Konfiantza ordezkatzailea, errepresaliatuak eta gu geu

Konfiantza ordezkatzailea

Komunikazio tailer batean Joseba Kamioren testu bat landu genuen, bere blogetik hartutakoa, “neurehegitik”: Sinesgarritasuna ez da nahikoa, konfiantza da gakoa“. Aste honetan, kasualitatez, berriz ere gurutzatu zait.

Tesi nagusia da politikagintzan eta herrigintzan konfiantza dela gakoa. “Mezu negatiboa bakarrik zabaltzen duen pertsonak edo taldeak jendearen sinesgarritasuna irabazi dezake, baina inoiz ez jendearen konfiantza. Arazoa ulertzen lagunduz gero jakintza aitortuko da, baina konponbiderik eskaini ezean, aio. Soluzioek ez dute zertan izan guztien gustuko, baina konponbide proposamen guztiek topatuko dute beren audientzia. Komeni da konfiantzari eta itxaropenari aukera bat ematea”.

Azken hilabeteko bi gertakizun etorri zaizkit gogora.


  • Konfiantza ordezkatzaileaErrefuxiatuen egoera larria da. muturrekoa. 2016an 5000 pertsona baino gehiago ito dira Mediterraneoan.
  • Ados, eta konponbiderik?

Begoña Uharte eta Mikel Zuluaga Greziara joan ziren, errefuxiatu talde bat jaso eta Euskal Herrira ekartzeko. Konponbidea ez da batzuen gustukoa izan (“legalitatea”…), ez da konponbide integrala, baina hautsak harrotu ditu, eta gainera, ilusioa eta emozioak eskaini. Beren ekintzak harrera zabala jaso du.


  • Konfiantza ordezkatzailea
    Arg: Hamaika TB

    Bake prozesua geldirik dago. Espainiar estatua oso eroso zegoen iraganeko egoeran.

  • Zer egin daiteke?

Luhusokoak ETA-rekin harremanetan jarri, eta gizarte zibileko kide gisa armak suntsitzeari ekin zioten erakundearen oniritziarekin. Blokeatuta zegoen egoera batean zirrikitu bat topatu eta testuingurua astintzea lortu dute, eta beraien konponbide proposamenak audientzia zabala lortu du.


Larunbat honetan Bilbon izango gara. Jakin badakigu presoen egoera muturrekoa dela, bereziki gaixo daudenena; Arantza Zuluetak badaramatzala hiru urte isolatuta; iheslari eta deportatu ugari etxera ezin itzulita dabiltzala; sakabanaketaren erruz, tamalez, pasa den urtean izan diren istripu eta zaurituen zerrenda errepasatuko dugu, eta ez, zorionez, bidean hildakoena; eta aurten, berriz ere, erruleta errusiarrean jokatu beharko dute bisitetara doazen lagun eta senideek.

Eragile ugari ari dira lanean errepresaliatuen inguruan. Bakoitzak egoera bere ikuspuntutik aztertuko du, baina proposatzen duten konponbidean dago gakoa; eta proposamen bakoitzak dauka, edo izango du, bere audientzia.

Kontua da aurreko bi egoeretan eman diren bi ekimen hauek “solteak” izan direla, ez dutela arazoa bere osotasunean konpondu ezta gutxiagorik ere, baina dena den astintzaileak, berritzaileak izan direla. Agian, talde batean ezarri daitekeen konfiantzaz gaindi, bere buruan ere konfiantza handia zeukatelako.

konfiantza ordezkatzailea

EPPK-ak honakoa eskatu zien presoen eskubideen alde daudenei: begirunea eta laguntza. Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako loturaKalera Kalera dinamikak horrela adierazi du: “Preso ohiok gure aletxoa jarri dugu. Orain herritarrek hartu behar dute lekukoa”. Hau da: herritarrak antolakundean konfiantza jarri beharrean, antolakundeak jartzen du konfiantza herrian. Baina… herritarrok ba al dugu konfiantza hori geuregan? 

Demokrazia “demokrazia ordezkatzailea” ez den bezala, konfiantza ezin da “konfiantza ordezkatzaile” bilakatu. Ezarriko dugu gure konfiantza ere antolakunderen batean, nahi izanez gero, baina batez ere geure buruan izan behar dugu. Egin dezagun lan geure herri eta auzoetan helburuak lortzea posiblea dela jakiteak ematen duen determinazioaz; errepresaliatuek ordezkatzen dutena zama baino akuilu bihurtuz, bizikleta sorbaldatik jaitsi eta pedalkadaka hasiaz. Nire uste apalean bi jarrera isolatu behar ditugu: batetik etsipena eta ezkortasun kronikoa, horiek direlako zinez sorbaldan eraman ezin diren bi zama astun; eta bestetik, arrakaletan sakontzea. Espetxe politika honekin estatuak bilatzen duen helburu nagusia askapen mugimenduan arrakalak sortzea eta sakontzea da. Ez diezaiegun utzi. Gu geu gara geure herri eta auzoetan ate ezberdinak irekitzeko bitartekorik baliotsuena; eta estatuak ziegetako giltzak dauzka, ez euskal herritarren etxeetakoak.

Sinesgarritasuna ez da aski; komeni da konfiantzari eta itxaropenari aukera bat ematea.

konfiantza ordezkatzailea
Konfiantza ordezkatzailea

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “Konfiantza ordezkatzailea, errepresaliatuak eta gu geu”-ri buruz

  • Hemendik aurrera izango den barneko panorama nahiko garbia geratu da.
    Alde batetik autonomismoa eta Espainatik ez ateratzeko paktismoaren bitartez bi indar nagusiak daude: PNV eta deitzen den ezker abertzalea. Beraz, aranismoa.

    Eta beste aldetik, hau Estatu okupatua dela eta Estatuaren desokupazioa da irtenbide bakarra lantzen ari direnak. Han dugu Nabar Estatuaren mugimendua.

    Bi jarrera guziz kontrakoak eta espero dut herri honek dagokion irtenbidea lortzea eta ez erortzea berriro enfrentamendu fratrizida batean.