EPPK-ren oharra euskal jendarteari

EPPK-ren oharra euskal jendarteari –

EPPK-ren oharra euskal jendarteari

Agiri hau idazten dugu euskal jendarteari jakinarazteko EPPK-ko kideok apirilaren 14tik 21era borrokaldi berri bat burutu asmo dugula.

Borrokaldi motari dagokionez, jakinarazi nahi dugu ere Kolektiboa ahalegin berezia egiten ari dela bere ildoa egokitzeko, bai testuinguru politiko berriari eta baita Kolektiboaren osaketa eta egoerari.

Testuinguru politikoak eta iaz burutu genuen eztabaidaren ondorioen artetik bik agintzen digute borroka motak egokitzea: batetik legeak eskaintzen dituen bideak modu eraginkorragoan ibiltzeko erabakiak; bestetik, gure ekinbidea euskal herritarrekin batera egiteko ildoak.

Abendu eta urtarrileko manifestazio handiek erakusten digute zer nolako babesa duen presoon eskubideen aldeko eskaerak euskal gizartean. Babes horren ondorioz, Frantzian mugimendu batzuk ematen hasi dira, lerro hauek idazterakoan balorazio zehatzik egiterik ez dugun arren. Tamalez, Espainia aldean jarrera immobilistak eta are inboluzionistak gailentzen ari dira. Gutako baten askatasunak sortzen duen poza agertzea ere kriminalizatu eta katakonben ilunpetara kondenatu nahiko lukete. Euskal preso politiko batek askatasuna eskuratzen duenean ordea, ez da bere kondena soilik amaitzen, bere senide eta hurkoen zigor erantsiak ere amaiera du, haur eta adinekoen sufrikarioa amaitzen da, diru eta denbora xahuketa, nekea… nola ez agertu poza horregatik?

Gure burkide Antxo zenaren aldeko ekitaldiek ere erakutsi digute zer nolako babesa dugun. Badakigu kezka hedatu dela senide eta hurkoen artean Espainia eta Frantziako kartzeletan jasaten ari garen zigorraren eraginagatik. Ez dugu ukatuko egoera premiatsua dela, Kolektiboan adineko eta gaixo larrien kopurua handia dela. Baina, jakinarazi nahi dugu ere, lehen bezala, gure gogo-bihotzak gure herriaren askatasuna lortzeko egin beharrekoan daudela.

Zentzu horretan, apirilaren 14tik 21era Kolektiboko kide bakoitzak ahalegin berezia egingo du, bere kartzela eta zigor egoeraren berri emateko herritarrei (egoera penala, bideratutako izapideak eta eskaera zehatzak, babes-beharrak eta beste), norberak bere auzo edo herriko elkarteei helaraziko die egoeraren berri, hauek egoki irizten dioten erabilpena eman diezaioten (herriko agintari eta giza-eskubideez eta presoen eskubideez arduratzen diren elkarteei helaraztea, adibidez).

Horrekin batera, kartzela bakoitzeko batzarrak erabakiko du zer nolako ekimen kolektiboa burutuko duen EPPKren eskabide premiatsuenen alde egiteko; alegia, larri gaixorik dauden eta adintsuak diren burkideen askatasuna eta guztion Euskal Herriratzea.

  • Apirilaren 14an hasiko dute Jon Parotek, Xistor Haranburuk, Jakes Esnalek eta Unai Parotek atxilotu zituzteneko hogeita bederatzigarren urtea. Beren askatasuna eskatzeko karietarat antolatuta dauden ekitaldietan parte hartzera deitzen du EPPK-k ere. Gure aldetik, beren egoera salatzeko ekimenak egingo ditugularik.
  • Apirilaren 17an, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu, ohiko ekimenak burutuz kartzela bakoitzean.
  • Apirilaren 20an, herri eta auzoetan presoon eta gure hurkoen alde antolatutako ekitaldi eta ekimenekin bat egingo dugu, aipatu bezala herritar eta auzotarrekiko gure harremana estutzen saiatuz.
  • Apirilaren 21ean, gure modura bat egingo dugu ere

“Orain presoak kalera, konponbidea, bakea, askatasuna” goiburutzat duen manifestazioarekin.

Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo eta ke, irabazi arte!

Euskal presoak Euskal Herrira!

Amnistia!

Independentzia!

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Euskal Herria bihotzean, 2018ko apirilean

EPPK-ren oharra euskal jendarteari

EPPK-ren oharra euskal jendarteari
* GARA egunkaritik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “EPPK-ren oharra euskal jendarteari”-ri buruz

  • Euskaldun bat 2018-04-16 09:04

    Hau obsesioa batzuek daukatena gizarte hitza erabili ordez jendarte erabiltzearena, bi hitzok ez daukatenean esanahi bera!

    Euskaltzaindiaren arabera:
    – gizarte 1 iz. Giza lagunartea, gizadia elkartetzat hartua; lege eta erakunde berberen azpian bizi den gizaki multzo iraunkorra. Horra gizartea, giza erlauntz hori. Gizakiak gizartearekiko dituen eginbideak. Gizarte osoaren onerako diren aurrerapenak. Eskolatik eta gizartetik baztertua dagoen hizkuntza. Euskarak familian eta gizartean duen egoera. Nekazarien gizartea. Erromatarren gizartean. Gizarte kapitalista. Gizalegeari eskerrak bizi gara gizartean. Gizarteko bizitza.

    2 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Gizarte mailak eta gizarte klaseak. Gizarte auzia. Gizarte egiturak. Giza eta gizarte jakintzak. Gizarte zientziak. Gizarte arazoak konpontzera bideratutako politika. Hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak. Gizarte segurantzari iruzur egitea.

    —————————————————————————————————————–
    – jendarte iz. Leku agerian dagoen jendea; jendea, jende multzoa. Ik. lagunarte. Utzi zuen Jainkoak bere ahaide eta jendarte guztietatik baztertua. Zergatik naramazu jendarte gaiztoetara? Jendarte nahasiak eta taberna zuloak.

    jendartean adb. Ik. jendaurrean. Kontzientzia onak agerian eta jendartean ibili nahi du. Kanpoan eta jendartean. Ez nuke jendartean horrelakorik esango.

    jendarteko adj. Ik. jendaurreko. Jesusen jendarteko bizia. Jendarteko ohorea.

    jendartera adb. Bekatu isilak jendartera agertzeko.

    jendartetik adb. Irten ziren jendartetik eta sartu ziren eremuan.