Eguneroko menua Ezkabako gotorlekuan
Eguneroko menua Ezkabako gotorlekuan –
Ezkabako ihesaldiaren 80. urteurrena da gaur, maiatzak 22
…
- Gosaria: belar ezezagun batzuen egoski bat.
- Bazkaria: kazo bat ur zikin, eta txitxirioekin baldin bazen, txitxirio gutxi batzuekin, eskuko hatzekin zenbatu zitezkeenak; eta dilistekin bazen, dilista-azal hutsekin. Ur zikin horren azalean “titoak” egoten ziren, zerak, harrak… mastekatzean soinu berezi bat sortzen zutenak ahoaren barruan. Preso batzuek iluntasunean jaten zuten, “titoz” betetako ur zikin hori irentsi ahal izateko, zer ari ziren irensten ikusi gabe.
- Afaria: kazokada bat ur patatekin ala kalitate txarreko laranja bat, ia-ia beti jelaturik; ala tableta bat txokolate… Txokolatearenak merezi du aipatzea. Txokolate tableta hori xafla fin bat zen, zuloak zituena eta osagarri ezezagunez egina. Txokolate horren kontura abesti bat ere sortu zen, ironiaz betea: “El que de hambre no se ha muerto se lo debe a Manterola” (Gosez hil ez denak, Manterolari eman behar eskerrak). Manterola hori Iruñeko Zapateria kaleko txokolate-egilea zen: egunero-egunero mezatara joaten zen gizona omen zen, baina presoen lepotik ateratzen zuen atarramendua.
…
Pasarte bat da, ez bertzerik, gotorteluko eguneroko menua zein zen azaltzen duena. Juan Mari Pallin-ek idatzitako San Cristobal gotorlekuko espetxe bizitzari buruzko testigantza argitaragabea liburutik aterea. Juan Mari Pallin-ek idatzitako liburua, erdaraz dago, eta guztiz gomendagarria da. Eta kontatzen jarraitzen du:
“Rojas zuzendari-administratzailea ez zen diziplinaz arduratzen, baina bai, ordea, presoen kontura aberasteaz; presoei espetxean ematen zitzaigun janari apurrekin, preso asko gosez hiltzen ziren, ez baitzen heltzen 1000 kaloria izatera preso bakoitzarentzat eguneko”
Ezkabako gotorlekutik egindako ihesaldiaren 80. urteurrena betetzen den maiatz honetan zorionak eman behar urte hauetan guztietan gure oroimen historikoaren esparru, harriz betea, ildoak egiten eta jorratzen aritu eta aritzen direnei, baita Juan Pallini ere bere testigantza argitaragabea argitara ateratzeagatik. Lortu du, besteak beste eta irakasle konprometitu batzuei esker, Ezkaba mendiaren magalean dauden Iruñerriko hainbat eskolatako umeek jakitea begien aurren duten gotorleku horretan eman zela Franko diktadorearen garaian espetxe batean izandako ihesaldirik handiena, baita bertako presoek egunerokoan ze jaten zuten jakitea ere.
Egunero ere ikusgai, zinismoaren eta sadismoaren adierazgarri, espetxearen horma txuri batean beltz, mezu hau: “Beste herrialdeetako espetxeak bisitatu eta gurearekin alderatuko balira, okertzeko beldurrik gabe ziurtatzen dizuet ez dagoela gurea bezain justu, katoliko eta gizatiarragorik den espetxe-sistemarik mugimendu nazionalak hemengo giltzapetuei ematen diena baino”. Espainolez dago, oraindik irakurgai: “Si se visitasen los establecimientos de los distintos países (…) no se encontraría uno tan justo, católico y humano (…)”, eta gainetik desegin berri den ETA erakundearen sigla, letra handitan, esku ezezagun batek zizelkatuta.