Ekaitzaren ostean barea
Aurten jende gutxiago antzeman da Iruñeko karriketan. Krisia agian? asteburu bakarreko Sanferminak ote? Taberna batzutan ez da iaz adina jende izan, baina herritarrek eskertuko dute Jarauta karrikan sortzen ziren jende multzoak ekidin ahal izatea.
Hiru egun baizik ez dira geratzen eta besta egun hauetako zama nabari da. Dena-den, Sanferminak hondarreko eguneraino disfrutatuko dituenik bada. Oporretara joan direnak ere, aunitz.
Bertsoka
Gaur bertso eguna izan zitekeen Sanferminetako egitarau herrikoian. 12:00etan Muthiko Alaiak peñatik bertso-poteoa aterako da. Ordu bete beranduago Jarauta karrikan Silveira eta Ministro izanen dira bertsoez arduratuko direnak. Gauean, berriz, Arrano elkartean izanen dira Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Bertsoak izanen dira beraz gaurko protagonista, baina gehiago nahi duenak, bihar ere izanen du aukerarik. Udalak, Unai Iturriaga, Estitxu Arozena, Jon Maia, Eneko Lazkoz, Uxue Alberdi eta Saioa Alkaiza ekarriko baititu Taconerara eguerdian.
Bertsoak eta euskara, euskara eta bertsoak. Sanferminak ere euskaldunon bestak dira eta Euskaraz Bizi bazkariarekin, orain arte euskararen eguna izandakoa ospatuko dute euskaltzaleek. Zaldiko Maldikok ere bazkaria izanen du Ansoleagan eta parranda euskal kantekin jarraitu nahi duenak, gauerdian Trikizio izanen du Taconera parkean.