Erlantza +20

http://alteretaego.wordpress.com

Erlantza
Argazkia: Bolantea
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 3840×3840px (1:1)
Sortze data: 2012/11/12
Latitudea: 43º 22,482´ N
Longitudea: 1º 38,115´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 24-105mm f/4L IS USM
Distantzia fokala: 24mm
Irekidura: f7,1
Esposizio denbora: 1/125?
Sentikortasun eskala: 640 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Etxe nagusiaren atzeko egurrezko etxolara hurreratu zen Danny, gauak eskaintzen zion iluntasunaz baliatuz. Aspaldi atean zintzilikatu zuen RED?UM kartelari begiratu zion, une batez. Isilean, leihotik antzematen zen argi gorriaren distirara zuzendu zituen bere pausuak, makurtuta.

Burua astiro-astiro altxatu eta ez zitzaion batere gustatu ikusi zuena. Alkandoraren ezkerreko mahuka igo eta ama, aizkora bat bularrean, bainugelan hilik aurkitu aurreko egunean egindako tatuajea haztatu zuen, azazkalek min eman zioten arte. Aitak behin berari esan zizkion hitzak zeuden bertan: “Sekula ez dizut minik emango. Sekula, sekula…”

Azken urteotan bere neskalaguna izan den Martha ikusi zuen leihoaren bestaldean, hainbat gozamenen lekuko izan zen ohe hartan, berea ez zen beste gizonezko baten gorputz biluziaren gainean zangalatrau. Bera era biluzik zegoen, gora eta beherako mugimendu etengabean. Segundo batzuez begira geratu zen, benetan min eman zion eszena iritsi zen arte. Gizonezkoaren ahoa eskuineko titiburura zuzendu zenean ikusi zuenak, kolpetik, eraikitzea horrenbeste kostatu zitzaion mundua errautsi zuen. Izan ere, Marthak, hortzekin beheko ezpainari hozka egiten zion bitartean, begiak itxi izana ez zion inoiz barkatuko. Gozatzen ari zen, emagaldua!

AEBetako gobernuak Jack Torrance zenaren oinordekoei bizi artean lagatako etxaldea izan du bizileku Danny gazteak azken hogei urteotan. Bere garaian gertatutakoak gertatuta, harrigarria zirudien hainbeste pairatutako ume errukarriak bizimodu berri bati ekiteko erakutsitako gaitasunak. Erosketak egitera herrira umeentzat eginiko triziklo batean jaisten zenekoa, adibidez, ez zioten aintzat hartzen herriko biztanleek.

Amaren bainugelako gertakari iluna baretu zenetik, dagoeneko, urte asko joan dira. Eta herritarrek, zergatik ez, denok dugula bigarren aukerei probetxu ateratzeko eskubidea onartu zuten. Baina horrenbeste lagundu izan dion Marthak, gaur, lehengo garaietako sentimenduak ekarri ditu bueltan Dannyren arima oinazetsura.

Marthari, ez zion ikusitakoaz hitz bakar bat ere esan. Argi zekien, ezinbestean, zein kontu zen kontatzeko modukoa eta zein ezkutatu beharrekoa. Aste oso bat eman zuen, fin, etxe ondoko artasoroan, traktorearekin printzesen ipuinetatik ateratakoa zirudien labirintoa marrazten. Hura baitzen gauzak bere tokian uzteko otu zitzaion modua.

Lanak bukatutzat eman zituenean, hitzordua jarri zuen Martharekin biona bakarrik izango zela uste zuen etxolan. Biluzik itxoiteko eskatu zion, beste askotan ohi bezala. Ezarritako orduan, etxolan sartu eta eskuetan gogor oratuta zuen aizkora zaharra erakutsi zion. Beldurrak jota zegoen Marthari, nahita, etxolatik ihes egiteko aukera eman zion eta neska, besterik ezean, artasororantz korrika abiatu zen, biluzik. Danny, bare, traktorera igo eta 20 urte lehenago bere aitak egindako moduan, neskaren atzetik abiatu zen labirintoan barrena.

Traktore zaharrak bertan jarraitzen du oraindik, Martharen odola gurpiletan, lekuko mutu. Iraganak, noizean behin, kikuren bat egitea gustuko izaten du eta.

Ego dixi.