Epikaz
Epikaz –
Nora Salbotxek liburuxka aparta idatzi du euskal hezkuntzagintzaren oraingo korapiloei buruz, oraingo eta geroko troinuei buruz: askatu … edo moztu. Ti-ta irakurri nuen, arratsalde batean, baina zati hau goitik behera azpimarratu nuen. Eta blogeratzea erabaki dut:
Eta badagokigu hemen emakumeek euskararen instituzionalizazioan, euskal hezkuntzagintzan eta, beraz, herri honen euskalduntzean egin duten lanari dagokion aitortza egitea. Sarri erran izan dugu oraino ez dela euskal gatazkaren errelato feminista ahaldundurik egin, non, emakumeek -maiz euskaldunak, gazteak eta baserri giroko jatorrikoak- historia honetan izan duten paper militantea eta eskainitako konpromiso mailaren berri emanen den. Kurioski, ikastolen sorrera maiz jo izan da euskal gatazkaren garaipen handienetarikotzat, ez dago herri honen lorpen eta zuzen asmatutakoen zerrendarik non jaso gabe utziko den. Alta, nekez, adituko dugu, bertze batzuetarako gertatzen denaren pareko kontakizun epikorik. Izan ere, errelatoa eraikitzerakoan, jendarte patriarkal bati dagokion ikusmoldetik begiratu zaio hezkuntzari, maistrei, zaintzari eta, litekeenez, euskarari berari.
Eleizaldek ondorio latzak aurreikusi zituen, borroka nekeza izanen zela iragarri. Ondorio horiek ezarritako hezkuntza sistemei intsumiso izatetik etorri ziren, nazio mailako desobedientzia ariketa sasiklandestino baten artikulatzetik; lokalak bilatu, maistrak prestatu, seme-alabak bertara eramateko erabakia hartu, materialak eta finantzazio minimoa lortu, sarri lansaririk gabe lanean aritu, … hitz batean, euskal hezkuntzan militatu eta, gainetik, asmatu.
Izan ere, Emakume Abertzale Batza tarteko, erresistentzia terminoetan pentsatzetik ezarritakoari erantzun alternatiboak eskaintzera pasa zen, proiektu terminoetan jokatuz, etorkizun handikoak eta identitate berrien sortzeko gaitasuna izan zutenak, agertokia eraldatzeko, baita, urteen joanak erakusten duen gisan, estatua, boterea, mugiarazteko ere.
Ezaguna ohi zaigu nolatan Louise Michelek, maistra eta Parisko Komunako iraultzailea bera, uko egin zion Napoleon III.aren hezkuntza sisteman lan egiteari. Black Panthers ere, euren komunitateko haurren osasunaren kezkatik abiatuta, orduko jendarte hari kritiko begiratu eta ahalduntze beltzerako eskola komunitarioak sortzeko gai izan zen. Rojavako eskoletan Jineolojia -emakumeen zientzia- irakatsi dadin lortu dute hango emakumeek. Gurean ere bada aitortu beharreko une, ekintza eta izenik. Feminismoari zor diogu euskalgintzari bezalaxe. Eta zor diogu lan isil horren parte izan diren lagun orori, haur, nerabe eta ikasle gazteak barne.
Eta honen ostean, txaloa jo eta isildu. Hori baino ezin dut egin.
Epikaz