EITB 2022, EH Bilduren proposamena (eta independentisten beste lau iritzi)

EITB 2022

Inork ez du zalantza jartzen EITB goitik behera eraberritzeko beharra. Gasteizko legebiltzarrean landuko da gaia, legegintzaldi honetan. Euskal Herria Bilduk 2022rako, EITBren 40. urteurrenerako, gainbeheran datorren eredua zutitzeko eztabaida proposamena aurkeztu du. Hain zuzen, Maddalen Iriarte kazetaria da txostena argitaratu duen legebiltzar taldearen bozeramailea. Hedabide publikoaren azal eta tripak ezagutzen dituen pertsona bat izango da beraz ezker subiranistaren erreferentea “EITBren birfundaziorako hausnarketa” bideratzeko orduan. Bingen Zupiria Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak hartuko al du kontutan?

EITB 2022

EITB 2022 Eredu Berriaren Oinarriak dokumentuak eztabaidarako zortzi ardatz jarri ditu mahai gainean. Abiapuntuan koalizioak dio 1982tik gertatutako aldaketa linguistikoak, teknologikoak eta komunikatiboak zaharkituta utzi dutela EITBren sotze legea. Hortik aurrera, berretsi dute EITB kalitatezkoa dela eredu berriaren helburua: kohesio soziala, euskara eta kultura sustatuko dituena. Segidan eztabaidarako ardatzen laburpena:

  • Eztabaida zabala: EHUren metodologia jarraituta, sektore profesionalekin, unibertsitateko adituekin, alderdi politiko eta eragileekin.
  • Enpresa egitura: efizientzia hobetzeko berregituraketa, pertsonal eta taldeko enpresetan. Gestoreen sistema irauli eta izaera multimedia bateratua.
  • Ikus-entzunezkoen sektorea: EITBk ikus-entzunezko enpresetan egiten dituen inbertsioak hitzarmenetan jaso.
  • Euskararen normalizazioa: ETB1 lehentasunezko kate generalista, aurrekontuetan isla duena. ETB2, Radio Euskadi eta Radio Vitorian euskarari tokia nola egin zehaztu.
  • Kalitatezko programazioa: Ikusleria hezi eta dibertitu, ausarta izanda. Beste kanaletatik bereizia, tokiko eta jatorrizko edukiak. Hizkuntza, kultura eta identitatea zabaldu.
  • Informazioaz: Independentzia informatiboa, uneko gobernuez gaindi. Agenda informatibo propioa berreskuratu. Ikuspegi propioak eta euskal gizartearen aniztasuna islatu.
  • Legea: Egungo lege araudiak berrikusi eta sortu “Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Arautzeko Euskal Herriko Kontseilu Independentearen Legea”.
  • Zuzendaritza: Aldaketarako zuzendaritza lan talde adostua.

Ezker independentistatik beste lau iritzi

Euskal Herria Bildutik luzatu den proposamenak ez du zehaztasunetan sakontzen; eztabaidarako ardatzak dira. Adierazgarriak izan daitezke beraz ezker independentistatik heldu diren beste adierazpen batzuk EITB 2022 txostenaren atzean dagoen ideia osatzeko.

Maddalen Iriartek legebiltzarreko inbestidura saioan landu zuen EITBren gaia inbestidura saioan:

“Euskalduntze horretan tresna izan behar zukeena, tresna garrantzitsua – euskal irrati-telebistaz ari naiz–, herren gelditu da. (…) Eta kasu honetan ere heldu da garaia gaiari serio heltzeko eta zein komunikabide publiko nahi dugun debatitzeko, ganoraz debatitzeko, fundamentuz debatitzeko. Datu guztiak, eredu alternatibo guztiak, mahai gainean ipini. Iruditzen zait ereduak egin duela huts beste behin ere, beste batez ere, Espainiako irrati-telebistari kopiatutako eredua izan delako hein batean Euskal Irrati Telebistarena, hasiera-hasieran izan ezik, agian. Badaude munduan beste eredu batzuk. Badaude komunikabideak ordaintzeko beste era batzuk eta badaude noski beste egiteko modu batzuk ere. Euskarak izan behar du lehentasuna, euskal herritarrei eman behar zaien zerbitzuak, informazioaren kalitateak izan behar du lehentasuna. Eta guk hemen alderdiok ikasi beharko dugu informazioaren kalitatea ez dela neurtzen kronometroa eskutan hartuta, alderdi bakoitzan pantailan zenbat minutuz atera den jakiteko.”

LAB sindikatuaren EITBko lantaldeak Albistegien Diagnostiko Orokorra eta Proposamena argitaratu zuen abenduan. Hein batean bat egiten du EH Bilduk fokua jartzen duen gai batzuetan (gestoreak, kontrol politikoa, agenda informatibo propioa…). Proposamen zehatzak ere luzatu ditu albistegiak hobetzeko, tartean azpimarragarriena: euskarazko eta erdarazko albistegiek agenda eta arduradun propioak izatea telebistan, Euskadi Irratia- Radio Euskadi ereduan bezala.

