Egin zaitez eleaniztun etxetik mugitu gabe!

Egunkariek diotenez, katalanez hitz egiten duten hiztunak honako hizkuntza hauek menperatzera igaro dira bat-batean, Aragoiko Korteen gaurko dekretu baten bidez: LAPAO hizkuntza (Lengua Aragonesa Propia del Area Oriental) eta LAPAPYP (Lengua Aragonesa Propia de las Areas Pirenaica y Prepirenaica) delakoa.

Katalan guztiak, beraz, eleanitzak dagoeneko.

Esan gabe doa denbora kontua baino ez dela izango Euskal Herrian ere hizkuntz proposamen berriak izateko.

Momentuz ondoko hauen proposamenetatik has gintezke, Nafarroan, esaterako, baldintza politiko ezin egokiagoak ematen baitira horretarako:

LENAPAO (Lengua Navarra Propia del Area Oriental) eta

LENAPROPYP (Lengua Navarra Propia de las Areas Pirenaica y Prepirenaica).

Baina, jakina, Urkulluren eskuetan dago bestelako proposamenak ere egitea eta Legebiltzarrera eramatea.

Guk hemendik honako hauek iradoki nahi genituzke hasikin gisara:

LEVIPAOC (Lengua Vizcaina Propia del Area Occidental)

LEGIPAC (Lengua Guipuzkoana del Area Central) eta

LEVUAAV (Lengua Vasca Unificada del Area Autonómica Vasca)

Hizkuntza bakoitzak, noski, bere Erret (bai, Errege) Akademia propioa beharko luke (horrek filologoen artean ekarriko lukeen langabezia-tasaren jaitsierarekin).

Eta Iparraldeko jendea ere espabilatu dadila, mundu modernoaren tren azkarra galdu nahi ez badute behintzat!

Horrelako aukera gutxi egoten da-eta poliglota izateko!

Klig

3 pentsamendu “Egin zaitez eleaniztun etxetik mugitu gabe!”-ri buruz

  • Galder Gonzalez 2013-05-09 20:30

    Ez da zuzena: LAPAPYP ez da katalana, aragoiera baizik.

  • izarpezelai 2013-05-09 20:44

    Egia da, LAPAPYP aragoiera da, Aragoiko agintarien ustez. Despistatu samar dabil artikuluaren egilea, katalanarekin nahastuz. LAPAO izango litzateke , aldiz, Aragoian hitz egiten den katalan hizkuntza. Horren haritik
    zer nahi duzue nik esatea? Astakeria hutsa dela, zalantzarik gabe, aragoierari eta katalanari holako izen xelebreekin izendatzea, beren benetako izena ez esatearren (antza, horrek minduko luke Aragoiko agintarien sentsibilitate espainolista). Atzerapauso handia aurreko legearekin alderatuta, katalanari eta aragoierari koofizialak izateko zirrikitu txiki bat irekitzen ziena.