Erabakitzeko eskubidea Madrilek du
Erabakitzeko eskubidea Madrilek du
Gizakumeok, gizakumeok garen aldetik, erabakitzeko ahalmena daukagu naturak emanda eta espeziearen bilakaera jakin baten ondorioz.
Ahalmen hori egunero erabiltzen dugu bizitzeak berak hala eskatuta, eta gatazka sortzen du erabakimena oztopatu edo erabakitakoa gauzatu ezin izateak.
Erabakitzea da egunero Berria leitzea eta ez Gara. Literatura euskaraz irakurtzea eta ez erdaraz. Erabakitzea den bezalaxe ondoan daukazuna ez zapaltzea eta berdinetik berdinera begiratzea, inor baino gehiago ez zarela jakinda, ez gutxiago ere. Eguneroko norberaren erabaki txiki horiek esparru kolektibo batera eramatea, sistematizatzea eta eratzea besterik ez da herri erabakimena.
Eskubidea, berriz, gaur egun erabiltzen den bezala, beste batek eman behar digun zera bat da, normalean beste hori gure gainean dagoen botere handiko izate bat da eta beti bere interesei begira jokatzen duena, eta ez halako bidezkotasun edo justizia zentzu batek bultzatuta. Legearen arabera eskubidea zertarako dugun eta errealitate gordinean benetan zer dagoen ikusi besterik ez da egin behar konturatzeko sakratutzat saltzen dizkiguten eskubide horiek agintearen interesen arabera banatzen direla eta ez norbanakoen edo herriaren beharren arabera.
Eskubidea -boterearen interesen kontra doan kasuetan bederen- eskatu eta eskatu ibiltzea da eskubide hori inoiz ez gauzatzeko egin dezakezun gauzarik onena, hor, onetsi ala ez erabakitzen duena bestea baita eta ez zu, eta zurea ukatu bitartean bestearen erabakimena ari gara aitortzen.
Sistemari bere horretan eusteko egin daitekeen lanik finena eskean ibiltzea da, haren autoritatea -eta haren erabakitzeko eskubidea- aitortu besterik ez baita egiten modu horretan. Ondorioz esan daiteke eskubide eskean ibiltzea eta erabakimena bateraezinak direla: Edo erabakitzen hasten zara edo boterearen erabakimena aitortu besterik ez duzu egingo. Erabakitzeko eskubidea daukan bakarra boterean dagoena da.
Eskubidea, horretxegatik, botereak merkatu librean eskaintzen duen produktu ezin erakargarriagoa da gauzek diren direnean segitzeko, eskubidea betiko beretzat gordetzeko.
Erabakitzeko eskubidearen eske segitzen dugun bitartean ez gara erabakitzen ari, gure erabakimena ukatu eta boterearena aitortzen ari gara. Ez gaitezen engaina, gure kasuan, hegoaldean, Madril da erabakitzeko eskubidea daukan bakarra.
Noizbait eskubide hori gauzatzeko baimena etorriko balitzaigu ere, lasai, erabakia haiena litzateke ez gurea.
Gurean, hori inoiz ez dela hala izango umeek ere dakitena da, eta horregatik Madrilekiko hitzarmena proposatzen ari diren gure agintariak, iruzurra egiten ari dira, beste behin ere.
Iñigo Urkulluri urtikaria sortarazten dion Katalunia, ez dago dagoen tokian erabakitzeko eskubidea aitortu diotelako erabakitzeko erabakia hartu duelako baizik. Eskubidea gauzatzeko Madrilen baimenaren zain egonez gero gu gauden toki berean lirateke haiek ere: Madrilen zain.
Iñigo Urkulluri urtikaria sortarazten dion CUP alderdia lege konstituziogilea egikaritzen ari den bitartean, benetako politika egiten ari den bitartean, baskongadillotako erakundeetan gure politikari profesionalok beste eskumentxo pare bat, AHTren zatiren bat, eta karguren bat edo beste negoziatzen ari dira, Madrilen jakina. Jakin beza Urkullu jaunak CUP, bertako beste herri ekimen batzuk bezalaxe, erabakimena gauzatu, hala etxe barruan nola kanpoan, 80. hamarkadatik egin duen ariketa dela, eta instituzioak izan direla ondoren, urte asko pasata, horretara etorri direnak.
Lehen esana da, eguneroko norberaren erabaki txiki horiek egituratzean dagoela koxka erabakimena herri erabakimen bihurtzeko. Hortaz, gure mandatariei urtikaria ateratzen bazaie ere, begi bistan da prozesu hori derrigorrez norbanakotik eta norbanakoen elkartetik pasatzen dela, hau da, herri mugimendutik, eta inondik inola ez beraien izatearen beraren kontrako sastakada litzatekeen Espainiatik etorritako ezein aldaketatik.
Honetara ezkero, hobe genuke Espainiarentzat eta hemengo askorentzat jostailu ezin errentagarriagoa den eskubidearen eskaera egiteari utzi eta erabakiak hartzeko unea dela erabakiko bagenu.
Edozein eskubidea indar harremanetan metatua dago. Indarraren (biolentziaren) monopolioak daukana berak inposatzen ditu eskubideak. Hemen Urkullurena aipatzen da baina kontua da aranismo osoa dagoela sumisio bidean, eta han ere, auto-proklamatzen diren ezker abertzalekoak ere marko berdinean daude.
Nahiz eta euskaraz ez egon idatzita hona hemen erreflexio bat interesagarria:
http://hamabost.net/categorias/noticias-flash/a-lo-que-decimos-si-y-a-lo-que-decimos-no/