Josu Amezaga EHUko Gizarte eta Komunikazio zientzietako irakaslea eta ezker abertzaleak EITBko Administrazio Kontseilurako aukeratu izan duen pertsona da. Gara egunkarian EITB birpentsatzeari buruzko erreportajean parte hartu du. Egunkarian jaso dituzten Amezagaren adierazpen batzuk ekarri ditugu.

EH Bilduk ETB1 indartzeko eta lehentasunezko egitetik haratago doa Josu Amezaga denbora epe ertainean:

ETBk euskara hizkuntza zentrala izango duen kanal jeneralista bakarrera jo beharko luke. Horrek ez du esan nahi euskara hutsez izan behar duenik. Gaur egun teknologiak eta digitalizazioak bestelako joko batzuk ahalbidetzen dituzte, ETBn batere esperimentatu ez direnak. Adibidez, bigarren audio kanalak edo azpitituluak. Pentsa liteke, denbora batean bederen, bi kanal edukitzea baina programazio konbergente xamar batekin eta hizkuntza ezberdinetan. Edonola ere, eskema hori apurtu behar da eta kanal batean inbertitu baliabide guztiak”

Lurraldetasunaren aldetik ere EITBren proposamen aurrerakoia egin du Josu Amezagak:

“Behingoz planteatu beharko litzateke EITBk ez duela zertan izan hiru probintzietako erakunde bat, baizik eta izan ahal dela zazpikoa. Ezin da izan Baskongadetatik Nafarroara edo Iparraldera programazioa botatzen duen zera bat. Alperrik ari gara Nafarroan seinalea sartu nahian Nafarroa bera ez bada integratzen EITBn

Gara egunkariak urtarrilaren 8an editoriala eskaini zion EITBri: Alderdiak, sektorea eta gizarte zibila elkartuko dituen eztabaida.

“Inor ez dadila tronpatu: gaur egun irrati-telebista publikoa aurrera ateratzea balentria da eta ez dago formula magikorik. Baina arazoak hain argiak direnean, inertziari eutsi eta aldatzen ez saiatzea ez da aukera inteligentea.”

EITB 2022

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

10 pentsamendu “EITB 2022, EH Bilduren proposamena (eta independentisten beste lau iritzi)”-ri buruz

  • Azkenik alderdi politiko batek gaiari heldu dio, euskara ardatz!!!

  • Bazen garaia! ETB1 ia desagertzeko bezperan dator proposamena, baina tira.
    Bidenabar, Gararen editorialak ETB1 aipatu ere ez zuen egiten. Ez alferrik.

  • Mesedez!!!
    Etb-ko serie,film eta dokumentaletan azpitituluak ERE euskaraz!!! Eta ez soilik gazteleraz.

  • Hare gehiago, eta nahiz ta gaiatik pixka bat aldendu, esango nuke, EAEen emititzen duten telebista guztiek eman beharko lukete aukera jatorrizko bertsioan eta azpitituluak euskaraz ikusteko.

  • Esan denaz gain, iruditzen zait interesgarria dela euskarazko saioei ere erdarazko azpitituloak eranstea, zeren:

    (1) Euskararen lehentasuna erakusten du.
    (2) Erdaldunei eta euskara maila eskasa dutenei aukera ematen die euskarara gutxinaka hurbiltzeko.
    (3) Etxe erdaldunetan bizi diren euskaldunei (asko dira) euskarazko telebista ikusi ahal izatea errazten die.

    Are gehiago, idealki ETB2ko saio guztiak ahal den neurrian (elkarrizketatua erdalduna ez denean) euskaraz eta erdarazko azpitutuloekin izan beharko lukete, Euskal Herria euskalduntze osora eramateko.

    • ahobatiritzibat 2017-01-15 20:41

      Kaixo denaden,
      zure proposamena interesgarria iruditu zait, egita baita familia askotan erdaldun bat egon eta etb1 ikusteko aukera ezerezean gelditu ohi dela. Dena den, benetan ipiniko zenituzke etb1 kalerako azpitituluak non nahi? ez zaizu agian egokiago iruditzen azpitituluak ipintzeko aukera ematea?
      Neronek euskaldun bezala gogaikarri ikusiko nuke ene katea ikustean gaztelerazko azpitituluak ikusi beharko banitu, baina poz handiz ipiniko nituzke lagun erdaldun bat ondoan eduki eta honek beharko balitu.
      Hala ber, aitzakia hori izanik azpitituluak euskaraz ipintzea ere ideia ona iruditzen zait, euskara ikasten ari diren horientzat askoz ere aberasgarriagoa baita entzuten ari direna idatzita ere ikustea. Zer iruditzen?

