Moda lasaia, derrigorrez

Moda lasaia, derrigorrez –

Halabeharrez, moda azkarrari buruzko dokumentala ikusi dut. Bertan, azken hamarkadetan nazioarteko enpresek zabaldu dituzten metodoen berri izan dut. Antza denez, Inditex taldea (Zara, Bershka…), H&M… eta enparauek duten ekoizpen eta salmenta sistemak arrakasta handia du leku askotan. Arropa merkea saltzen dute eta etengabe aldatzen dute. Gakoa prezioan dago.

Badira, marka garestiak, noski. Eta jendeak marka garestietan konfiantza du edo segurtasuna sentiarazten die. Kasu askotan, marka hori agerian eraman nahi du. Kirol arropan Nike, Adidas, Puma…  etengabe ikusten dugu. Kaleko arropan Levi’s, Lacoste… ehundaka marka daude eta merkeak ez izan arren, kontsumitzaileek ordaintzeko prest daude.

Moda lasaia, derrigorrez
Txilen dagoen arropa pilaketa.

Baina oro har, jendeak nahiago du arropa merkea kontsumitu eta etengabe erostea. Esango nuke neskek eta emakumeek batik bat. Kalean edo merkatal guneetan emakume gehiago ikusten dira dendaz denda. Era berean, denda gehiago ere badaude haientzat zuzenduak. Publizitatean ere nabari da. Eskaintzak eskariarekin bat egin nahi du, dirudienez.

Edozein jantzi sortzeak, ordea, kutsadura handia sortzen du. Sortzeko, garraiatzeko… Eta are gehiago kantitate handian egiten badugu. Arropa eta osagarriak erosi eta aldi gutxitan jantzi ondoren bota egiten ditugu. Batzuetan behin edo bitan bakarrik erabili ondoren. Gaiak zer pentsatua eman dit eta hori dela eta webgune honetarako artikulua idaztea ideia ona dela pentsatzen dut. Denok egin behar dugun kontsumo jasangarri eta arduratsuaz azterketa beharko genuke.

Lehenik eta behin, gobernuak horrelako egoera ekidin beharko luke. Enpresa horien metodologia zein den jakinda, zergen erabilpena nabarmen lagunduko luke kontsumo iraunkorra bultzatzen, baita baldintzak gogortzea ere. Adibideren bat ikustearren, gobernuak enpresa horiei arropen esportazioen kontrola eska lekieke. Honekin batera, aproposa izango litzateke Europar Batasunak txiroak diren herrialde horietan neurriak hartuko balitu, hala nola, egiten diren kontratuetan lan nahiz soldata duinak eskaintzea izatera behartzea “Europan saldu nahi duzu? Ados, ba zure langileen baldintzak duinak direla bermatu iezadazu”.

Guri dagokigunez, egoera honetaz kontzientziatu behar gara eta kontsumista den ohiturari etena jarri. Horregatik, erosketa masiboak egin beharrean benetan erabiliko ditugun eta baita beharrezkoak ditugun arropak besterik ez  erosten hasi. Izan ere, askotan politak iruditzen zaizkigun arropak erosten ditugu egunero erabiliko ditugulakoan, baina egia esateko, gure armairuan ditugun prenden ehuneko handi bat une batean izan ditugun apetak dira. Horren ondorioz, gutxitan janzten ditugu, eta, gehienetan, zakarrontzira botatzen ditugu berri dauden arropak.

Agian, gobernuek ere urtean zehar erosi daitezkeen praka, gona, soineko, alkondara… eta abarrei topea jarri beharko liekete. Seguru jende asko ez legokeela ados. Baina tabakoarekin egin den bezala, eta gasolinazko autoekin egingo den bezala, debekuak edo mugak ezarri beharko dira. Niri arropa ezberdinez gozatzea gustatzen zait. Baina agian, bigarren eskuko arropa edo alokatzeko arropa sistemak bultzatu beharko lirateke.

Laburbilduz, gaur eguneko gizarte kapitalista honetan krudeltasuna edonon dago eta modu pasibo batean gu gara gaiztotasuna areagotzen ari garenak. Hala ere, hori iraultzeko, aintzat hartu behar ditugu gure erosteko ohiturak eta zentzuz jokatu behar dugu. Izan ere, horrela bakarrik lortuko dugu jasangarria den kontsumoa sustatzen.

Moda lasaia, derrigorrez