Egiak eta gezurrak sozialismoan eta sozial asmoan. Mitoak (III)
Egiak eta gezurrak sozialismoan eta sozial asmoan –
Federiko Krutwig Sagredo (Ihartzatar Heiko Sagredo) filosofo eta ideologo abertzaleak idatzitako testu zatia ekartzen da hona, sarrera honen egileak euskara batura egokitua. Aitzinekoa bada ere (1976), garai egokiak dira bere hitzak berreskuratu eta hausnartzeko.
Pasa diren asteetan, testu osoaren lau ataletatik bi aurkeztu dira hemen, erabiltzaileak nahi beste irakur ditzakeenak:
- Pertsona guztiak sortzez inteligente bezain berdinak direlako mitoa (eka-28)
- Produkzio bitartekoen “nazionalizazioaren” bidez, sozialismorako lehen urratsak egiten direlako mitoa (uzt-04)
Gogora beza irakurleak Krutwigen artikulu osoa Udako Euskal Unibertsitatearen Zabal aldizkarian topa dezakeela, aipatutako urteko uztail-abuztuko alean (19) eta “Egiak eta gezurrak sozialismuan eta sozial asmoan” izenburupean.
“Aurrerapen” sozialaren mitoa
Mito hau Marxek asmatu zuen, lurralde guztietan “ekoizpen moduen” segida beti gertatzen dela baieztatuz. Baina adierazpen hau maltzur eta gezurrezkoa da, Marxen baieztapen hori bizpahiru herrialdeetan baizik ez baita agertzen. Lege bat ezin daiteke atera etsenplu sorta handi eta luze batetik ez bada, eta honela Marxek “egoera sozial” bat, salbuespena baizik ez zena, legetzat hartu zuen. Produkzio moduen lege horren arabera, lehenengo gizarteak, jatorrizko komunismoaren ekoizpen moduekin bizi izan dira beti. Produkzio bitartekoak hobetzen zirela, beti –hau baita, Marxen aburuz, lege mekanizista honen puntu gogorra–, eta nahitaez, esklabo sistema ekonomikoa sortu zen. Honen atzetik, jauntxoen feudalismoa etorri zen, eta honen ondoren burgesen kapitalismoa. Honela, Marxek profezia sortu zuen, non kapitalismoaren ostean, derrigorrez sozialismoa etorri behar zuen. Sistemen segidaren lege hura ametsa baizik ez dela orain badakigu, lehenik Marxek aipatzen zuen katea ia inon ere ez baita gertatu. Beraz, salbuespena.
Geroago, Marxek bere garaiko fisikan nagusi zen “determinismo” gogorraren printzipioan pentsatu zuen. Eta fisika berriak erakutsi digunez, fisikan (naturan) halako legerik ez dago; Halakotz, historian, askoz gutxiago.
Geroago, Marxek, “dialektikazko” lege objektiboetan pentsatzen zuen. Eta hemen ere, biologia-ikerketek naturan dialektikarik ez dagoela zalantzagabeko zigurtasunez erakutsi dute. Beraz, Marxek bere legeen oinarritzat hartzen zituen printzipioak, euren gogortasunean faltsuak direla orain badakigu.
Honen arabera, Marxek pentsatu zuen “aurrerapenaren” eta “historiaren” zentzua baieztapen maltzurra besterik ez da, historiak ez baitu “zentzurik”, Marxek bere “ekoizpen moduekin” eta “ekoizpen moduen bidez” determinatu zuen bezala. Eta sistema feudala ere ez dator sistema esklabistaren atzetik. Are gehiago: Marxek egin zituen taldekatzeak oso faltsuak zirela ikasi beharko genuke, zeren eta jaun feudalen sistemen arteko diferentziarik ia-ia ez dago, baina esklabo sistemak Mundu Zaharrean oso desberdinak izan dira.
Beraz, Marxen historia-sailkapenetan arbitrariotasuna baizik ez dago. “Historiaren zentzua” hain da asmakuntza faltsua, ezen hazi zientifikorik ere ez daukan. Marxek hemen ere, beste kasuetan bezala, fikzio zientzia baizik ez zuen izkiriatu, Jules Verne-rena baino faltsu eta oinarri gabekoagoa.
Egun on.
Kuriosoa egin zait artikulu hau euskaraz irakurtzea. Tronpatzen ez banaiz artikulu hau “La Nueva Vasconia” liburuaren hitzaurrean irakurri nuen lehenbizikoz, gazteleraz.
Honek subjektu iraultzailearen ukapena dakar berekin. Krutwigentzat aldaketa sozialaren motorra ez litzateke klase borroka eta, beraz, kapitalismoan proletalgoak lukeen misio iraultzailea ez litzateke marxismoaren analisi kaskarretik ateratako ondorio bat baizik. Krutwigentzat langilegoa masa idiota eta sormenik gabekoa litzateke oro har, eskulana. Berarentzat historia gizaki adimentsuenek bultzatua da, eta adimen hori errenazimenduko espirituak bultzatu beharko luke.
Hein handi batean Krutwigen sozialismoaren aurkako herra sozialismoaren adar batzuetan ematen den bulgaritate, populismo eta berdinkeriagatik litzateke, berdinkeria faltsu horrek dakarren adimentsuenen bazterketa dela eta.
Zoritxarrez guretzat, Krutwigen ideiak modu integratu eta garatu batean hedatuko dituen mugimendurik ez da gurean.
(Jarraituko du… Agian)
Kaixo, Euskaldun. Ez dut Krutwigen lanean nahi nukeen beste sakondu. Ez dakit proletalgoaren idiozia nora arte neurtzen ote zuen. Baina egia dena, aski probatua, zera da: klase langileak auto propioa eta Torreviejan oporraldi pisua erosteko adina $ lortu zuenean, aurreikuspen marxistak erori egin ziren (euren arabera, pobreziak jota eta kasik jan barik -Marxen garaian bezala, bidenabar- egon beharko genuke Mendebaldean…). Horren ordez, klase gatazka orain ez da burges-morroi artekoa (halakorik oraindik koreatzen bada ere); orain andra-gizon, hetero-LGTB, txuria-arrazializatua, kristaua-ateoa… Hots: “minoria”, vs Mendebaldeko kultura. Fenomeno horri askok “marximo kultural” deitu diote (niretzat, liberalismo kapitalistaren itsuraldaketa hutsa, diskurtso marxistarekin). Eta, hara! Ezker guztia bertan erori da, txintik esan gabe. Krutwigen testu hau irakurtzea, niretzat, aski iraultzailea izan da. Horregatik euskal komunitatearekin partekatzeko nahia, gure burua berriz topa dezagun.