Eguraldi onarekin, zer egin?

Eguraldi onarekin, zer egin?

Luze egin dira neguko hilabeteak, baina ekainarekin batera eguzkiak bere tokia hartu du. Amaitu dira eguraldi kaskarraz kexatzeko egunak, eta beroaz gozatzeko garaia ailegatu da. Baina, zer egin eguzkiari zukua ateratzeko?

Ideia kazkabarra proposatzen diet ZuZeulariei urteko egun hauetaz bene-benetan disfrutatzeko:

  • Planen erregea: Hondartza. Lapurtar, gipuzkoar eta bizkaitarrek hondartza ederrak dituzte, eta gainontzekoek emigrazio playeroa-ri ekingo diote. Hondartzara bainujantzian heldu, etzan, azala belztu, palekin jolastu, gaztelu bat eraiki eta Kantauri itsasoko ur hotzetan murgildu. Jendetzaren estresa gorroto ez baduzu, udan gutxienez behin egin beharreko plana!
  • Hondartzaren alternatiba merkea: igerilekuak edo urtegiak. Hondarra irina bailitzan krotekarena egiteko aukerarik ez du ematen, eta kaiorik ere ez da. Halere, eroso eta seguru joan daiteke bertara, ur-korronteek haurrak desagertarazteko beldurrik gabe. Plisti-plasta eta hondarra ipurzulora sartu gabe!
  • Ibilaldiak: Mendia. Lokarriak estutu eta egunpasa, goizpasa edo arratsaldepasa. Lasaitasunez izerdi pixka bat bota, ingurune politak ikusi eta nekearen aitzakiarekin ondo jan. Bakoitzak bere arrazoiak ditu mendira joateko, eta argudio onak behar dute izan Gorbeako tontorra jendez lepo badago astebururo!
  • Parkera: Parkean etzatea ingelesez parking ote? Indiokeriak aparte, zer hobeagorik familia edo lagunekin belar gainean etzan eta zuhaitzen itzalen erritmopean mugitzea baino. Konpainia onaren osagaiaz gain, freskagarri edo karta jokoek denbora oharkabean pasatzen laguntzen dute.
  • Izozkia: Beroari aurre egiteko izozki gozoa dastatzea udako gutizia da. Ez urtzeko bezain bizkor, baina patxadaz jesarrita zauden lasaitasunez. Zapore, kolore, prezio, itxura eta tamaina guztietako izozkiak daude salgai. Zeuk ere egitea ez da aukera txarra. Edozein ingurunetan jan dezakezu, eta egon seguru, ikusten zaituzten guztiak inbidiaz blaituko dituzula.

Ideia batzuk besterik ez dira. Badaude gehiago: aquapark batera joan, kanping dendarekin irteera egin, herri zoko ezezagun batera bidaia egin, liburuak eguzkipean irakurri… Aprobetxatu gauza hauek edo beste batzuk egiteko, beroarekin nekatzen hasi baino lehen!

Eguraldi onarekin

Luze egin dira neguko hilabeteak, baina ekainarekin batera eguzkiak bere tokia hartu du. Amaitu dira eguraldi kaskarraz kexatzeko egunak…