Elkano berriz ere ‘Nao Victorian’ itzuli da
500 urte inguru itxaron behar izan du Getariako herriak, berriz ere, Nao Victoria untzia herriko portuan aingura botatzen ikusteko. Atzo iritsi zen Joan Sebastian Elkano bere itsasgizonekin, munduari bira emanda. Itsasuntzitik jaitsi eta, hainbeste maite duen Getariako lurrari musua eman ostean, Santiago Deuna elizarantz abiatu zen bere mariñelekin. Bertan, Antiguako Amabirjiñari eskerrak eman zioten, bidaian jazotako ezbeharretatik onik ateratzen lagundu izanagatik.
Elizatik elegante atera eta Elkanoren omenez eraikitako monumentura joan ziren, erregearen ohore aitorpena egitera. Jendeak txalo artean hartu zuen monarkak egindako omenaldia eta ekitaldia Gudarien Enparantzan amaitu zen Udalbatzakoek eta herritarrek Gora Elkano! ereserkia abesten zuten bitartean.
Balentria bat omentzeko
Aurten Getariako hiribilduak 800 urte bete dituenez, antzezlan berezia egin dute Sevillatik Nao Victoria untziaren erreplika ekarriaz. Horrez gain, Elkano omentzeaz gain, berarekin joan ziren gainontzeko mariñelak ere oroitu nahi izan dira.
Bost untzi atera ziren 1519an Sanlucar de Barramedatik (Andaluzia, Espainia) eta 1522an horietatik soilik Elkanorena itzuli zen berriz portura. Gainera, joan ziren 265 itsasgizonetatik soilik 18 geratu ziren bizirik. Batek jakin zenbat eta zer nolako abenturak igaro zituzten, hamaika itsaso zeharkatuz, munduari bira eman ziotenean…
Balentria hori omentzeko antzezten dute lehorreratzea Getariako herritarrek. Atzo egun berezi eta hunkigarria bizi zuten, herrian Joan Sebastian oso gizon maitatua izan baita beti eta atzo lehen aldiz Zarauzko ontzioletan eraikitako Nao Victoria originalaren erreplikan itzuli baitzen. Han izan ziren instituzio ezberdinetako kideak; hala nola, Andoni Aristi herriko alkatea, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Aintzane Ezenarro Aralarreko parlamentaria…
Ertzaintzarekin istiluak
Antzezlana hasi baino ordu batzuk lehenago Harralde taberna parean istiluak izan ziren Ertzaintzak presoen argazkiak kendu zituelako; herritar bat identifikatu zuten eta beste hainbatek zauri arinak izan zituzten poliziaren oldarraldiaren ondorioz.