nineu

Erabaki nuen, behin idazten hasita, hobe izango zela gogoz eta umorez egitea konpromisoz baino, eta hitz eman nion hamabostetik behin zeozer idatziko nuela. Gustatzen zait, gainera, librean idaztea; egunkarietan udako kolaboratzaileek egiten duten moduan, urte osoan idazten duten kolaboradoreak oporretan diren bitartean eta egunkariak zeharo eskasten diren garaian: alegia, lehendik gordean dituzten burutazioak, egunero kalera ateratzen direnean ikusten dutenarekin tartekatuz eta loturak eginez. “Begirale” lanak eginez. “Begiratzen duenaren” lanak.

Ez naiz kontsideratzen euskal kulturaren unibertsoan aurkezpenik behar ez duen horietakoa, nahiz eta zenbait zirkulu jakinetan, ez ordea ospe handiegia dutenetan, “folklorea ta, holako gauzak…”, baten batek ezagutuko nauen, eta egokia izango da baita ere, aurreneko artikuluan, aurkezpen bat egitea. Ez da oso aurkezpen formala ere izango, ez baita komeni kolpean gauza gehiegi esaterik. Lerro eta lerro artean eskribituko ditut nire bizimoduaren arrasto batzuk.

Zarauztar batzuek esaten dute gure herrian, uda garaian, onena herritik urrutira alde egitea dela kanpokoen inbasioa ebitatzeko; zer esanik ez abuztuan, batik bat amabirjinetan, gure herriaren marka turistikoak goia jotzen duenean. Urteak dira ni kontrako bidean noala, eta ez naiz akordatu ere egiten zenbat urte diren, azkenekoz, pare bat egunetik gorako egonaldirik Zarauztik kanpo egin dudala udan. Beti gauza bera egiteari gustua hartzen dionaren tankeran, udako rutinak lasaitasun handia ematen dit. Goizean presarik gabe jaiki eta eguneko erabaki inportanteena hartu: kafea zer taberna edo terrazatan hartuko dudan pentsatzea, pare bat periodiko leitu bitartean; gero, etxera bueltan, Kale Nagusitik barrena baten batekin hizketan gelditu –beti egokitzen baita ezagunen bat–, bestek emandakotik bapo bazkaldu, siestatxoa ziklistak ikusi bitartean, eta arratsaldean beste afizio batzuk landu: bertso-asteko ensaioa dela, dantza taldeko lanak direla, lagunekin pelota-partidua, ilobekin plana bestela. Gau partean, neguan baino presa gutxiagorekin aritzen naiz, zerbait idatzi edo irakurri, tarteka afariren bat edo beste. Honezkero asmatuko zenuten, bizimodu hori bi hilabetean egiteko, irakasleen oporrak behar direla eta konpromiso handirik ez.

Otamendineko terrazan kafea hartzen nengoela, periodikoa eskuetan, itzalean badaezpada ere, sanferminak egokitu dira Zarautzen. Ohitura da aspaldiko urteetan udaleku irekietan dabiltzan haurrek entzierroa egitea herriko kaleetan, eta noizbehinka gelditzea eta balkoietara ateratzen direnei “Bota ura, bota ura, eh, eh!” buila egitea. Ikuskizun aparta da: balkoietatik behera jendea ura botatzen, eta udalekuetakoak blai egiten. Izaten dira bizitzan une batzuk atzera begira jartzen zaituztenak, eta harritzen zaituztenak: neroni ere halaxe ibilia naiz, monitore lanetan, oraintxe ia hogei urte. Orain askoz nahiago, terrazan eserita, “begirale” izan. Une horiek bizitakoa denak disfrutatu egiten du, baina beste modu batera: konplize egiten da, bide bazterreko lagun, publiko leial. Izan ere, edozein kale-ekitaldik hura ulertu eta onartuko duen publikoa behar du. Gaztetan beti nahi izaten da saltsaren erdi-erdian egon, baina eskarmentuak erakusten du batzuetan begiratua aldatu behar dela. Zeharo saltsaren erdia ere utzi gabe, bestela funtzionario izaten bukatuko genuke-eta.

Mjg0Nw==

Burutazio horiek etorri zaizkit gogora, uztaila hasieran izan genuen dantza-ikastaro bat gogoratuz. “Jauzien” edo, jendeak ezagunagoa duen moduan, “muxikoen” inguruko dantza-ikastaro bat izan genuen Donostian. Antolatzaile-taldearen buru, beti bezala, Oier Araolaza lagun eibartarra. Hura gozatua, hura! Seguru nago hasi berrientzako ez zela halakoa izango; irakasleek, Claude Iruretagoyenak eta Xabier Itzainak, dantza-pausuez haratago joateko ahalegina egin baitzuten. Zer momentutan egiten da eta egin izan da dantzan? Berdin ote da entsaio bat egiteko juntatu, edo lehendabizi bazkaldu, kantuan egin eta gero dantzara atera? Zer diferentzia ote dago dantzaren transmisioa dantza-maisu baten etxeko sukaldean egin, edo dantza talde baten lokaletan? Noiztik dago dantza-maisuen eta musikarien arteko bereizketa, eta ba al du horrek loturarik dantza-errepertorioaren galeran? Ez ote genuke erdigunearen inportantzia berreskuratu behar, ala kasualitatez jarri ote da musikaria beti sokaren erdian, dantzaren parte izanez? Berdin ote da musikaria bazter batean egotea, megafonia lagun?

Filosofia hutsa, poesia betea. Dantza ere, izan tradizionala, klasikoa, edo jarri nahi zaion etiketaz kalifikatua, arte hutsa baita. Karakterraz aritu ziren, ez hainbeste pausuez, esentziaz, dantza-estilo propioak identifikatu eta berreskuratu nahian, tokian tokiko aldaketei inportantzia emanaz. Hori da zailena arte diziplina guztietan: musikari baten lanik zailena, partitura interpretatzea baino, hari karakterra eta estilo propioa ematea den modu berean. Horregatik ateratzen naiz ikastarotik, eta gehienak hala atera ginen, “oraindik zenbat daukagun ikasteko!” esanaz.

Urteekin, gauza bera edo berdintsua eginagatik, begiratua aldatzen joaten da. Nik gero eta gutxiago erreparatzen diet dantzariei, plazan edo kaleetan dantzan ikusten ditudanean, zer esanik ez umeak baldin badira; begiratua aldatzen dut dantza-irakasleak non dauden eta zer arreta jartzen duten ikusteko, txistulariak partiturari ala dantzariei begiratzen dion eta non kolokatzen den aztertzen dut eta, batik bat, begira jendearen erreakzioan fijatzen naiz. Dantzaren testuinguruan. Zarauzko sanferminetan bezala: arreta handiagoa eman zidan ume eta monitore konpartsaren atzean, lan isilean, zakarrak jasotzen ari zen begirale-zuzendariak, nirekin bateratsu orain hogei urte begirale aritutako hark, “Bota ura, bota ura, eh, eh!” oihura ari zenak baino.

Akaso edadearen ajeak ere izango dira.

Hurren arte!

Irudia | Sanferminak Zarautzen. Atzean, Otamendineko etxea | Urola-Kostako Hitza | LGPL

Zarautz (1974). Xabier ingeniaria izateaz gain, idazlea eta folklorean aditua....