Ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren alde
Ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren alde –
«Normaltasun berria» deitu dugunak koordenatu sozioekologiko erresiliente eta bidezkoetan kokatu behar du. Egoera horretatik indartuta ateratzeko, ezinbestekoak dira partaidetza kolektibotik bilatutako irtenbideak, Administrazioak eta eragile publikoek lagundurikoak, onura kolektiboa norbanakoen nahien aurretik jarriko dutenak.
Covid-19aren lehen olatuan, 2020ko maiatzean, euskal komunitate zientifikoak “Euskal Herria post-covid-19” agiria plazaratu zuen, ekonomia ekologikoan oinarritutako normaltasun berri bat aldarrikatzen zuena. Helburua zen eztabaida sozial sakona sustatzea, egungo krisi sozioekologikotik eredu ekonomiko erresiliente eta bidezkoago batera igarotzeko. 800 bat euskal zientzialarik, 200 gizarte eragilek eta milaka pertsonak babestu zuten beren sinadurarekin manifestu horretan adierazitakoa.
Egungo sindemiak, gizarte, ingurumen eta osasun faktoreen arteko elkarrekintza negatibo globalak, frogatu du pertsonen eta naturaren zaintzak talka egiten duela egungo metabolismo ekonomikoarekin. Egungo sistema ekonomikoak, muga ekologikoei erreparatu gabe material eta energia erabileraren hazkunde etengabean oinarrituak, berriro ere erakutsi du oso zaurgarria dela. Haren hedatze-grina balaztarik gabeko tren baten, eta zapalgailu suntsitzaile baten antzekoa da. Planeta finitu batean etengabeko hazkundea bilatzeak arazo ziklikoak eragiten ditu, ekonomikoak, sozialak eta ekologikoak, eragin globala dutenak. Egungo krisia adibide argia da. Covid-19a ez da ustekabean iritsi, komunitate zientifikoak aspaldi ohartarazi du horrelako pandemien arriskua. Klima krisia eragin duten faktore berberek ekosistema naturalak suntsitzen dituzte, eta pandemia berriak sortzeko aukera areagotzen dute, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Gobernu Arteko Plataformak (IPBES) esan duten gisan.
Diagnostikoa oso argia da. Gizakiak elkarren mendekoak gara, baina eko-mendekoak ere bagara. Ezagutzen dugun bizitzaren jasangarritasuna une historiko kritikoa igarotzen ari da, non hainbat krisi global elkartzen baitiren (klima, energia, biodibertsitatea, zainketak, pandemia). Beraz, norabidea aldatzeko eta planeta mailan ongizatea eta osasuna bermatuko dituen trantsizio sozioekologikoa sustatzeko garaia da. Ekonomia berregituratu egin behar da errenta eta lanpostuak sortzeko. Horretarako, Partha Dasgupta ekonomialariaren txostenak (Erresuma Batuko Ogasun Ministerioak otsailaren hasieran argitaratua) adierazten duen bezala, barne produktu gordina moduko adierazleen protagonismoa murriztu behar da, eta erresilientzia sozioekologikoan inbertsioak lehenetsi. Erresilientzian inbertitzeak esan nahi du krisi globalekin lotutako hainbat shock-motatara egokitzeko eta leuntzeko gaitasuna handitzea, ongizatearen funtsezko adierazleei eusteko, hala nola enplegu egonkorrari, ondasun publikoen eskuragarritasunari (hezkuntza, zaintza eta osasuna), ingurumen osasuntsu baten eskubide eta zaintzari, edo elkarri laguntzeko gizarte-sare sendo bati. Pentsamolde-aldaketa hori inoiz baino beharrezkoagoa da giza ongizatea, komunitate-zaintza eta justizia soziala lortzeko. Lanari ekiten ez badiogu, datozen belaunaldiek are zailagoa izango dute aldaketa hori egitea.
Diagnostiko horren aurrean, zer egin dezakegu? Euskal komunitate zientifikoaren parte gisa, uste dugu beharrezkoa dela gogoeta soziala egitea parte hartzen dugun pertsona eta komunitate bakoitzaren gaitasun intelektual, ekonomiko, sozial eta kulturaletatik abiatuta konponbide integralak identifikatzeko. Pandemiaren ondorioz ekonomia gelditu izanak aukera bikaina eskaintzen du ekonomiaren, osasunaren eta ingurumenaren arteko lotura hurbil, iraunkor eta bidezkoak berrezartzeko. Gogoeta parte hartzaile horrek balio behar digu etorkizun erresiliente eta justuan kokatzeko. Horretarako, beharrezkoa da gizarte mailan koordinatzea banakako zein taldekako ekintzak, sektore pribatukoak zein administrazio publikoetakoak.
Gogoeta horren funtsezko alderdi bat da nola bateratu lehentasun indibidualak eta kolektiboak. Azken hilabeteok erakutsi dute kolpearen aurrean gizarte-zaurgarritasunaren maila desberdinak daudela, pertsonen osasunaren eta egoera sozioekonomikoaren arabera. Egungoa bezalako uneetan, Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko desoreka sozial handiak ikusten dira, baita herrialde bakoitzeko gizarte-maila desberdinen artekoak ere. Biztanleriak pairatzen dituen eragin desberdinen azaleratzeak argi adierazten du erresilientzia eskasa, banakoen, sektoreen eta gizartearen behar eta lehentasunen artean sortzen diren ezinegonena.
«Normaltasun berria» deitu dugunak koordenatu sozioekologiko erresiliente eta bidezkoetan kokatu behar du. Egoera horretatik indartuta ateratzeko, ezinbestekoak dira partaidetza kolektibotik bilatutako irtenbideak, Administrazioak eta eragile publikoek lagundurikoak, onura kolektiboa norbanakoen nahien aurretik jarriko dutenak, nahiz eta azken hauek zilegiak iruditu. Alde horretatik, kezka handiz ikusten ditugu bi elementu, ongizatea eta planetaren osasuna bermatuko dituen eredu sozioekonomikoari aurre egiten diotenak. Alde batetik, eredu ekonomiko zaharraren bidez ekonomia suspertzeko inertzia, adibidez, ibilgailu pribatuan oinarritutako hipermugikortasuna sustatuz (mendekotasun eta pilaketa eredua) mugikortasun iraunkorraren ordez, edo azpiegitura ikonikoak populazioaren sektore handien eguneroko lehentasunen aurrean jarriz. Bestalde, badira gizabanako eta kolektibo sozial bakoitzak «normaltasun berriaren» alde konprometitzeko eta lan egiteko behar duen ahalduntzearen aurka jokatzen duten faktoreak, hala nola beldurra, asperdura eta arazo konplexuei irtenbide sinpleak emateko nahia. Aurrerapen zientifikoak bultzatu behar dira, eta gizartearen parte hartzeko eta antolatzeko gaitasuna sustatu. Auzolan garaia da, lan solidario eta komunitarioaren garaia. Guztion zaintza bilatzen duten lekuko komunitateen erabakimena harmonizatzeko eta balioesteko garaia da.
Testuinguru horretan, hilabete gutxi barru, inbertsio estrategikoak abian jartzeko aukera izango dugu, neurri handi batean Europako funtsen laguntzarekin (Europe Next Generation). Funts horiek kontu handiz esleitu behar dira egungo ekoizpen-eredua ekonomia ekologiko eta, beraz, bidezko eta eraginkorrerantz eraldatzeko, eta emaitzen jarraipena egin behar da. Horretarako, euskal komunitate zientifikoak administrazioek ezarritako berreraikitze-funtsen esleipenari buruzko proposamenak eginez lagundu beharko luke.