Gabonetan, gereziak?

Gabonetan, gereziak? –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.

[URTEKARIA, 2021] Lekak Marokotik, laranjak Hegoafrikatik, dilistak AEBetatik, garbantzuak Mexikotik. Hemen bertan ez bazen, gertu erein eta hazten ziren elikagaiak gero eta urrunagotik datozkigu.

Gabonetan, gereziak?Izango dira hamar bat urte Gabon aurretxoan gereziak salgai jartzen dituztela frutategietan. Geurean udaberri beteko fruta gozoa da gerezia, eta udaren irudia dakarkigu dendetan ikusten dugunean. Tira, oraingoek ez. Izan ere, eurite betean geundela ikusi nituen estreinakoz negu bihurtutako udazken honetan. Txiletik zetozen pinporta gorriak, gutako askok baino bidaia luzeagoa egina zuten, prezioa ere halakoa zeukaten. Gabonetarako ekarriko zituztela pentsatzen dut. Kapritxo zoroak!

Oraingoa ere, ikusi nituenean, “Gabonetan keixak (gereziak)” esamoldea etorri zitzaidan akordura, Debabarrenean eta Bergara aldean erabiltzen zena (dena?). Hala dago jasota Orotariko Euskal Hiztegian: Gabonetan gereziak (g. keixak V-gip ap. Etxba Eib y Elexp Berg). “Promesa con que los mayores agradecían a los menores algún servicio. Eldu aiz? Gabonetan keixak!” Etxba Eib. “Hi haiz mutilla hi. Errekaua zintzo asko ein ddostak. Gabonetan keixak. (Noski, gabonetan ez dago keixarik)” Elexp Berg. Ene, azken esaldi hori desfasatuta geratu zaigu dagoeneko, eta esan genezake globalizazioak esamolde zaharrak ere deuseztatuko dizkigula —guk lehenago euskara akabatzen ez badugu, behintzat, prozesu hiltzaile horretan bete-betean murgilduta gaude-eta—.

Baina Gabonetan gereziak jan? Zer nezesidade? Egia da beste urtaro batzuk fruta kontuetan askoz oparoagoak direla, gustu eta kolore gehiagokoak. Gozatu itzela da aho eta begiendako. Baina oraingoak ere ederrak dira. Sasoi beteko laranja urtsu baten zaporea ezin da ezerekin berdindu, esate baterako. Edo baserriko sagar gorri zatar baina bizi horien gustua. Zoragarriak denak!

Esan dudan moduan, sasoiko lehenengo gereziak ikusteak ematen duen poza ez da makala, gero. Negua guztiz joanda dagoela iragartzen digute, Zea Maysen kantua baino fidagarriago, gainera (artoa beranduago heltzen da-eta!). Beharbada, gerezi-denbora esperantza garaia da, etorriko dena momentukoa baino hobea izango delakoan. Orain ikusteak, ostera, niri neuri ondoeza ematen dit, gizarte honen eredurik zoroena erakusten digulako, apeta hutsalen erresuma, diruarekin dena lor litekeela iradokitzen duena. Kapitalismoaren absurdorik absurdoena.

Lekak Marokotik, laranjak Hegoafrikatik, dilistak AEBetatik, garbantzuak Mexikotik. Hemen bertan ez bazen, gertu erein eta hazten ziren elikagaiak gero eta urrunagotik datozkigu, eta batzuetan gertuko produktuak baino merkeago. Aldaketa klimatikoaz jardungo dugu, eta energia aurrezteko esango digute, automobila erabil ez dezagun iradoki. Ederto, egin beharrekoak dira horiek. Baina, bitartean, itsasontzi erraldoiak (eta hegazkin batzuk ere bai) buelta-bueltaka dabiltza etengabe, erregaia kontsumitzen, ozeanoa kutsatzen. Mugimendu horiek guztiek ez ote dute aldaketa klimatikorik eragiten? Inork ez gaitu ohartaraziko kontsumo zentzugabeak sortzen duen kutsaduraz?

Argi dago, pikota edo anpolari, gurean Gabonetako gerezi bakarrak, esamoldekoak. Zuei, amaieraraino iristeagatik, eskerrik asko, eta “Gabonetan gereziak!” erantzuten badidazue, ni pozarren!

Gabonetan, gereziak?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Gabonetan, gereziak?”-ri buruz

  • josu naberan 2021-12-27 23:04

    Gabonetan keixak!

    Apuntatu diñat esakera muin hau!

    Kontuak jota, gaur egun oso arraroa da inork GAUZA NATURALEZ hitz egitea.
    Dena don farmako, inokulazio artifizial, “artaldearen inmunitatea”…

    Eta inoiz gutti entzungo dinagu GORPUTZAREN INMUNITATE NATURALAZ, eta hori nola zaindu eta indartu…

    Gainera, inmunitate naturala merkeegia duan, Farmazeutiken negoziorako

  • Euskahaldun 2021-12-30 09:58

    Alperrik da batzuekin, haltzara fruitu bila joatea edo zumarrari garia eskatzea bezala. Tori beste esamoldea!

  • Euskal Herrian 3 milioi pertsonak egunero hiru otordu egiteko adina jaki nola produzituko dugu? Hori lortzen dugunean hasi gaitezke marokoko leken eta mexikoko garbantzuen aurka.

    Josu, inmunitate naturalaz ari zarela, ahazten zaizu duela 200 urte 60 urtera ez zela hamarretik bat baino iristen. Erdi Aroan, farmazeutika mafiosorik gabe, bizi esperantza ez zen 50 urtera ailegatzen. Aro modernoan, sendabelarrekin eta Otemotxeko amonaren jakinduria anzestralarekin hamar umetik zazpi hiltzen ziren. Aro industrialean, farmafiako medizina kriminaletara sarbiderik ez zuten langileak 35 urterekin hiltzen ziren Bilboko ezkerraldean. Horra zertan den inmunitate naturala.