Elkano, heroia edo bilaua? Ospatu ala lotsatu?

Elkano, heroia edo bilaua? Ospatu ala lotsatu? –

Amatiñok bere blogean.

Kultura eta gizarte guztietan dira gainditu beharreko mitoak eta tabuak. Segurutik ez dago iragana idealtzerik baina, aldi berean, ezta iragana egungo iritziez eta balioez epaitzerik ere. Historiaren interpretazio objektiboak, informazioaz gainera, garaien araberako mailaketa behar du.

Elkano, heroia edo bilaua? Ospatu ala lotsatu?Mundu Biraren V. Mendeurrenaren inguruan, Axier Lopez kazetariak bildu du “GURE HEROIAK. Elkanoren eta Euskal Herriko Kolonialisten historia bat” (Argia, 2022), oro har hiru partetan berezia.

Lehen partean gogorarazi nahi izan du, XV. mendetik XIX. mende arte Espainiaren interesen faboretan jardun ostean kale-izenen bat “merezi” izan duten gizon-emakume eta erakunderik gehienak, konkistan, kolonialismoan, militarismoan edo esklabotzan aritutakoak direla, Elkano, Loiola, Ertzilla, Okendo, Jauregiberry, Irala, Zumarraga, Erauso, Iradier, Legazpi, Lertsundi, Mazarredo, Txurruka, Urdaneta, Urtsua, Lezo eta abar luze-luzea, kasu, eta Caracasko Gipuzkoar Konpainia, Euskalerriko Adiskideak, Bilbo koloniala eta Baiona inperiala tarteko.

Bigarrenean, “Lehen mundu biraren testuinguru historikoa: Modernitatearen eta kapitalismoaren sorrera” delakoan, Kolon Ameriketara heldu osteko mundualizazioaz, Magallanes-Elkanoren bidaiaren eraginez areagotutako prozesuaz eta espainiar inperioaren zerbitzura jarri izanak Elkanori erakarri zizkion etekinez.

Hirugarrenean, berriz, Mundu Biraren V. Mendeurrenaren inguruan egituratu (omen) den klixe eta justifikazio sorta eta, azkenik, orain arteko diskurtsoari nolabaiteko bira eman beharra.

.

Presentekeria historikoa

Besteak beste, saiakera honen muinean dago historialarien arteko “presentekeriaren”  gaineko eztabaida. Alegia, zenbateraino ote den zilegi iraganeko gertakariak egungo irizpideez eta balioez epaitzea. Datuak ezkutatu ez, jakina, baina zelan ahalik eta objektiboen interpretatu?

Honek ez dio iraganari bularik ematen, baizik eta historiaren mugimenduen mailaketa zehaztu beharra eskatzen. Esaterako, guztion banakako eskubide besterezinak Ilustrazioaren ondorengoak direnez gero, ezin berdintzat jo inor hiltzea XX. mendean edo XVIII.ean. Baina, haatik, berdintsu samar-edo, XIX. mendean eta XXI.ean, mendebaldeko demokrazia liberaletan behintzat. Beste modu batez esanda, ez dira alderagarri Hernán Cortések XVI. mendean azteken artean egindako sarraskiak eta Australiako parlamentuak bertako aborigenei, XX. mendearen hasieran, legez ezarritako mespretxu eta gutxiespenak. Ez gero tronpatu, ez gauzak nahas: Cortés espainiarra, bere zorakeria basatian,  ez zen supremazista izan; Australiako politikari anglosaxoiak, euren gutizia finean, ostera, bai.

Nago, presentekeria historiko latzean erortzen dela Axier Lopez, adibidez, Blas Lezo almiranteari leporatzen dionean Espainiako Ondorengotza Gerran, borboien alde eta austriarren aurka,  Bartzelona bonbardatu izana; edota Iñigo Loiolakoari muzin egiten zaionean, Gaztelaren alde eta Nafarroaren aurka jardun zuelako. Presentekeria  den bezalaxe aditzera ematea, esaterako, Nafarroak askatasuna galtzen ziharduen bitartean, Elkano aberastu egin zela. Eta, azkenean, presentekeria hutsa baino ez dela,  Donostiako Colon pasealekua izenez aldatze aldera, trukean, Berta Caceres Hondurasko aktibista ekologistaren izenaren proposamena.

Jakineko datu pila biltzen duen liburu interesgarria izan arren,  tamalez, Axier Lopez kontalariari lar tiratzen dio ideologiak. Zilegi zaio, noski, baina pasadizo berberak zuhurrago agertu izan balitu, sinesgarriago azalduko zatekeen. Eta sinesgarritasuna, historia kontuetan, zaindu beharreko altxorra da.

Seguru gero, historiak erromantizismo gutxiago, informazio zehatz gehiago eta interpretazio kritikoago behar duela. Baina kritikaren kritikaz –eta egungo ideologia ezkertiar jakinekoaz–, azken balantza baldin bada Elkano, espainiar inperioaren zerbitzura arima saltzeaz gainera, genozidioarekin, kolonialismoarekin eta esklabotzarekin bat egin zuen getariarra izan zela, eta, hartara, ez dagoela ezer ospatu beharrik, lotsatu baizik, orduan… orduan arazo larria dugu.

Arazo larria, bai, aldi berean getariar guztiek pasatu beharko bailukete historiara*, baleak suntsitu zituen batere sentimen ekologistarik gabeko giza-espezie harrapakari gisa eta, hasteko, lotsaren lotsaz, Getariako harmarria aldatu beharrean.

—oo0oo—

*Ez naiz ezer asmatzen ari. 1994ean, Zirkulu Polar Artiko ondoko Iqaluit herrixkan, bertako inuitak abertzaletasun elektronikoaz elkarrizketatzen niharduela, nongoa ote nintzen galdetu zidan solaskideak: “Basque”, erantzun nion. Eta hark bergaldetu: “Basque? Balearik gabe utzi ginduztenetakoa?”.

Elkano, heroia edo bilaua? Ospatu ala lotsatu?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude