[Simone Weil] Erroztamendua XXXIV

[Simone Weil] Erroztamendua XXXIV –

Gaur oraindik Jainkoaren kontzepzio erromatarra egoiten da, Maritain baten ezpirituan bezala.

Maritainek idatzi du: «Eskubidearen nozioa sakonagoa da obligazio moralarena baino, zeren Jainkoak eskubide soberanoa baitu kreaturen gainean eta ez du obligazio moralik haiei buruz (nahiz eta, bere buruari zor dion haiei emaitea haien izaerak eskatzen duena)».

Erroztamendua XXXIV

Ez obligazioaren nozioa, ezta eskubidearena ere ez zaizkio egokitzen Jainkoari, baina eskubidearen nozioa bestea baino infinituki gutiago. Izan ere eskubidearen nozioa da ongi aratzetik infinituki urrunagoa. Ongia eta gaizkia nahasten dira bertan; zeren eskubidearen jabetzak inplikatzen baitu erabilpen edo on edo tzar egiteko aukera. Aitzitik obligazio baten buruketa beti ongi bat da baldintzarik gabe eta ikusmolde guzietatik. Horregatik 1789ko jendeak erru hain hondagarria egin dute eskubidearen nozioa hartuz beraien inspirazioaren printzipiotzat.

Eskubide soberanoa da kontzepzio erromatarraren araberako jabetza eskubidea edo izaeraz berdin den edozein kontzepzioren araberakoa. Jainkoari obligaziorik gabeko eskubide soberanoa esleitzea da Jainkoaz Erromako esklabo jabe baten baliokide infinitua egitea. Jainkoaren kontzepzio erromatar horrek ez digu guri jopu obedientzia baizik ahalbidetzen. Izan ere, esklaboa jabetza gisa ikusten duen gizon baten alderako zerbitza-ardura da gauza zapala. Aitzitik, ongi perfektua denaren menpean bere gorputza eta arima abandonatzera bultzatzen duen gizon askearen amodioa jopuaren amodioaren kontrarioa da.

Eliza katolikoaren tradizio mistikoan, Jainkoaren kontzepzio erromatarraren erabateko abolizioa da arimak iragan behar duen purifikazio nagusietariko bat. Kontzepzio horren zantzu bat egoiten den bitartean amodiozko batasuna ezinezkoa da.

Baina mistikoen irrada ez da gai izan kontzepzio hori elizan suntsitzeko mistikoek beren ariman suntsitu zuten bezala, zeren eta elizak haren beharra baitzeukan inperioak haren beharra ukan zuen bezala. Elizak kontzepzio horren beharra zeukan lurreko bere dominaziorako. Horregatik, ertaroari dagokionez, hainbestetan aipu den botere ezpiritualaren eta botere lurrekoaren arteko banaketa da arazo bat uste dugun baino konplikatuagoa. Erregearen alderako obedientziaren kontzepzio espainiar klasikoa da gauza bat infinituki erlisiosoagoa eta aratzagoa inkisizioaren eliza armatuaren alderako obedientzia baino, zeinak proposatzen baitzuen esklabo jabeek zuten Jainkoaren kontzepzio bat, XIII. mendean neurri handi batean zena bezalakoa. Ba adibidez posible izango zatekeen Aragoian XIII. mendean erregeak autoritate zinez ezpirituala edukitzea, eta elizak autoritate zinez lurrekoa. Zer nahi gisaz, inperialismo eta dominazio ezpiritu erromatarrak ez du sekula elizatik aski deagertu elizak Jainkoaren kontzepzio erromatarra uka dezan.

Jainkoaren kontzepzio erromatar horren ondorioz, Probidentziaren kontzepzioa ulertezina bilakatu da. Absurdutasun deitoragarrikoa da ulermena nahasterainokoa. Alabaina fedearen egiazko misterioak ere absurduak dira baina berauek pentsamena argiztatzen duen absurdutasunekoa dira eta inteligentziarentzako ebidenteak diren egia ugari sorrarazten dituzte. Beste absurdutasunak misterio diabolikoak dira beharbada. Batak eta besteak nahasi egiten dira kristau pentsamendu arruntean garia eta iraka bezala.

Erromatar moduan, Jainkoaren probidentziaren kontzepzioak onartzen du Jainkoaren esku hartze unibertsoan baliabide jakin batzuk doitzeko helburu partikularrak lortze aldera. Kontzepzio horretan pentsatzen da mundua bere orden natural berari abandonatuz eta, halako toki batean, halako unean eta halako helbururako Jainkoaren esku hartze berezirik gabe, Jainkoaren nahiari gomeniko ez lizaizkiokeen ondorioak sorraraz litzakeela. Baina onartzen da kausalitatearen jokoa zuzentzeko Jainkoaren esku hartze beroriek kausalitateari menperatuak zaizkiola. Bestela esanda, Jainkoak munduaren ordena bortxatzen du bertan sorrarazteko ez sorrarazi nahi duena baizik eta sorrarazi nahi duena ondorio gisa ekarriko duten kausak.

Pentsatzen badugu, suposizio horiek zehazki johan zaizkio gizonaren egoerari materiaren aurrean. Gizonak helburu bereziak baditu, esku hartze bereziak egitera behartzen dutenak eta esku hartze horiek kausalitatearen legeari menperatuak dira. Irudika dezagun, beraz, erromatar jabe handi bat lur eremu zabalak dauzkana eta esklabo anitz; eta gero bere lur eremuak zabal ditzagun unibertsoaren neurri beretaraino. Horra zer den Kristautasunaren parte bat izatez menderatzen duen Jainkoaren kontzepzioa, eta zeinaren zikinkeriak guti edo asko kutsatzen baitu, beharbada, Kristautasun osoa, mistikoak izan ezik.

Erroztamendua XXXIV Erroztamendua XXXIV Erroztamendua XXXIV Erroztamendua XXXIV

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude