[Simone Weil] Erroztamendua eta Nazioa XXIV

[Simone Weil] Erroztamendua eta Nazioa XXIV – 

Errogabetasuna eta nazioa (XXIV. bidalketa)

[Simone Weil] Erroztamendua eta Nazioa XXIVZergatik gure buruari gezurrik erratea? 1939an gerlaren aitzinean, lege-dekretuen erregeminarenpean, jadanik ez zegoen gehiago legitimitate errepublikarrik. Alde egin zuen Villonen gaztetasunak bezala: «qui son partement m’a celé», arrabotsik gabe, alde egiten zuela abisatu gabe, eta nehork jesturik egin gabe, bera atxikitzeko hitzik erran gabe. Legitimitatearen sentimentuari dagokionez, erabat hila zen. Berragertzen bada desterratuen gogoetan, toki jakin bat okupatzen badu, izatez berarekin bateraezineko beste sentimentuekin batera, populu eri baten sendatze ametsetan ez du ezer erran nahi edo gauza bizki guti. Eta ezer baldinbazen 1939an, zerizan liteke segituan eraginkor desobedientzia sistematikoko urte zenbaiten ondotik?

Bestetik, 1875eko konstituzioak ezin du gehiago legitimitate-oinarria izan, 1940an axolagabekerian edo mespretxu orokorrean hondoratu ondoren, Frantziako populuak abandonatua izan ondoren. Zeren Frantziako populuak abandonatu baitu. Erresistentziaren taldeek ezin dute ezer egin, ezta Londreseko frantsesek. Damu poxi bat adierazia izan baldinbada, ez da populuaren parte bat damutu baizik eta parlamentari batzuek zeinen baitan lanbideak bizirik atxikitzen baitzuen instituzio errepublikarentzako interes bat, beste toki guzietan hila zena. Beste behin erra n dezagun, ez du inportarik denbora luze baten buruan berriro piska bat agertu bada ere. Gaur egun, goseak dio emaiten III. errepublikari ogia zen garai baten poesia guzia. Poesia iheskorra da. Gainera, hainbat urtetan zehar sentituriko nazkak, 1940an muturreko mailara iritsi denak, jarraitzen du. (preseski Londresetik egin testu ofizial batek III. errepublika kondenatua du, horren ondorioz III. errepublika nekez har dezakegu legitimitate oinarritzat).

Hala ere seguru da, Vichyko instituzioak desagertuko diren eta instituzio iraultzaileak, beharbada komunistak agertuko ez diren neurrian, III. errepublikaren estrukturetara itzuliko garela. Baina horrela gertatuko da, sinpleki huts bat izanen baita eta horren betetzeko beti zerbait beharko baita. Alabaina, hau ezinbestea da, ez ordea legitimitatea. Populuan ezinbeste horri dagokio ez fidelitatea baizik eta etsipen hits bat. 1789ko datak, harek, eragiten du oiartzun askoz sakonagoa, baina inspirazio bat dagokio, instituziorik ez ordea.

Ikusita berrikitan jarraipen eten bat izan dela izatez gure historian, legitimitateak ezin du ezaugarri historikorik izan, etorri behar da legitimitate guzien iturri betierekotik. Herria gobernatzeko beren burua proposatuko duten gizonek publikoki aitortu behar dituzte populuaren funtsezko eskakizunei erantzuten dizkieten obligazio jakin batzu, betidanik arimen hondoan idatziak direnak; izan ere, populuak konfiantza eduki behar du haien hitzetan eta haien gaitasunean, eta ukan behar du konfiantzia hori erakusteko aukera ere.

Populuak botere publikoak obeditzea, patriaren beharra izanki, horretxegatik obligazio sakratu bat da. Populuaren obedientziak bere ezaugarri sakratu hura bera botere publikoari berari esleitzen bat bezaladio, botere publikoa bere objektua delako. Ez dago hor patriotismo erromatarrak estatuaren alderat daukan idolatria bezelako zerbait. Kontrakoa da. Estatua sakratua da ez idola baina kultu-objektuak bezala, edo aldareko harriak bezala, bataio-ura bezala, edo horien antzeko gauzak oro bezala. Jende guziak daki gauza horiek oro materia baizik ez direla. Baina materia puskak sakratuak bezala begiratuak dira objektu sakratu gisan baliatzen direlako. Hau da estatuari gomeni zaion maiestate mota.

Frantziako populuari horrelako inspirazioa ez badiogu emaiten, populuak hautatu beharko du desordrea eta idolatria artean. Idolatriak forma komunista har dezake. Gerta daitekeena hau da seguraz ere. Baina forma nazionala ere har lezake. Sor lezake orduan gure garaiko bikote hain bereizgarria zeina lehendakari aldarrikatu gizon batek eta estatuaren altzeiruzko makinak osatzen baitute. Alabaina, batetik publizitateak lehendakariak fabrika ditzake, bestetik, zirkontantziek ekartzen badute lehendakaritza funtzio horretara egiazko gizon balios bat, laster bere idolo-rolaren preso bilakatzen da. Bestela esanda, hizkera modernoan, inspirazio garbiaren ausentziak ez lioke populu frantsesari beste aukerarik utziko desordena, komunismoa edo faxismoa baizik.

Badira jendeak, Amerikan adibidez, beren buruari galdatzen dutenak Londreseko frantsesek ez lukete ote edukiko faxismoarako joera bat. galdera egiteko modu biziki txarra da. Berez xedeek garrantzia gute dute, gaizkira zuzenean doazen kasuetan izan ezik, zeren gaizkirako baliabideak eskuragarri baitira. Aldiz xede onek ez dute balio eskatzen dituzten baliabideekin batera baizik. Jondoni Petrik ez zuen Kristo arnegatzeko den mendren gogorik, baina arnegatu du ez baitzuen bere baitan hori ekiteko ahalbideko liokeen grazia. Eta Jondoni Petrik kontrako xedea aldarrikatzeko erabili kemenak eta tonu kategorikoak parte hartu zuten bera grazia horretaz gabetzeko. Hau da etsenplu bat, zeina gogoetatu behar baiginuke bizitzak pairarazten dizkigun nahigabe guzien aurrean.

Kontua da jakitea Londreseko frantsesek baliabide beharrezkoak edukitzen dituzten Frantziako populua faxismoan erortzetik eragozteko baita eragozteko desordenean eta komunismoan erortzetik ere. Faxismoa, komunismoa eta desordena gaitz bakar baten adierazpen doidoia bereiziak, hots baliokideak izanki, kontua da jakitea sendagailurik baduten gaitz horretarako.

Ez badute gaitz horretrako sendagailurik edukitzen, Frantzia gerlan atxikitzea den haien izaiteko arrazoia garaipenarekin erabat desagertzen da, eta kasu horretan herritar ostean murgildu behar ditu. Aldiz, sendagailua edukitzen badute, garaipena aurretik beretik hori aplikatzen hasia izan beharko lukete neurri zabal batean eta eraginkorki. Izan ere ezin da hasi horrelako tratamentua herriaren askatzeak gizaki bakoitzaren baitan eta jende osteetan eraginen dituen zainetako desordeen erdian.

Londreseko frantsesentzat garrantzizkona ez da arrotzen aurrean aldarrikatzea beren eskubidea Frantzia gobernatzeko; mediku batentzat ere garrantzizkoena ez da aldarrikatzea eri bat artatzeko eskubidea. Funtseskoena da diagnostiko bat egin izana, sendabide bat asmatu izana, sendagailuak hautatu izana eta eriarentzat eskuragarri direla egiaztatu. Mediku batek hori guzia egiten dakielarik, ez erru arriskurik gabe araiz, baina bederen zuzen ikusi izanaren espero arrazoigarri batekin, orduan norbait entseiatzen bada bere funtzioa betetzetik eragozten, eta bere tokian txarlatan bat emaiten entseiatzen bada, mediku horren betebeharra da kontra egitea bere indar guziez. Baina medikurik gabeko toki batean, hainbat ezjakin itzulika ari badira eri baten inguruan zeinaren egoera eskatzen baitu artamendu zehatzenak, argituenak, zer inporta zaio eriari zeinen eskuen artean dagoen hiltzeko edo bakarrik kazualidadez salbatua izaiteko? Seguraski hobe du egoitea maite dutenen eskuetan. Baina eria maite dutenek ez diote pairaraziko bere itzulian ari den batailaren sofrikarioa, nun badakiten eskuetan dutela salbatuko lukeen erremedio bat.

[Simone Weil] Erroztamendua eta Nazioa XXIV

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude