Erabakitzeko eskubideaz
Erabakitzeko eskubideaz –
Lagun batekin elkartzen naizenean, beti politikaz hizketan amaitzen dugu gure hitz aspertua. Azkenengoan, Urkulluk erabakitzeko eskubidearen gainean esandakoak izan ditugu hizpide. Bi lagunok gara idealistak eta pragmatikoak aldi berean, eta bata idealismora lerratzen bada, besteak pragmatismora tira egiten du, eta, alderantziz.
– Urkulluk dioenean erabakitzeko eskubidea jaso beharra dagoela Espainiako Konstituzioan, baina horrek ez duela esan nahi derrigor independentziara jo behar dugunik; zer ulertzen dun hik?
– Nik ulertzen diat EAJren “aberri estatutuetan”, lehen artikuluan, helburu nagusi gisa aipatzen den formula “aberri honen izate politikoa beraren Aberri burujabetasuna berreskuratzearekin batera adieraziko da” –espainieraz: “la afirmación de la nación vasca, cuyo ser político ha de expresarse a partir de la plena recuperación de su soberanía nacional”–, praktikan, zer izan litekeen aditzera ematen ari dela.
– Alegia Espainiako estatuak Euskadiri, Euskal Autonomi Erkidegoari, erabakitzeko eskubidea onartuko balio –Nafarroako Foru Erkidegoan, harik eta foru erkidegoko legebiltzarraren gehiengoa aldekoa izan arte, ezinezkoa!–, gure aberriaren mendebaldeko erdiak politikoki burujabetasuna berreskuratua leukakeela, eta kasu horretan, berak ez liratekeela independentziaren alde paratuko, baizik eta kogobernantzaren alde –elkarrengandik banatzean ume komunen gain, bi gurasoek izan ohi duten guraso-ahala zetorkidan burura–.
– Orduan, Espainiako gobernuak erreferenduma onartuko lukeen kasu hipotetiko sinesgaitz hori gertatuz gero, EHBilduk independentziaren alde egingo likek, PSOEk autonomiaren alde eta EAJk kogobernantzaren alde, alegia gai politikoak bi gobernuek akordio bidez, elkarri ezer inposatzeke, hartzearen alde. Edo, beharbada, ulertu behar diagu PNVk kogobernantzaren alde lau haizetara eginez gero bakarrik onartuko lukeela Espainiako gobernuak galdeketa, kogobernantzari onuragarri iritzirik?
– Ez ezan ahaztu PNVk alderdi demokrata bezala definitzen duela bere burua, eta independentista gisa ez definiturik, alderdi demokrata “espainola” dela ulertu beharra dagoela, Espainia zuzenbideko estatu demokrata izatea nahiko lukeela, eta espainolekin batean Eusko Autonomi Erkidegoa gobernatzea duela xede, eskuz esku, elkarrenganako errespetu eta begirune osoz.
– Nola onarraraz diezaioke bi milioi eta berrehun bat mila biztanle dituen autonomi erkidego bateko gobernu mugatu batek –badakik, esaterako, maskarak kanpoaldean jarri beharra inposatzeko eskumenik ez dutela autonomi erkidegoek, Madrilek erabakitzen duela hori– hogeita hamar milioitik gorako subjektu politiko bateko gobernuari autodeterminazio erreferenduma?
– Eta baldin eta hain hipotetikoa dirudien erreferendum hori, EAJk espresuki independentziari uko egin eta kogobernantzaren alde egitearren onartuko balu Espainiako gobernuak?
– Iruditzen zaidak delako kogobernantza hori egungo autonomi estatutu diskurtsoz edertua eta gainzuritua baino ez litzatekeela izango; teorian, eskumenetan aurrerago doana, praktikan, berdintsua; eta, gainera, larriena, independentziari euskaldunok edo euskal herritarrok geurok uko egin bagenio bezala izango litzatekeela. “Gora Euskadi Askatuta”, “Gora Euskadi eusko-espainol kogobernatua” bilakatua.
– Abertzale eta euskal errepublikaren aldeko izanez gero, EHBildun fida gaitezken bakarrik. Bat etorriko haiz nirekin. Orain, hor ere ikusten dinat ardatz soziala ari dela nagusitzen, ardatz nazionala bigarren mailara baztertuz; taktikoki izango ahal da… Badakin, herri klaseen ongizatea xede nagusi, Europa neoliberala benetako sozialismora ekarri nahia…
– Bada, autodeterminazio erreferenduma guztiz utopiko begitantzen bazaigu, Europa sozialistan Euskadi sozialista are utopikoago, ezta?
