Egin itxita eta Elkoro aske, Meltxorren salaketa
“Aske da Jose Luis Elkoro, libre, bost urtez etxean preso egin ondoren eta aurretik beste hiru espetxean eman eta gero. Une oro kontrolpean izateko jarrita zeukan orkatilako telematikoa atzo kendu zioten”. Jokin Sagarzazuri irakurri genion atzo Elkoro aske zenaren notizia Berria egunkarian, “Giltzarraporik gabe, libre” lerroburuan zuela.
“1998ko uztailaren 15ean eman zuen Baltasar Garzonek, orduan Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile zenak, Egin egunkaria eta Egin irratia ixteko agindua, eta handik zazpi urtera hasi zen 18/98 makrosumarioaren kontrako epaiketa, 2005eko azaroan. 2009an emandako epaian, 38 lagun zigortu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak”. Tartean zen egun 80 urte dituen bergararra.
Elkoro aske den arren, Egin zenaren beste hiru arduradunek jarraitzen du espetxean, Jexux Mari Zalakainek, Jabier Salutregik eta Carlos Trenorrek. Baita makrosumario berean zigortutako Joxean Etxeberriak, Bixente Askasibarrek, Txema Matanzasek, Juan Mari Mendizabalek eta Elena Belokik ere.
EAJ-ri salaketa
Elkorok jasan behar izan duena, “beste askoren kasuan bezala, bidegabekeria, samina eta mendekua izan da espainiar Estatuaren aldetik, eta betiko adierazpen askatasunaren defendatzaile zinikoen partetik“, dio Igor Meltxor analista politikoak, bere blog-ean argitaratu duen “Yo acuso” sarreran, gazteleraz: “Euskal Herrian adierazpen askatasunak izan dituen erasoen aurrean oso erantzun ezberdinak izan dituztenen zinismoa eta hipokrisia salatzen dut gaur“.
Salaketa, hein handi batean, EAJ-ko agintari historiko batzuei zuzendua dago, eta Meltxorren testu osoa goiko estekan baduzue ere, iraganean politikari hoietariko batzuen esanak ekarriko ditugu gurera.
“Nik salatzen ditut 1998ko uztailean Egin eta Egin Irratia ixten lagundu zutenak, aurretiko lan eskerga eginda”. Orduan adieraziak:
“Eginek destatu, ETA-k tiro egin” (EGI-ren kanpaina, 1991ko abendua).
“EGIren kanpaina justifikatua dago” (Joseba Egibar, 1991/12/15).
“Eginen desagerpena mesedegarria litzateke higiene demokratikoarentzako” (Jose Antonio Ardanza, 1993/11/24).
“Egin amonal bonba txiki bat bezalakoa da” (Juan Maria Atutxa, 1996/8/22).
“Nik salatzen ditut iritzi publikoaren aurrean jarrera hipokritarekin triste eta haserre agertu zirenak 2003ko otsailean Egunkaria itxi zutela-eta, aurreko urteetan egunkariaren desagerpenaren alde egin zutenean”:
“Esanguratsua da `zerga iraultzailea´ biltzeaz arduratzen den sarearen eta HB-rentzako hain garrantzitsuak diren erakundeen arteko bat egitea, Mahai Nazionala, Egin, Euskaldunon Egunkaria eta LAB sindikatuarena” (Juan Maria Atutxa, 1992/2/3).
“EAJ-k egunkariarekiko zuen mesfidantzaren arrazoia, azken honetan MLNV-k, KAS-ek eta zuzenean ETA-k zuen parte hartze estu eta zuzena zen” (Joseba Egibar, 1993/7/22).
“Nik salatzen dut, hipokritatzat salatu ere, Ibarretxe Lehendakaria. Egunkaria itxi ondoren egunak igaro zituen iritzia eman gabe eta itxieraren kontra deitu zen Donostiako manifestaldira ez joatea erabaki zuen. Oraindik ere gogogan ditut hango oihuak: “Non dago Ibarretxe? (…)”.
Igor Meltxor-en blog-era esteka.
Egin itxita eta Elkoro aske, Meltxorren salaketa
Oso ona artikulua. Herri honetako hipokrisiaren historiaren orrialdeak amaiezinak dira