Emakumeak irradakan dantzan

Emakumeak irradakan dantzan –

Kattalin Agerrek Dantzan atarian.

.

Emakumeak, borobilean, elkarri eskutik heldu, kantuan eta dantzan. Batasun eta dantza irudi eder hori ikusi da martxoaren 8ko zenbait ospakizunetan azken urteotan. 2018an Iruñean ikusi zen lehen aldiz; 2019an Eibarren ere dantzatu zen irradakan; 2020an Beasainen ere dantzatuko dira emakumeak borobilean.

Kreis tanzen (Dantza borobilean), Franz von Stuck, 1910.

Irradakaren indar zentripetua

Borobila forma sinple bezain indartsua da. Taldetasuna, batasuna, elkartasuna pizten da zirkuluan. Zer esanik ez borobil hori elkarri eskuak emanda sendotzen denean. Eskua eskuarekin, azala azalarekin, bakoitzak bere albokoekin ukitze fisiko horrekin, gorputzen kontaktuaren berotasunarekin, keinu sinple horrekin borobil osoa lotu eta norbanakoak konektatuta taldearen batasuna gailentzen da. Elkarri begira, guztion aurpegiak, begiak eta begiradak barruan dira, eta eskuen sareak ixten du zirkulua, babes eremua, espazio propioa, gure gunea.

.

Gorputzen iraultza dantzan

Borobilean, eskutik elkarri helduta, dantzan eta kantuan. Ezin banaiz dantzatu hau ez da nire iraultza. Dantzan ari naizenero ari naiz gorpuzten iraultza. Gorputzaren bidez, gorputzean eta gorputzetik aritzen gara dantzan; eta gorputzaren kontzientzia eta zientzia sakontzen zaigu dantzan. Dantza eta kantua partekatzeak hunkitzen gaitu eta emozioak elkarrekin askatzean sortzen den batasun aireak ahalduntzen gaitu.

Emakumeak dantzan, 2016.

.

Mundu bat irradakan

Irradakan dantzatzeak daukan indar berezi horren erakusgarri da mundu zabalean hainbat kultura eta garai historikotan dantzatu direla eta dantzatzen direla emakumeak. Dantzarako egitura zaharranetakotzat jotzen da borobila, komunitateen erritualetan, ezteietan eta suaren inguruko zeremonietan ohikoa. Alemanian, X. mendetik dira horren testigantzak, Reigen izenarekin maiz. 1577. urtean, Salomon Schweigger bidaiariak ezteiak ospatzen ikusi zituen Grezian, borobilean, eskuz esku lotuta dantzan eta kantuan ari zirela.

Emakumeak irradakan dantzan
Greziar emakumeak dantzan, margolana.

Hora edo horo esaten zaie Balkanetan; kolo Serbian; Kalamatianos eta syrtos Grezian; Kataluniako sardana ere tankera honetako dantza da; an dro deritze bretoiek; dabke izenarekin ezagutzen dute Libano, Siria, Palestina, Jordania edo Turkian; khigga deritze asiriarrek eta kochari Azerbaijanen eta Armenian.

Emakumeak irradakan dantzan
Bosnian, nekazariak irradakan dantzan, XX. mendea haiseran. Irudia: Snapshots Of The Past.

Asian, Himalayaren ipar-ekialdean, Tibeten, toeshey deritze Lhasa eskualdean egiten dituzten kantu eta dantzei. Musikariak eta abeslaria aurretik dituztela, emakumeak elkar besotatik helduta dantzan eta kantuan aritzen dira. Borobilean egiten diren dantzei gorshey esaten zaie, ‘gor’ borobila baita eta eta ‘shey’ berriz dantza.

.

Hego Amerikan, bertako indiarrek berezko dantza-formatzat zituzten borobilean, kantuz eta dantzaz egiten zirenak. Argentinan, Chacon, Guaycuru kulturako Toba eta Mocovi komunitateetan borobilean dantzatu diren indiarrak. Silvia Citro eta Adriana Cerletti antropologo dantzariaren esanetan, kolonizatzaileen bikote dantza-ereduen aurrean, indiarrentzat, borobilean egindako kantu-dantzak beren identitate aborigenaren sinbolo bihurtu ziren.

Emakumeak dantzan Sobietar batasunaren 1971ko zigilu batean.

Hain zuzen ere Hego Amerikan, Txilen eta Argentinan bereziki, ugaritzen hasi dira azken urteotan borobilean dantzatzeko batzen diren emakumeen bilkurak. Borobilean, elkarri eskuak emanda, dantzan eta kantuan aritzeak sortzen duen ahizpatasun eta batasun sentipen indartsu horrek dantza zirkularren saioen ugaritzea ekarri du munduko hainbat tokitan. 2015. urtean Israel eta Palestinako emakumeak zirkulu berean elkarrekin dantzatzeko ekimena jarri zen martxan.

Andrea di Bonaiutoren margolana, Florentziako espainiarren kapillan, XIV. mendean egindakoa.

.

Euskaldunak irradakan

Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiak ‘irradaka‘ edo ‘irraidaka’ hitzaren esanahia borobilean dantzatzea dela dio. Baditu beste adiera batzuk ere: haria iruten egiten den soinua (Eskutik irradaka ari-zuntza ateraOr Leitz 37.), inguruan ereitea (Irradaka ereiten / azi orail-txuri. Zait Gold 16.) edo radiazioak zabaltzea. Adiera horiek jaso zituen Resurreccion Maria Azkuek, eta dantzari buruz honela zioen: “IRRAIDA (B-mond), baile en circulo dándose las manos: ronde, danse circulaire où l’on se tient par la main.” eta “Irraidaka (B-mon), bailando en circulo, dansant en rond.”.

Otsagabia: emakumeak borobilean 1900 inguruan
Otsagabia, XX. mende hasiera. Baionako Euskal Museoa.

Euskal dantzetan, irradaka ezagunena gaur egun Urdiaingo kantaita izan daiteke, ekainaren 23an, San Juan bezperan egiten dutena herriko neska gazteek. San Juan baselizaren aurrean, elkarri eskuak emanda eta zirkuluan, eskuak gora eta behera erritmikoki dantzatuz kantatzen dituzte kantaita osatzen duten koplak. Azkuek eta Jose Maria Satrustegik 28 kopla bildu zituzten. Koplen kantatzea soroen emankortasunari aldarri egiten dion esaldia oihukatuz bukatzen dute: “Orain arte belar, hemendik aurrera gari!”.

.

San Juan Kantaitaz gain, Juan Antonio Urbeltzek aipatzen du bazirela beste bi erritual Urdian eta Altsasuko lur-mugetan aurkitzen den San Pedro ermitan ospatzen zirenak. Maiatzeko Pazkoetan egiten zen bat eta San Pedro egunez bestea.

Ukrainar neskak dantzan (1900 inguruko irudia) Alkis Raftis-ek sareratua.

Beste irradaka ezagun bat txulalai da. Arabako Guardia herria osatzen duten lau udalerrietako bat den Paganoseko ohitura da txulalai. Joaquin Jimenezek horri buruz egindako lanetan aipatu zuen borobilean, elkarri eskuak emanda, kantatzearekin batera dantzatzen zela, eskuak igo eta jaitsiz eta oinekin aurrera, atzera eta alboetara urratsak eginez. Kantatzen ziren hitzen artean honako pasarte hau jaso zuen Jimenezek, adibidez: “Navaridas se quema, Paganos llora / las chicas de Laguardia se ríen solas”. 

Emakumeak irradakan dantzan
Txulalai dantzatzen Guardian, 2019an. Argazkia: Jose Miguel Rodriguez.

Araban bertan, Arraia-Maeztun, San Adrianen kofradiaren baselizan, San Adrianen dantza egiteko baimena izaten zuten herritarrek Joaquin Jimenezek jakin zuenez. Borobilean eta elkarri eskuak emanda antolatzen ziren, eta kantuz aritzen ziren dantzan. Baztango maiatzeko erreginen dantzak ere irradakak dira, borobilean, kantuz eta eskuekin eta hankekin lagunduz egiten baitira.

.

Argiaren irradakak

Dantzatu ahala abesten ziren doinuak eta kantu-koplak baliatuz, zenbait irradaka birsortu ditu azken hamarkadetan Argia dantzari taldeak. Jaurrietako axuri-beltzak dagoeneko bazuen eredu horren zantzurik, eta besteak beste Irradaka izena eman zion 1987an eskaini zuen ikuskizunari berari, bertan dantzatzen baitzen Azkueren kantutegian jasotako zenbait kanta, emakumeek eta borobilean gorpuztuak. Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan izan zuen jarraipena irradaka horrek, Baninduaien kantatzera, Agure zar-zar batek, Andria alargune, Batean zutik eta Haurra begira ezazu kantak bitzen zituena, eta hori bera da Dantza filman ageri dena.

Argazkia: Iñaki Zugasti.

Emakumeak irradakan dantzan
Irradaka, Dantza filma, Telmo Esnal, 2018.

Argiaren azken ikuskizunean, Martin Zalakainen ere bada emakumeen irradaka dantza bat, Atzo goizean doinua kantatuz eta dantzatuz egiten dena.

Irradaka, entsegua, Martin Zalakain, Argia dantzari taldea, Elgoibar, 2020-01-18. Argazkia: Ekaitz Zilarmendi.

.

Irradakak plazarik plaza

Azken urteotan zenbait plazatarako ere sortu dira irradakak, hala nola, Iruñeko Aldapako San Ferminen ezpata-dantzaren bukaera irradakan ospatzen dute ezpata-dantzariek eta ikusleek, eta halaxe egiten da Biarritzeko San Martin ezpata-dantzan ere. 2018. urtean, 100 alargunen dantza egin da Bermeon, 1912ko abuztuan gertatutako galernak eragindako itsas-hondamendi eta heriotzak gogoratuz egindako kanta-dantza, Thierry Biskari Manezen doinua, Uxue Alberdiren hitzak eta Patxi Labordaren koreografikarekin.

100 alargunen dantza. Thierry Biskari “Manez”-en doinua, Uxue Alberdiren hitzak eta Patxi Labordaren koreografikarekin Bermeon dantzatutako irradaka 2018. urtean.

.

Iruñeko Martxoaren 8ko irradaka

2018ko martxoaren 8an, eskutik helduta eta dantzan ospatu zuten Iruñean mugimendu feministak deitutako greba eguna. Iruñerriko hainbat dantza taldetako emakumeek eguerdian Sarasate pasealekuan dantzatu zuten ekitaldirako atondutako irradaka, Atzo goizean doinuan oinarriturik.

.

Urtebete beranduago, 2019ko martxoaren 8an, Eibarren ere irradakan dantzatu ziren Emakumearen eguneko ospakizun eta aldarrikapenean. Arragueta kalian herriko kanta ezagunaren doinua eta O bella ciao iraultzailea baliatu zituzten Untzaga plazan egindako irradaka jendetsuan.

.

2020ko martxoaren 8rako Beasainen esku-dantza irradakan egiteko deialdia egin dute. “Borobilean eta eskutik helduta dantzatzea oso indar handiko irudi eta sinbolo unibertsala da, egun horretarako egoki egiten duena. Oso erraza eta edonork egiteko modukoa!” diote deialdian.

.

Azaleko margolana: Henri Matisse margolariaren Dantza (La Danse) lana, 1909.

Emakumeak irradakan dantzan Emakumeak irradakan dantzan Emakumeak irradakan dantzan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Emakumeak irradakan dantzan”-ri buruz

  • Ederra artikulua eta ederra dantza! Espero dut gaizki ulertutako parekidetasunaren sukarrak ez hondatzea, Baztango mutil-dantzekin gertatu den bezala.