Eman bidea osasuna eta adostasunari
“Eman bidea osasuna eta adostasunari” lelopean manifestaldia deitu da Donostian gaurko, errausketaren inguruan eztabaida sosegatu baten aldeko eskaria egiten duen Gurasos taldearen eskutik, eta ekimenari atxikimendua agertu dio gipuzkoar gizarteko hainbat aurpegi ezagunek; azpiko bideoan dituzuen Errealeko jokalari Imanol Agirretxek eta Asier Illarramendik, besteak beste.
Aipatutako bi kirolariez gain Garbiñe Biurrun epaileak, Gorka Otxoa aktoreak edo Arantxa Urretabizkaia idazleak ere beren kezka agertu eta antzeko galderak egiten dituzte:
- Zein berme dugu erraustegiak osasunarentzako kalterik ez dakarrela esateko?
- Ez dugu merezi adituek emandako informazio osatua eta egitasmoari buruzko eztabaida sanoa?
Askok baietz uste du, hondakinen kudeaketa gure esku dagoela. Horregatik bide orri bat proposatu da, egoerari buelta emateko. Gipuzkoako Foru Aldundian mahai sozial bat sortzea eta Hondakinen Kudeaketarako Plana berrikustea eskatu zaio. Baita hilabete barru egitekoa duten lizitazioa geldiarazteko ere.