EiTBkoak ez dauka amaierarik?

Mzc1Ng==

EITBko zuzendaritzak Eusko Jaurlaritza sustengatzen duen PP-PSE ituna bere egin du eta euskal telebista publikoa desitxuratzen ari da  

ELAren ustez, ETBn oso gauza larriak ari gara ikusten, eguneroko lanean somatzen dena ez ezik horren atzean dagoena baita kezkatzekoa. Argi dago EITBko zuzendaritzak bere egin duela PPren eta PSOEren arteko Jaurlaritza sustengatzeko ituna, eta euskal telebista publikoa desitxuratzeko kudeaketa egiten ari dela.

Esaten dutena ez dator bat egintzekin. Bizi dugun egoerak ez dauka zerikusirik Alberto Surio zuzendari nagusi izendatu zutenean esan zuenarekin: EITB “balio demokratikoekiko, bakearen eta bizikidetzarekiko eta pluralismoarekiko konpromisoa duen zerbitzu publiko bat izango da”. ETBko arduradunek interes politiko eta ekonomikoen nahiak gauzatzen dituzten txotxongilo gisa jokatzen dute; interes horien helburua gizartean telebista publikoak porrot egitea da. Kudeatzen hasi zirenetik egindako epe labur eta kaskar honetan aipatutakoa frogatzen duen hainbat erabaki hartu dute:

  • a)    EITBko langileen profesionaltasuna garatzeko inguru jasangaitza ari dira sortzen. ETB bere audientzia maila gorenera eraman duen erredakzioa desegiten ari dira; erredakzio honek bere independentzia aldarrikatzen du eta ez du onartzen helburu alderdikoietarako tresna gisa erabil dezaten.
  • b)    EITB sorgin-ehizan dabil. Profesionalen baten lana gustokoa ez duenean, zigortu, kargutik kendu edota espedientea irekitzen du. ETBko profesionalei kontzientzia-klausula errespetatzea exigitzen dugu.
  • c)    Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariaren adierazpenek, bere kudeaketa eskasa eta jarrera autoritarioak ezkutatzeko salaketa gaiztoz   -“ezkerrik erradikalenak, ELAren eta LABen babesarekin, nahi zuena egiten zuen”-, eta gezurrez beteak -“sektorerik erradikalenek planto egin dute, eta esaten digute boterea eurena dela eta ildoa eurok erabakiko dutela” -, agerian uzten dute gure irrati-telebista publikoa noren eskuetan dagoen.
  • d)    Informazio objektibo, egiazko eta kontrastatuak eragozteko erabaki eta adierazpenak begibistakoak dira. EITBko kudeatzaileek esamolde arinekin mozorrotzen dute euren politika, boterearekiko eta estatu zentralistarekiko leiala, hain zuzen kazetaritza objektiboarekin aurrez-aurre dagoena. EITB estatua uniformatzeko tresna bilakatu nahi dute, interes politiko eta ekonomikoen bozeramaileek exigitzen dieten legez.
  • e)    EITBn barne-berregituratze bat egiten ari dira, modu arbitrarioan, klientelismo politiko eta sindikalaren arabera; horixe adierazten dute azken izendapenek.
  • f)      Iparralde eta Nafarroari buruzko albisteak ez dituzte gustoko. Iparraldeko eta Nafarroako herritarrak, ETB egunero ikusten duten arren, arrotz bailitzan hartzen dituzte, eta horregatik kultur harremanak eragozteko eta hartueman sozialak desagerrarazteko ahaleginetan ari dira.
  • g)    Azkenik, salatu beharra dago informazioetan euskal gehiengo sozial eta sindikalari ematen zaion tratu baztertzailea; isilaraztea da ohiko jokabidea. Baldarkeria da, ordea, uste izatea hedabideetan agertzen ez dela ezer ez denik.  

ELA-Hainbatentzat, ETB euskal telebista publikoa den heinean informazio zorrotza eman behar du eta gure kultura sustatzea dagokio; balio hauek, zoritxarrez, gero eta gehiago jartzen dituzte zalantzan. Horregatik, mobilizazioak deituko ditugu, adierazpen askatasunaren alde, zentsuraren aurka eta gure herriko aniztasun sozialaren alde.      

Bilbo, 2010eko azaroaren 10a

Irudia | Langileak kexu Miramongo zentro aurrean | ezezaguna | LGPL
eitb

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude