatzea jasotzen da, beste irakasleon kaltetan, ohiko ikasgaiak emanez bete nahi baitiete ordutegia.

Nafarroan egun 145 langile dira artzapezpikutzak zuzenean hatzez proposatutako eta Nafarroako Gobernuak kontratatzen dituen irakasleak, beste guztiok arautzen gaituen kudeaketaren gardentasun eta arauetatik at. Bataiatua bazaude, “Eliz Egokitasun Adierazpena” eta “kristau bizitzaren doktrina eta testigantza zuzena” badituzu, “missio canonica” delakoa lortzen duzu eliza katolikoaren beraren eskutik, eta prest zara beste irakasle guztion gainetik zerrenda berezi hauetan jarduteko. Edozein irakaslek bezainbeste puntu eta merezimendu lortzen dituzu, nahiz eta Bibliako pasarteak margotzen ari, bide batez, eskolatik at beharko lukeen doktrinatzea elikatuz.

Saio bitik batera pasatzearekin 116 langile izatera igaroko lirateke, Gobernuak emandako datuen arabera, baina hauei kontratua luzatzeak urtero 2,5 milioi euroko gastua suposatuko luke. Ozen salatzen dugu galduko liratekeen 29 lanpostu horiek gehienak berriki kontratatuak direla eta aipatutako irakasle izateko “atzeko atea” hartu dutela, eta gogoratu hauetako gehienen kasuan irakasle zerrendetan ere badirela; hortaz, badute jarraitzea beste guztion bide beretik, haien lana eta merezimenduak gardenki lortuta.

Azken ezusteko negargarria izan da jakitea Geroa Bai alderdia proposamen anker honi babesa emateko prest agertu dela, gaur egun erlijio irakasleak babestu beharra dagoela argudiatuz. Ahoa bete-bete esan ohi dute sarritan haien iritziz erlijioa eskolatik kanpo egon beharko litzatekeela, baina hurrengoan honelakoak babesten dituzte… batek ulertu!

STEILASen hauek guztiak salatzeaz gain, borrokan jarraituko dugu sorreratik defendatu dugun Eskola Publiko laikoaren alde, biziki galdatuz diru publikoarekin ez finantzatzea doktrinatze erlijiosoa.

.

Erlijioa eskolatik at!

Erlijio irakasleei beste ikasgaiekin ordutegia betetzeari ez!

Erlijioko irakasleak blindatuak, beste guztiok gurutziltzatuak