– Bai, hirekin guztiz bat. Eta gure gaztetako ametsa: Euskal Herri euskalduna? Begira zer daukan PNVk aberritzat alderdiaren estatutuetan: “Euzko Alderdi Jeltzaleak Euzkadi du Aberritzat, eta euskaldun jendea bizi den Pirinioetako bi aldeetara dagoen[a] lurraldetzat” –espainieraz: “EAJ-PNV reconoce a Euzkadi como patria, como nación y como territorio, a ambos lados del Pirineo, en el que habita el pueblo vasco”–, eta gure ele nazionalaz honela zion: “Euzko Alderdi Jeltzaleak euskara dauka euskal aberri hizkuntzatzat, eta haren normalizaziorako behar den ardura nazionala aintzat hartzea eskatzen du euskal hiritarren hizkuntz eskubideak babestuak eta bultzatuak izan daitezen” –espainieraz: “EAJ-PNV considera el euskera como lengua nacional vasca y demanda que su normalización sea responsabilidad nacional, asentada en el compromiso de proteger e impulsar los derechos lingüísticos de la ciudadanía vasca”–.
– Hori estatutuetan hala jarriko din –Espainiako estatu-botereek ezarritako indar-harremana gailentzen dun alderdikideen printzipio edo nahi eta estatutuen gainetik–, baina errealitatean euskara eta erdara biak gureak ditugulako diskurtsoa zabaldu izan dik, eta euskara politizatzeko ahulegia delakoa, eta praktikan ez din euskararen alderako diskriminazio positiboa aplikatzen, mendeetako zapalkuntza linguistikoak eragindako euskaldunon gutxiengotzeari men eginez, eta bere horretan atxikiz.
– Hor ere EHBildurekin izan behar al dinagu konfiantza?
– PNVk baino garrantzi gehiago ematen ziok. Jakingo duk Sortuk, hots, ezker abertzaleak, barrura begira, zer erabaki duen hartua: “Nazio Kontseiluko eta Nazio Idazkaritzako kide guztiek euskaldunak behar dute izan”. Hori ez ditek hedabideek azpimarratu, baina hala duk. Lehentasunen zerrendan, segur aski independentzia eta sozialismoa edo sozialismoa eta independentzia, eta gero Euskal Herri euskalduna eta feminismoa edo alderantziz.
– Beno, ari gaitun hitz eta pitz. Galdera sakon bat egingo dinat: alderdi politikoak alde batera, euskal edo eusko gizarteak ba al du gogorik, indarrik, borroka instituzional eta herri borrokaz guk nahi genituzkeen xedeak lortzeko?, prest al gaude errepresioa ekar dezakeen borroka geureganatzeko?, eta borroka instituzional eta elektoral hutsarekin aldaketa soziopolitiko sakonak lortzerik ba al daukagu?
Gu bion alde idealistak baietz diosku, eta alde pragmatikoa duda-laino itxietan murgiltzen zaigu.
Erabakitzeko eskubideaz
Euskal herritarrok osatzen dugun populua bere burujabetzaren alde borrokatzera lerratu ahal izateko BIDE PRAGMATIKOA, diok Pako.
Kontutan izanik lerratze horrek BORROKATZEA izan beharko duela, ezen ez larrosazko autopista…
Hortik hasita, galderak… eta lainoak
Baina behintzat, abiapuntua argi utzi duzue. Nik oraindik gehiago zehaztuko nuke. Adibidez:
-Kontutan hartuta ezen, EZ geure hizkuntzaz, ez geure KULTURAZ, HIZTORIAZ, PENTSAERAZ… ez digutela ezer asko ezagutzera eman, EZ eskolatan, EZ Unibertsitatean…, eta ez digutela erakustera ematen, EZ ETBn (maiz kontrakoa baizik), ez HEDABIDE SALDUENETAn, EZ giroan ez arnasten dugun airean bertan ere….
nolatan pretendi dezakegu euskaldungoa (edota are gutxiago populua oro har) ezein aldaketara lerratzeko MOTIBATUTA EGOTEA?
Hori pentsaezina duk, eta are pentsaezinago guztiz KOLONZATUTA gaudenez gero…
Beraz utz ditzagun gai fisosofiko/teologikoak, eta galde geure buruari: nola izan daiteke euskaldunok (eta ezker antolatua bera) ezeren burujabe izatea, geure buruaren jabe ere ez bagaitut?. (adibidez “pandemia” delako honen kasuan)
Hortaz, lehenik eta behin, KULTUR KOLONIZAZIOAREN UZTARRIA ASTINDU AHAL DITZAGUN, KULTURGINTZA PROGRAMA PRAGMATIKO bat diseinatu eta abian jarri behar diagu GOIKOEN esperoan gelditu gabe…
Eta Etsaiak gure Jerikori zazpi buelta eman baino lehen.
Hik zer uste duk, Pako, hemen berton honetaz eztabaidatzen hastea lehenbailehen?
Eskerrik asko Josu hire ekarpenagatik. Orain planteatzen dudanari buruz, ez zekiat zer erantzun, egia esanda.