Dispertsioa? Ez Espainian bakarrik

Oker dago dispertsioa Espainiak zenbait presori aplikatzen dion dotrina berezi eta bakarra dela uste duena. Txileko hainbat agerkaritan irakurri ahal izan dugunez, Bacheleten gobernua preso maputxeak euren jaioterritik oso urrun dauden kartzeletara eramateko plana prestatzen ari da.

`Euskal arazoa´ adibide

Ez da kasualitatea Espainiak aplikatzen duen gartzela politika berbera ezarri nahia. Dirudienez, Bacheleten gobernuak Askapenak bertan egiten duen lana baliatuaz, ETArekin lotu nahi du maputxe mugimendua, kriminalizatuz. Iturri maputxeetatik adierazten denez, Espainiako inteligentzia zerbitzuen (CNI) laguntza izan du Txileko Segurtasunerako Agentziak maputxeen jazarpenerako plana diseinatzerakoan. Plan horren helburua, maputxeen arazoa “vasquizatzea” da, Euskal Herrian ezartzen diren hainbat neurri bertan ezarriz. Horrela, gatazkaren judizializazioa eta errepresioa baliatu nahi dituzte, lege antiterrorista eta salaketa faltsuak aplikatuz atxilotuei.

Une honetan 85 preso politiko maputxe daude eta horietako 35i ezarri zaie lege antiterrorista.

Dispertsioa, “terrorismo instituzionala”

Dispertsioa, Adolfo Montiel eta Pelayo Vial abokatuen iritziz, “tratu anker, krudel eta laidogarria da; inputatuek dituzten eskubideen gainetik dagoen neurri errepresiboa. Eta urrutiko kartzeletan bakartu eta isolatzea estatu terrorismo gisa definitu dezakegun biolentzia psikologiko eta instituzionala.”

Lucía Sepulvedak aipatzen duenez, El Manzanoko kartzelan dauden preso politikoek, dispertsatuak izatearen aurka, abuztuaren 18an hasitako gose grebarekin jarraitzeko asmoa dute. Abuztuaren 21ean, indarrez atera zituzten tribunalaren aurrean aurkezteari uko egin ziotelako. Senideek salatu zutenez, kolpatuak izan ziren.

Azken berriek diotenez, presoak dispertsatzeko lehen saiakera bertan behera gelditu da, baina ez dute berriz bakartu eta urrutiratu ditzaketenik baztertzen.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.