Egun historikoa: Anasagasti euskaraz senatuan
“Lehen aldiz demokraziaren historian euskal senatariek, katalanek eta galiziarrek Ganbera Nagusiko Jaun Andere horiei euren hizkuntzan egin ahal izango dituzte parte-hartzeak” zioen atzoko albisteak. 2011ko lehen osoko bilkuran aukera hori izango dute senatariek. Anasagastik, zehazki, Sudango egungo egoerari buruz egingo du berba gaur, PPk aurkezturiko mozio bati erantzuteko, Deiaren arabera.
Ez naiz ni izango Madrilgo senatuan euskaraz hitz egitea aurrerapauso ez dela esango duena, baina marka da Anasagasti euskaraz entzuteko Madrila begira egon beharra ere! Bere blogean liburuei buruz, kronika parlamentarioak, historiako lezioak, Venezuelako kontuak irakurri izan dizkiot, eta beti gaztelaniaz, dena gaztelaniaz. Bere liburuak ere, azkena Una monarquia protegida por la censura ere gaztelania hutsez egin ditu.
Anasagastik dio euskara senatuan entzutea “albiste ona” dela, “baina ez beste ezer; urrats garrantzitsua da baina oraindik urrats definitiboa egiteko dago: euskara Senatuko eztabaida guztietan erabili ahal izatea”.
Haatik, ez da lehen aldia izango Madrilgo senatuan euskaraz egingo duten lehen aldia, ezta katalanez edo galizieraz egingo dutena ere. Autonomia erkidegoen batzar orokorretan gaztelaniaz besteko hizkuntzak ere erabiltzeko aukera zegoen, baina orain senatariek osoko batzarretan ere erabili ahal izango dute, soilik mozioen eztabaidan hala ere, eta ez Gobernuaren kontrol saioetan.
Senatariak darabilen hizkuntza hori ulertzen ez dutenentzat aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da, bi interprete ariko dira euskaratik itzultzen, hiru katalanetik eta bi galizieratik. Hala ere, PPko zenbait senatarik aurreratu dute ez dutela itzulpen zerbitzua erabiliko, garestiegia ei delako.
Anasagastiren blogak ez dit min askorik egiten. Ni Josu Erkorekaren blogak mintzen nau, eta tristetu ere bai. Izan ere, gai serioetarako gaztelaniaz dihardu (“Goliat-en hizkuntza” Izagirrek gogorarazi berri duenez), baina mendian egiten dituen txangoak kontatzeko euskaraz.
Tristura handi bat, Lizardirena Donapaleutik bueltakoa bezalakoa:
“Gure anaia hauen artean, mugaz honuzko alderdiko euskaldunen eri berberari ohar natzaio. Buru-jantzienak, jakitez ertenenak, euskeraz ahal duten gutxien aritzen dira, nahiz jardungaia erreza izan…”
Niri ordea barre algaraka egiteko gogua ematen dit nor eta Anasagasti euskaraz espainiako Senatuan egiten, ez badaki¡, nola aurpegia edo obeto esanda muturra behar da euskaraz ez dakien batek Sudani buruz euskaraz hitz egiten. Ala por ahi¡. Berari ere eman beharko diote entzungailuak itzulpen zerbitzuaz baliatzeko esaten ari dena ulertu dezan
Baina… Anasagastik ba al daki ba euskaraz? Ez diot sekula berba bat entzun euskaraz, eta hau irakurrita… “urrats garrantzitsua da baina oraindik urrats definitiboa egiteko dago: euskara Senatuko eztabaida guztietan erabili ahal izatea”.