  • Lau iritzi nagusi horiek direna direla, ea noiz enteratzen garen ETBko kate bat behintzat EUSKARA HUTSEAN behar dugula. Generalista, ondo egina, kalitatezkoa, baina EUSKARA HUTSEZko emanaldiak eskaintzen dituena.
    Euskal hiztunak bere hizkuntzaren soinua dastatzeko eskubidea du. Harekin bizitzeko aukera izan behar du.
    Euskaldunaren belarriak hizkuntz normalkuntza modukoren bat nabaritu beharko luke inoiz, espainolaren erasorik gabekoa. Eta espainola diot, espainola baino ez delako ikusten gure geografia linguistikoan, horixe omen baita euskaldunok derrigorrean jakin behar dugun hizkuntza.
    Eta ez, ez du balio azpitituluekin, audioen aukerekin eta gainerako teknologiekin konpondu nahi izatea.
    Espainolek eta frantsesek hamaika kate dituzte beren hizkuntzetan, azpititulurik gabekoak eta normalkuntza osoz dihardutenak.
    Hainbeste ote da euskaldunok EUSKARA HUTSEAN diharduen KATE BAT, kate BAKAR BAT bada ere, eskatzea?
    Hori ere ez badute ikusten euskaltzaleen diren alderdiek, sektoreek, soziolinguistek eta bestelako intelektualek, A PAGA Y VA MONOS!
    (AZPITITULUAK: Ordain ezak eta joan hadi, tximinoa!)

  • Josu Amezaga 2017-01-14 16:26

    Meredith, espainolek eta frantsesek dutena, haientzat izan bedi. Guk guretzat zer nahi dugun pentsatu behar dugu.
    Hala ere begira zer duten espainolek (frantsesen kasua ez dut oraindik aztertu): kate generalistetan programazioaren % 75etik gora azpidatziak dituzte; eta % 20-40 artean, bigarren hizkuntza duen audio kanala. Jakina, nahi edo behar ez dituenak ez ditu ez azpidatziak ez bigarren audioak erabiltzen.
    Euskaldunak eta espainolak ezberdinak gara. Euskaldunak elebidunak gara, eta euskal herritarren ia erdiak ez du euskara ulertzen. Balia ditzagun beraz azpidatziak edota bigarren audio kanalak behar dituenarentzat; besteok ez ditugu erabiliko. Horrela, bideragarri egingo dugu euskarazko telebista publiko sendoa.

    • Zehaztu beharra dago, antza denez.
      Ez naiz ni teknologiatan aditua, telebista-kontsumitzailea eta hizkuntz erabiltzailea baizik.
      Eta esango nuke badakidala zer den euskaldun bezala nahi eta behar dudana. Eta ez naiz bakarra, milaka baikara EHn berdintsu sentitzen dugunok eta EUSKARA HUTSEZ mintzo den telebista bat nahi eta behar dugunok. Eta zeresanik ez hirurogei urtetik gorako euskaldunek.
      Euskaldun gehienok elebidunak garen arren.
      Baina egia, teknologiak ez daude inolaz ere sobran. Eta oso ondo daude audioen errekurtsoak, azpitituluak, zeinu-hizkuntzak eta gainerakoak.
      Baina kontuz! Ondo daude BALDIN ETA euskaldunen belarriak eta begiak erasotuak ez badira eta pantaila normaltasunez ikusteko aukera ematen badute eta euskaraz ez dakitenen laguntzarako badira.
      Iristen ari zaizkigun telebista kateen maremagnum honetan hori izango genuke EUSKAL HERRIRA ZABALDUKO LITZATEKEEN EUSKARAZKO TELEBISTA BAKARRA.
      MUNDUKO EUSKARAZKO TELEBISTA PUBLIKO BAKARRA, alegia.
      Audioak, azpitituluak eta bestelakoak, hautatu ahal izateko aukera hutsa izan beharko lirateke, ez euskaldunok pantailan derrigorrez ikusi eta jasan (bai, jasan!) beharko genukeen zerbait.
      Eta ETB1 izan liteke hori.
      Esperimentuetarako badira aski telebista inguruan: ETB2, ETB3, ETB4 eta, guzti horiek gutxi badira euskal erdaldunentzat, baita satelite bidezkoak ere.
      EUSKARA HUTSEZKO TELEBISTA BAT, beraz, nahiz eta bakarra izan.
      Ala ez al dugu euskaldunok gutxienez euskaraz diharduen kate bat izateko eskubiderik?

  • euskaldun bat 2017-01-15 13:23

    EITB birfundatu behar omen da, orain arteko ereduak ez omen du balio… eta planteamenduak egiten hasten gara… Ohartuko zarete, planteamenduak irakurrita, hasiera-hasieratik erdarak izan beharreko lekuan jartzen dela fokoa. Hau obsesioa erdararekin! Hain kolonizatuta gaude euskara hutsak izua sortzen duela! Horrela jai dugu. Egingo dira planteamendu berriak eta eredu moderno eta anitzak… nahi duzuen guztia, baina eredu berria ere hankamotz jaioko da eta jaio orduko krisian. Zergatik? Ba euskaldunen identitate beharrari ez diolako erantzuten.