Erantzuteko gaitasuna

Erantzuteko gaitasuna –

Azkeneko hilabeteetan nahiko ezkor nabil. Ezkor gertatzen ari den guztia gertatu eta herritarrok ez garelako erantzuteko gai. Oso oinarrizkoak diren gaietan goaz txarrerantz eta abiadura oso handian, handiegiean. 

Erantzuteko gaitasuna

Asteburuan, kalitatezko osasun publiko baten aldeko manifestazioak egin ziren Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Mobilizazio jendetsuak izan ziren, baina ez nahikoak. Osakidetzak duen egoera urteetan egin duten kudeaketa txarraren ondorio da. Pandemiaren aitzakian aldaketa handiak egin dira, baina horren aurretik ere egoera ez zen ona eta orain zer esanik ez. Anbulatorioak gutxitu edo itxi dituzte, arreta presentziala lortzeko ikaragarrizko zailtasunak eta espezialista bat lortzeko itxaron-zerrenda oso luzeak, ebakuntzak egiteko epeak ere luzatu dituzte eta sendatzeko balio duten botikak gure poltsikotik ordaindu behar ditugu. Pribatizaziorantz doa osasungintza itsu-itsuan.

Osakidetzan pribatizazioaz gain, hizkuntza-eskubideak ere urratzen ari dira. Hizkuntza aldetik ere aldiero okerrago goaz maila guztietan. Frankismo garaian diktadura baten pean geundelako eta orain zer? euskara eskakizunaren aurkako epaiak, mediku eta pediatra euskaldunen gabezia, Iparraldean eta Nafarroan eremu ez euskaldunetan seme-alabak D eredura eramateko ezintasuna. Politika publiko indartsu baten beharra dago, ofizialtasuna lortu eta euskaldunon eskubideak bermatuko dituena.

Euskal Hezkuntzaren legearen zirriborroa ere hor dago. Eskola publiko eta itunpekoen arteko afera, segregazioa, naziotasuna, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa, ratioak, gurasoek ikastetxea erabakitzeko duten eskubidea, ikasgaietan datozen aldaketak, digitalizazioa, baliabide falta, eremuka lan egitea…inprobisazioa eta adostasun falta izugarria etorkizuna markatzen eta markatuko duen eremuan.

Inbidiaz begiratu diet Frantziar estatuan erretreta lege berria onartu aurretik eta ondoren egin diren eta egiten ari diren mobilizazio eta protesten irudiei. Lege berriarekin 64 urtera atzeratu dute eta horrez gain, 43 urte kotizatuta izan beharko dituzte. Espainiar estatuan, jubilatzeko, gaur egun, 65 urte izan behar dituzu eta ia 38 urte kotizatuta. Urtez urte atzeratzeko plana dago ordea, eta 2027an jubilatzeko 67 urte edo 38 urte eta sei hilabete izan beharko dituzte langileek kotizatuta, baina ez dago protesta soinurik.

Arazo hauen guztien aurrean Euskal Herrian erantzuten ari diren ia bakarrak Pentsionistak direla esango nuke. Haien eredutik ikasi eta gure bizitzan eragin handia izaten ari diren arazo hauei eta datozenei erantzuten hasi beharko genuke.

Erantzuteko gaitasuna

Irakaslea Gasteizen. Internazionalismoa eta euskalgintza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude