Elkarretaratzea ikastetxeetan eta Hezkuntza Departamentuan

Elkarretaratzea ikastetxeetan eta Hezkuntza Departamentuan –

Gaur, martxoaren 26an, guraso talde bat Hezkuntza departamentuaren aurrean bildu da Carlos Gimeno kontseilariari azaroaren 9ko, 106/2023 Foru Aginduaren aplikazioan atzerapauso bat emateko eskatuz; izan ere, hainbat ikastetxeetan, familien gehiengoen bozkak jardunaldi jarrairako hautua egin duten arren, jardunaldi zatituan gelditu beharko dute. Goizean ere, beraien ikastetxeetako atarian elkartu egin dira kasu aunitzetan, irakaslegoaren babesarekin.

Elkarretaratzea ikastetxeetan eta Hezkuntza Departamentuan
Arg: Bru-nO

Gogora ekarri behar da, pandemia garaian, Gobernuak jardunaldi jarraia inposatu zuela Nafarroako ikastetxe guztientzat. Hurrengo bi ikasturteetan, jardunaldi moten aukeraketa arautuko luken legea prestatu bitartean, modu probisionalean eta urtez urte, ikastetxe bakoitzak eta familiek jardunaldia bozkatu behar izan zuten. Azkenik, Gobernuak, azaroaren 9ko 106/2023 Foru agindua atera zuen jardunaldi jarraian egon nahi zuten ikastetxeei bozkaketa prozesu batean parte hartzera behartuz. Honek, alde ilun dexente izan ditu bere garapenean eta horien artean, jardunaldi jarraia izan nahi zuen ikastetxeak, erroldatutako familien bozken %60 lortu behar zuela izan da. Etxalarren kasuan, adibidez, 18 bozka zatituaren aldekoak izan ziren eta 34, ia bikoitza, jarraiaren aldekoa baina ez da nahikoa izan jardunaldi jarraia lortzeko. Garesen 186 bozka aldaketaren alde izan dira eta 80 kontra, baina errolda kontuan hartu behar zenez, ez dute jarraia lortu. Hauek dira adibide batzuk. Gainera, garraioa partekatzen duten zenbait ikastetxetan, bakoitzari, bere aldetik, gehiengo kualifikatu hau ateratzea eskatu zaio jardunaldi jarraia lortzeko. Orkoien (San Miguel eta Auzalar) eta Berriozarko (Mendialdea I eta II) eskolak honen adibide dira eta nahiz eta bietan gehiengoa lortu eta haietako batean %60 ere pasa, baldintza hau ez betetzeagatik, jardunaldi zatituan gelditzera behartuak izango dira.

Elkarretaratze honetan, gehiengo argi batek jardunaldi jarraia hautatu duen arren, Hezkuntza departamentuak jardunaldi zatitua izatera behartuko dituen familiak daude; gainera, Foru Agindu honek, erabaki hau datorren 4 ikasturteetarako luzatuko du, injustizia handituz. Ikastetxe hauetako familiak dira: Patxi Larrainzar, Bernart Etxepare, Etxalarko Landagain eskola, Lesakako Irain eskola, Baztango Amaiurko eskola, Gares, Zubiri, Orkoiengo San Miguel eta Auzalar eskolak, Berriozarko Mendialdea I eskola, Zizurko Catalina de Foix eta Erreniega eta Mutiloako San Pedro eta Irulegi ikastetxeak.

“Foru agindua publikatu aurretik eta Nafarroan 17 urtez jardunaldi jarraia modu esperimentalean ikertu ondotik, Hezkuntza kontseilariak, Carlos Gimenok, aipatutako gehiegizko portzentaia horiek aldatuko zituela hitz eman zuen, bertze baldintza injustu batzuen artean. Legebiltzarkide gehienek ere hauxe eskatu zuten, baita sindikatuek ere baina Gimeno eta bere taldeak, errandakoari kasurik egin gabe, dekretazoa eman dute. Nafarroako 170 ikastetxe publikoetatik, 158k aldaketa prozesua irekitzearen alde egin genuen eta hauetatik, soilik 20k ez dugu lortu eskatzen zen erroldatuen %60ra iristea baina bai bozken gehiengoa. Nola uler daiteke horrela izanik, gure seme-alabek hau pairatu behar izatea eta gainera 4 ikasturtez?” aipatu dute familiek.

Gainera, hauetako familia aunitz Hezkuntzako hainbat ordezkarirekin elkartu dira gai honen inguruan hitz egiteko eta gutxietsiak izan dira. Halakoa da sentitzen duten inpotentzia eta frustrazioa, hainbat parlamentarirekin biltzen hasi direla, Arartekora ere joan dira eta injustizia honek aurrera egin ez dezan, jo beharreko ate guztiak joko dituztela aipatu dute. Bitartean, garbi dute kalera aterako direla eta hau komunikabideetan salatzen jarraituko dutela.

“Bozketa justu eta demokratiko baten alde” lemapean, familiak borrokan segituko dute eta indarrak bilduko dituzte, diotenez, beraien seme-alabentzat hoberena dena eskatuz eta gehiengoaren bozkak errespetatzeko aldarrikatuz.

Elkarretaratzea ikastetxeetan eta Hezkuntza Departamentuan  Elkarretaratzea ikastetxeetan eta Hezkuntza Departamentuan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude