EITBren alde

EITBko zenbait langilek, BOSTPUNTU izeneko kanpaina hasi dute Euskal Irrati eta Telebista  publiko, kalitatedun eta independente baten alde. Horretarako bost puntuko dokumentu bat bidali diete EITBko Administrazio Kontseiluko kide guztiei eta baita han ordezkaritzarik ez duten aukera politikoetako ordezkariei ere.

BOSTPUNTU.COM izeneko webgunea ireki dute atxikimenduak lortzen joateko. San Juan egunera bitartean edukiko dute zabalik aukera hori EITBren ereduarekin kezkatuta dagoen edonorentzat. Jasotako atxikimentuen zerrenda EAEko ordezkari politiko guztiei igorriko zaie, behin kanpaina itxitakoan.

Helburua EAEko hurrengo hauteskundeen ondorioz aterako den gobernuari, ezinbestekoak diren bost puntu nabarmentzea dute.

Hauxe da argitaratu duten manifestua:

Bost puntu EITBrentzat

Euskadiko Autonomia Erkidegoko hurrengo hauteskundeen ostean agintzen duenak agindu, premia handiarekin heldu beharko dio EITBren bideraketari. Idatzi hau sinatzen dugunok bat gatoz gutxieneko bost puntutan, aldi berean oinarrizko eta ezinbesteko direnak.

1. EiTBk euskal herritarren zerbitzuko erakunde publikoa izan behar du, euskaraz eta gaztelaniaz kalitateko programazioa eskainiko duena, ikusleekiko begiramenduna eta plurala, interes publikoari bideratutako edukiekin, produkzio propioaren bidez, gainerako kate publiko eta pribatuekiko zeregin orekatzailea izango duena.

2. EiTBk bete egin behar du sortzetik duen euskara bultzatu eta normaltzeko helburu estrategikoa. Ondorioz, hedadurari eta eraginari dagokionean, hizkuntzak duen lurraldetasunaren bezainbestekoa izan beharko du gutxienez.

3. Lehentasunezkoa zaion zeregin informatiboan, neutraltasunik gabe, inpartzialitatea behar du EiTBk. Enbarazu egin arren, botereek errespetatuko dutena behar du izan. Hezi, informatu eta entretenitzeko zeregin hirukoitzerako beharrezkoa duen independentziak, lege berri baten bidez sakoneko aldaketa ekarri behar die zuzendaritza organuak aukeratzeko dauden moduei.

4. EiTBk eredugarria izan behar du gaurko euskal kulturaren funtsezko osagaien errespetuan, Euskal Herriko lurralde guztien arteko harremanen sustapenean, eta sarri interesatuak eta artifizialak diren hesiak gainditzeko ahaleginean.

5. EiTBk kalitatezko erreferentzia profesionala izaten saiatu behar du ikusentzunezkoen munduan. Badu horretarako behar diren esperientzia eta baliabideak, nola teknikoak, hala pertsonenak ere. Gidatuko dutenek ere asmatuko beharko dute maila berekoak izaten.

Hala bada, publikoaren zerbitzuko EiTB eskatzen dugu, euskarari lehentasuna emanez, independentea, kalitatezkoa eta euskal kultura bultzatuko duena.

 

Atxikitzeko, hona joan behar duzu.

 

 

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

2 pentsamendu “EITBren alde”-ri buruz

  • Luistxok sustatu.com-en dioen bezala:

    “Ez zait iruditu agiri hau ETB euskaldun baten aldeko aldarria denik, han-hemenka entzun izan duguna azken hilabeteotan, adibidez Jesus Egigurenek esan zuena (EITB2 soberan dagoela).

    Lehen puntuan argi dago, helburua “euskaraz ETA GAZTELANIAZ kalitateko programazioa eskainiko duena” da.”

    http://sustatu.com/1338794288#1338796299

    ARGI GERATU DADILA BERAZ!

  • Argitaratu dugun manifestuan jartzen duena jartzen du eta ez besterik. Bertan esaten da zehatz eta mehatz zer nahi dugun: “EITB sendo, publiko, independente, eta kalitatezkoa, euskara lehentasun duena”. Ez gehiago eta ez gutxiago. Egia da ez dela esaten ETB2 edota REren desgarpena nahi dugunik, ez baitugu halakorik eztabaidatu ere egin. Baina hortik “ETB euskaldun baten aldarria” ez dela esatea, beste errota bateko ur uherra baizik ez da.