Enkartelada

Afixez jositako poltsa eta zelo-papera eman ziotenean, dardarak hartu zuen. Ondo baitzekien kartelak itsasteko abilezia eza gauza askoren seinale dela herri honetan. Gutxi direla zeloaren bi aldeak nahigabe itsatsi bitartean afixak hegan alde egiten dion gizajoarena bezain egoera patetikoak.

Aritua zen lehenago ere gazte asanblada eta halakoen ostean, auzoko paretak nola edo hala papereztatzen. Baina beti konpainian, eta bere gabeziak disimulatu asmoz, lagunari protagonismo osoa utzita. Egun hartan, ordea, bakardadean egin beharko zion aurre hiri guztia paperez estaltzeko erronkari.

kartelak

Urduritasuna ezkutatu eta poltsa soinean jarrita atera zen bertatik. Metro batzuk urrundu beharra zuen inor ezagunik begira ez izateko.  Apur bat lasaitu zenen haizeak gogorregi jotzen zuela nabaritu zuen, alferrik zela eguraldiari kontra egitea. Lotsagarri geratu nahi ez bazuen, hobe zuen leku itxi eta bareagoetatik hasi. 

Bidegurutzean ezkerrera hartu eta auzoko kalezulorik estuenean sartzea erabaki zuen. Bertan bazen aspaldi itxitako harategi bat, kartelez josia egon ohi zena. Hortxe egingo zuen lehenengo proba. 

Espero zuen bezala, asko ziren aurreratu zitzaizkionak. Harategia izandakoa goitik-behera zegoen paperez estalia, batere zirrikiturik gabe. Haietako batek aspaldi igarotako hitzordua iragartzen zuela ikusi zuen ordea. Kostata, baina lortu zuen zeloaren zapore nazkagarriari aurre egin, eta hortzekin pare bat zati moztea. Afixa jartzaileen gremioaren kode deontologikoak halakoak onartzen dituelakoan, zaharkituaren gainean jarri zuen berea, pozez. 99 geratzen zitzaizkion soilik. 

Ez zirudien haizeak su-etenik egiteko asmorik zuenik, eta ez zituen kale estuetan kokatutako harategi abandonatu gehiago gogoratzen. Lotsa gainditu eta tabernetan ahalegintzea zuen onena. Errazenetik hastea erabaki zuen, kuadrilako lagunaren tabernazulotik. Ez zen uste bezain erosoa izan, hala ere. Kafesnea ordaindu eta hiru bider “mesedez” ahoskatu ostean soilik lortu zuen lokal ilun hartako txokorik ezkutuenean, eta hala moduz, afixa itsasteko baimena. 98 geratzen zitzaizkion.

Zorteak ez zuen lagundu gainontzeko tabernetan ere. Ordu erdi eskasean hamabi ezezko pilatu zituen. Karga pisutsuegia hasiberri amateur lotsatiarentzat. Ez zuen izan hamahirugarren saiakera egiteko adorerik.

….

Giro atseginagoaren bila kultur etxeetara jotzea otu zitzaion. Bertan akaso baimenik eskatu gabe ere topatuko zuen afixak jartzeko lekurik. Lehenengoan, sartu bezain pronto idazkariak bere asmoak antzeman zituen. “Kartelak jarri nahi badituzu, laugarren pisuan badago horretarako gune bat, baina beste toki guztiak soilik udalak antolatutako ekimenentzat dira. Ez saiatu bertan itsasten, egunero begiratzen ditugu-eta”. Etsita egin zuen eskilaratan gora. Laugarren pisu hura Ikatz kalea igande goiz baten baino hutsago zegoen, erdi-ilunpean. Pasilloaren beste muturrean bistaratu zuen afixak jartzeko txoko ñimiñoa. Txintxetak bazeuden, behintzat. Ez zuen zelo-paperarekin malabarerik egin behar izan. 97 geratzen zitzaizkion.

Aukera baliatuta pilatua zituen ezinegona eta haserrea kultur etxeko komunean behera botatzea erabaki zuen. Etsipenak hartu zuen komun-ontzian esertzerarekin batera. Egun erdia joana zitzaion ordurako, eta afixen %3a besterik ez zuen itsatsi. Batere arrakastarik gabe saiatu zen kalean, tabernetan, kultur etxeetan… Ez zitzaion besterik bururatzen.

Lau urtez komunikazio ikasketak eginda ezer gutxi ikasi zuela aitortzen zuen. Baina ez ote zen kartel gutxi batzuk jartzeko toki aproposena aurkitzeko gai izango? Toki estrategikoa behar zuen izan, baimena eskatzera behartuko ez zuena, haizerik gabekoa, parean jarriko zenaren arreta bereganatzeko modukoa…

Orduantxe egin zuen oraindik ere harrotasunez betetzen duen aurkikuntza. Eginbeharrak lasai egitea gustuko dugunon herri honetan, ba al da afixak jartzeko leku hoberik komun-zulo pareko atea baino? Barruko erropa jantzi ere egin gabe itsatsi zuen irmotasunez laugarrena, eta berdin egin zuen kultur etxe hartako gainontzeko komun guztietan ere. 

Dardarak, etsipena eta lotsa ahaztuta, berriro igaro zen ezezkoa eman zioten 12 taberna haien komunetatik, eta kartelez josi zuen banan bana kultur-etxe, liburutegi eta unibertsitateetako kakodromo oro, bakar bat bera ere geratu ez zitzaion arte.

Estrategia erabat arrakastatsua izan zela kontatzen du orain. Pozez zoratzen zirela poltsa eta zelo-papera eman zioten haiek. Ezin esan egia denik, ordea. Ez baitigu argitu nahi izan udal hauteskundeetarako boza eskatzeko azken saiakera edo igandeko kontzertua iragartzeko afixak ote ziren.

(Euskadi Irratiko Arratsean saiorako prestatutako testua)

NIRE KONTRA ESANAK