San Mames hil da, Gora San Mames barria!

Nork pentsatuko zuen San Mames ixtea ikusiko genuenik. Nik ez nuen espero. Zelai berria eraikiko zutela jakin bagenekien, baina nik nahiko urrun antzematen nuela-eta, ustekabean harrapatu nau agurrak. Athletic-ek eta Bizkaiko selekzioak jokatuko duten partiduaren amaieran ez dakit malkoren bat isuriko dudan. Denok dakizuenez, gizonak ez dugu negar egiten.

Bromataz aparte, une berezi ugari joango zaizkigu San Mamesekin batera. Esaterako, Sevillaren kontrako Kopako finalderdietako partidua edota Osasunari eman genion errepasoa (gomutan daukadan lehen gau magikoa). Aurrekoan ETB1-ek eskeini zuen dokumentala ikusi nuen eta, iazkoa gogoratuz, hunkitu ere egin nintzen. Berbarako, Manchesterren aurkako partidua oso berezia izan zen Athleticzaleentzat. Eta Sporting-i Llorentek sartutako gola zer esanik ez! Zuri-beltzez ikusten genituen partidu zaharrak kolorez agertzen zitzaizkigun.

Izan ere, Athleticzale batentzat oso berezia izan da San Mamesen bizitakoa. Ez da bakarrik Athletic, baina konpainak ere garrantzi handia dauka. Lagun, familia eta ezagunak nahasten gara harmailetan eta Pozas kalean. Athleticek batzen duen famili handi bat osatzen dugu. Horregatik, zaila egingo zaigu hemendik aurrera, izan ere, beti ondoan izan ohi genuen gizon-emakumea ez da geure alboan eseriko. Dena den, zelai berri eta handiagoa izango dugu, familia handitzeko aitzakia, beraz.

Eman diezaiogun merezi duen agurra San Mamesi eta izan ditzagun akorduan bertan bizitako momentu onak. Tristeziak ez dezala agurra lasotu, izan ere, San Mames eraitsi arren, San Mames barriak aurki hartuko gaitu. Denbora berriei egokitzea suertatu zaigu Athleticzaleoi, halabeharrez. Ezer ez da betiko. Dena den, jokalariak, presidenteak, entrenatzaileak, langile eta zaleak joango garen arren, Athletic-ek iraunen du zutik!

San Mames hil da, gora San Mames barria!

PD: Zoritxarrez, Euskal Selekzioak partidu ofizial bat ere jokatu barik itxiko da San Mames. Ea San Mames barria Euskal selekzioaren partidu ofizialen plaza bilakatzen den.

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.