Ekologiak hil du baserria

Ekologiak hil du baserria –

Nekazarien traktore uholdeek hartu dituzte Europako errepideak. Protestan dira. Diru kontuaz gain –sektoreko prekarietatearen adierazgarri betierekoa–, Frantziako Estatuko bi sindikatuk –FNSEA eta Laborari Gazteak– badituzte bestelako eskaerak.

Ekologiak hil du baserria
Argazkia: Vincent Michel / Ouest-France

Osasuna eta ingurumena babesteko Europar Batasunak eta estatu frantsesak ezarritako arauak zalantzan ezartzen dituzte. Biren berri eman dute komunikabideek: pestizidak erabiltzeko baimenaren luzamendua eta ur kontsumoari muga ez ezartzeko eskatzen dute.

Paris inguruko protestetako iritzien bilduma jasotzen duen artikuluari kazetariak hurrengo izenburua eman dio: “Ekologiak nekazaritza hiltzen du”. Halaxe dio frutagintzan aritzen den batek.

Izan ere, nekazaritza –hortaz, janaria izango dugun ziurtasuna– azkenetan badago, ez da garapen eredu honek ekarri digun klima aldaketagatik eta kutsaduragatik izango, ezta horrek lurrarekin eta animaliekin egiten den lanari ezartzen dizkion zailtasun gehigarriengatik ere –lehorteengatik, bioaniztasun galeragatik, uholdeengatik, suteengatik, izurriteengatik gertatzen diren uzten galeragatik–.

Baserria kinkan bada, ez da haragi eta esne industriek ur eta lur kontsumo desproportzionatua dutelako edota sistema industrial horrek ura eta lurraren kutsadura berezko duelako. Hori ere ez.

Nekazaritza eta abeltzaintza ez daude zenbaki gorritan erregai fosilekiko menpekoak direlako; izan gasolioaren kontsumo zuzenagatik, izan ongarri eta pestiziden erabileragatik.

Baserri mundua krisi sakonean bada, horrek ez du zerikusirik merkatuaren sistemak ezarritako lan-moldeekin, inondik inora. Ezta lurra, animaliak eta pertsonak ustiatzearekin ere. Ezta janariarekin negozioa egiteko eta espekulatzeko batzuek antolatuta duten mekanismoekin ere. Ezta planeta eta pertsonen osasunaren gainetik errentagarritasuna  jartzearekin ere.

Nekazaritza eta abeltzaintza ez daude desagertzear haziak, lurra, ura, ekoizpena eta jakien banaketa gutxiren eskuetan daudelako. Ezta politika publikoek eredu globalizatu eta oligarka hori bultzatzen dutelako ere. Are gutxiago, erakunde publikoetatik diru-laguntzen banaketan eredu industriala eta intentsiboak babesten direlako, edota latifundismoa bultzatzen delako. Horregatik ere ez.

Baserritarrak ez gaude hilzorian administraziotik burokraziaz, betebeharrez eta apartako zailtasunez itotzen gaituztelako. Ezta politika publikoek tamaina handiko ustiategiak bultzatzen dituztelako ere. Lurrarekin aspaldi batean dagoen espekulazioak ez du inongo eraginik gazteak baserrian instalatzeko ezinarekin, ezta zorpetze mailarekin ere.

Baserrien desagerpenak ez du inongo loturarik nekazarien lurren okupazio industrial edo turistikoarekin. Nekazarien lurrak bestelako azpiegiturez –errepideak, zentral eoliko edota fotovoltaikoak, meategiak, AHT…– betetzeak ez du kalterik egiten. Merkataritza guneei eta hipermerkatuei ematen zaizkien era guztietako abantailekin ere, arazorik ez.

Tira, azkenean, ekologisten erruz desagertuko da baserri mundua. Eta anbiziorik ez duten baserritar txiki horien erruz. Ahaztu gabe herrietako azokek eta denda txikiek suntsiketari egindako ekarpena. Eta eredu agroekologikoa babesten duten herritar eta baserritarrak.

Argi dago, ekologiak hil du baserria.

ARGIAn argitaratua

Ekologiak hil du baserria

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude