Elegantziaz zahartu
Elegantziaz zahartzeko aukeren artean, hau lehenengoa: koaderno batean apuntatuko nuela zer ez nuen egingo zahartzen nintzenean, zer saihestuko nuen, besteengan ikusitako jokaera desegokiak, alegia; eta orri hori egunero irakurrita lortuko nuela. Bigarren bidea ohitura on batzuk behin eta berriz praktikatzea zen, jokabide aproposak erabat barneratuta eta nireak egin arte, zahartzean natural aterako zitzaizkidalakoan.
Inguruan erreparatuta, bi aukera horiekin ezer ez nuela bermatzen konturatu ondoren, erabaki nuen elegantziaz zahartzea koherentziaz zahartzea zela, hau da, ordura arte izandako bizitzarekin bat datorren bizitza izatea, besterik ez.
Horrekin nahiko lasaitua, Frantziako prentsan argitaratu den gaiarekin topo egin dut: egunkari frantziarrek aho batez aldarrikatu dute une honetan bertan duten jaiotza-tasa Europako handiena dela: “Avec un taux record de près de 2,07 enfants par femme, la France assure maintenant le renouvellement de ses générations, comme jamais depuis trente ans”. “Les Français (…) prouvent ainsi leur capacité à se projeter positivement dans l’avenir, malgré un contexte de crise”
Agintarien adierazpen triunfalistak alde batera utzita, beste gogoetara ekarri nau gai honek. Batez ere mugaren alde honetan gertatzen denarekin konparatzen badugu, uda hasieran Ane Bustinduik EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan esandakoaren harian «Ez gaude nahikoa jende kotizazioari eusteko».
Aurrekoetan ez dut hori aipatu, baina zaila izan behar du elegante zahartzea xoxik gabe poltsikoan. Nork dio Baionan ez ote naizen erroldatuko jubilatu baino lehen?