Ekialdea omen gara
Ekialdea omen gara –
Olatz Azpirotz Larzabalek Nafarroako Hitzan.
Banaketak hainbat forma eta eginkizun eduki ditzake, horregatik hain erraz barneratu dugu guztia bi talde edo gehiagotan banatzeko joera. Kontraesankorra suerta daiteke, baina gurean, banaketa hainbeste salatu eta deuseztatzen saiatzen garen honetan, gauza bat aitortu beharra daukagu: askoz errazagoa eta batez ere erosoagoa zaigu gure egunerokoan eragina ez dutela uste ditugun banaketak eta bazterketak salatzea.
Iaztik hona asko orokortu dira mendebalde eta ekialde terminoak; nahiz eta gehien bat kontu kulturaletarako erabili diren, aski adierazgarriak direla uste dut. Iparrorratz oso baten oinarria sortzen dute biek, baina era berean kontrakoak dira biak. Halaber, metaforak alde batera utzita, bi termino horien erabilerak, kultura arloaz gaindi, guztiok genekien banaketa erreal baten existentzia azaleratu du. Bai, banaketa politikoaz gain euskaldunok euskaldunak banatzen ditugu.
Marra bertikal batek bi multzo uzten dituen momentuan, bietako batek, oro har, estatus handiagoa lortu ohi du, eta era horretara, beste aldeak ez dituen hainbat berme eduki ditzake. Hala nola aurreko maiatzaren 7an Iruñeko karriketan, haur eskola euskaldunak eta euskararen irakaskuntza publikoa defendatu eta aldarrikatzeko mobilizazioa egon zen. Komunikabide gehienek ez zioten merezi zuen garrantzirik eman, nahiz eta aurreko egunetan Nafarroako Parlamentuak PAI legea onartu eta Iruñeko Udalak eginiko datu faltsutzea azaleratu. Bai, erreala da. Hori aski ez balitz, euskal herritar askok mobilizazioaren helburuak Nafarroako eremura mugatu zituzten, eta horrela bihurtu zen deialdi eta eskari nazional bat Nafarroako kontu. Ordea, gure hizkuntza baldin bada euskaldun egiten eta guztiok elkartzen gaituena, aurreko mobilizazioa eta gaur egun, kasu honetan, Nafarroako hezkuntzan gertatzen ari dena ez litzateke euskaldun guztion afera izan behar? Bai, izan beharko litzateke.
Oxala, baina azkenaldian nazio mailako erantzun bat edota babesa izateko, mobilizazioak Nafarroa Garaitik eta Iparraldetik kanpo egin behar direnaren sentsazio sumatzen dut. Era horretara, hain zuzen, euskaldunon laguntzaz, sendotzen eta finkatzen da marra.
Marra berriz ere. Nik, nire ikasketa guztiak euskaraz egiteko zortea izan dut. Esan beharra daukat, halere, haurra nintzela perpausa horretan ez nuela zortea izena txertatzen eta etxean ikasi nuela zortea nola izan genuen gure alde. Hazten goazela, ordea, egoerak behartu egiten gaitu zoriaren etorreraz edo joanaz jabetzen, eta gaur egun, nafar ume asko zorte horren eraginpean daude. Jada, banaketak eta kontraesankortasuna lotuta doazela ikusi dugularik, beharrezkoa al da euskaldun guztiak momenturen batean euskara ikasteko zoriaren menpe egon zirela oroitaraztea?
Euskaldunak, bai, baina guztiok daramatzagu gure jaioterrien probintzien izenak kopetan, eta izen horiek marraren albo batean zein bestean egoterakoan, bermeak ugariak edo murritzak izanen dira.
Ekialdea omen gara