Elkarlanean, euskal hezkuntza

Elkarlanean, euskal hezkuntza –

Hezkuntzak berebiziko garrantzia du norbanakoaren eta herri baten garapenean eta kohesioan. Horregatik hezkuntza lehentasun soziala izan behar da, eta beharrezkoak dituen baliabideak eta inbertsioak jaso beharko lituzke. Baina ez da horrela.

Elkarlanean, euskal hezkuntza

Ikastetxeetan egunero-egunero lanean ari direnek oso argi eta erraz identifikatzen dituzte sistemarengabeziak. Baliabide, diru eta langile falta, norabide argi baten falta, aldaketa sozialei egokitzeko eta erantzuteko ezintasuna, burokratizazioa eta zentralizazioa, hezkuntza sistemaren zatiketa eta sare ezberdinen arteko ika-mika… Arazo eta gabezia horiek guztiek ondorio larriak dituzte: segregazioa, eta gizarte kohesioan arrakalak, euskalduntzean moteltzea, sexu-genero desberdintasun zein indarkeriari aurre egiteko ezintasuna, herrialdeen arteko distantzien handitzea, ikasleen behar emozionalen zein osasun mentalaren okertzea, naturarekin harremantzeko eta egokitzeko zailtasunak…

Behar eta erronka horien aurrean, asko izan dira eta dira euskal hezkuntza sistema hobetzeko eta eraikitzeko bidean norbanako, guraso, ikasle edo irakasle taldeen bidez zein herri ekimenez egindako ahaleginak. Ondorioz, Euskal Herrian behar eta erronka ezberdinei erantzuteko modu eta tradizio ezberdinak sortu dira. Horrela, hainbat ikastetxe, oso egoera ezberdinean dauden eta behar handiak dituzten ikasleen hezkuntza eskubideak bermatzeko, behar duten hori emateko, proiektu pedagogiko berriak garatuz erantzuna emateko saiakeran dabiltza egunero. Ikasleak (zein irakasleak) euskalduntzeko ehunka dira pilatutako proiektuak eta esku-hartze pedagogiko esperimentalak. Horietako askok ikastetxeen mugak gainditzen dituzte. Euskal ikasleek behar duten curriculuma eta materiala sortzen, garatzen eta aplikatzen ere esperientziak askotarikoak dira. Euskal Herria erreferentea da saretze eta ezagutza fisiko, kultural eta politikoa lantzen eta materiala sortzen, estatuen curriculumetatik harago. Ikastetxez ikastetxe joango bagina, ikusiko genuke guztietan badagoela zer ikasi eta zer konpartitu.

Azken hamarkadetan sistema hobetzeko eta euskal hezkuntza propioa eraikitzeko bidean emandako urrats guztiak aintzat hartuz, gure ustez momentu honetan EAEtik abiatuta beste urrats bat emateko aukera dago. Elikatu dezagun elkarlana eta ez konfrontazioa. Herritar gehienok egungo zatiketa sozialaren arriskuak gainditu (sare ezberdinak, heziketa eta aukera desberdinak…), hezkuntzaren dualizazioa atzean uzteko neurriak hartu, eta biztanleen herri identitatea eta kohesioa lortu nahi ditugu. Hezigune bakoitzak bere berezitasunak izango baditu ere, hezkuntza eskubideak aintzat hartuko dituzten ikasguneak nahi eta behar ditugu. Konbentzituta gaude elkarlan markoak sortuz gero, Euskal Hezkuntza Zerbitzua edo Udaletako Hezkuntza Kontseiluak izan daitezkeen gisan, prozesuak berak publikotasun eredu berri batetara eramango gaituela. Indartsuagoa eta zabalagoa. Horizontalagoa eta autonomia handiagoarekin. Hezkuntza komunitateen erabakitzeko ahalmen handiagoarekin.

Horretan ari dira Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan. Helburu amankomunen bila, sare eta eragile ezberdinen artean elkarlanean. EAEn ere, herri askotan ikastetxe ezberdinen arteko elkarlanaz ateratzen dira aurrera proiektu konpartitu asko. Elkarlan horrek berak laguntzen du elkarrenganako konfiantzak sortzen, indartzen eta hortik urrats sendoagoak ematen. Teorian, EAEn baldintza sozial eta politiko hobeak ditugun tokian, ez gara gai izango elkarlan hori maila altuago eta eraginkor batetara eramateko?

Une honetan mahai gainean dagoen lege aurreproiektuak ez du inor konbentzitu, baina, aipatutako guztiagatik, beharrezkoa dugu lege on bat eskuratzea. Ezin gara dagoenarekin konformatu. Eta ezin gara konfort egoeratan jauzi. Gure arteko ika-mika antzuetan ibiltzea geure buruari onartu ezin diogun luxu bat da. Denok gaude inplikaturik, denok gara beharrezkoak, denok mugitu behar dugu, etorkizuna ari baikara prestatzen. Elkarlanean bultza dezagun Euskal Hezkuntza. Edo berriro diogu, ez gara gai izango elkarlanean aritzeko?

Asier Etxenike eta Mikel Belar

Hezkuntza Plazara-ko kideak

Elkarlanean, euskal hezkuntza Elkarlanean, euskal hezkuntza Elkarlanean, euskal hezkuntza

Soziologoa @Etxenike_