Egiak eta gezurrak sozialismoan eta sozial asmoan. Azkena (IV)

Egiak eta gezurrak sozialismoan eta sozial asmoan. Azkena (IV) – 

Federiko Krutwig Sagredo (Ihartzatar Heiko Sagredo) filosofo eta ideologo abertzaleak idatzitako testu zatiaren azken atala ekartzen da hona, sarrera honen egileak euskara batura egokitua. Aitzinekoa bada ere (1976), garai egokiak dira bere hitzak berreskuratu eta hausnartzeko.

Gaur arte, testu osoaren atal guztiak aurkeztu dira hemen, honekin batera. Erabiltzaileak nahi beste irakur ditzake, hondoko esteketan:

Gogora beza irakurleak Krutwigen artikulu osoa Udako Euskal Unibertsitatearen Zabal aldizkarian topa dezakeela, aipatutako urteko uztail-abuztuko alean (19) eta “Egiak eta gezurrak sozialismuan eta sozial asmoan” izenburupean, ‘Mythoak’ zatia.

Problema nazionala, arazo sozialaren aldea baizik ez delako baieztapen maltzurra

Historiak, gauzak oso bestela gertatu direla erakusten digu. Klase sozialak beti nazio zapalkuntzaren ondorio izan dira; herri menperatzaile batek ahulagoa menperatzen zuenean, menperatua haren estruktura sozialetan morroi eta sehi gisa integratzen zuen. Honela, herri menperatuak esklabo bilakatzen dira. Beraz, egia, marxisten baieztapenen kontrakoa da; arazo soziala, arazo nazionalaren aldea baizik ez da. Honela, egiak garbi ikusten ditugunean, problemen soluzioetara ailegatuko gara. Inork ere ez du ukatzen oraingo gizarteetan esplotatzaile eta esplotatuak daudenik. Problematika hau inportanteegia da baieztapen maltzurren bidez tratatzeko. Orain arte, ikusi ditzakegu zenbait herrik beste batzuk esplotatzen dituztela. Honela, Ipar Amerikak, Hegoaldekoa bere osotasunean esplotatzen du. Eta Iparramerikaren egoera ekonomiko ona, zentzu askotan, herri menperatuen egoera ahularen gainean finkatzen da. Baina hemen ere ezin gaitezke estremistak izan, esplotazio honen erroak ere, herri baten (esplotatu eta esplotatzailearen) barne baldintzetan baitaude.

Egun, herri guztien buruan, problema nazionalak inportantzia handiagoa duela finkatuta dago, gizarte asmoak baino. Eta hau honela da, naturak eman duelako. Marxistek, herri gatazkaren ordez, klaseena ezarri nahi izan dute, Marxek asmaturiko dialektika objektiboaren bidez gauzak hankaz gora jarriz. Baina marxisten baieztapen hauek, desira besterik izan ez direla erakutsi digu praktikan historiak. Errusian, komunismoaren idealak pizten saiatu ziren; baina azken gerran, alemaniarrek Errusia eraso zutenean, Stalinek berehala ikusi zuen internazionalismo proletarioaren eta komunismoaren idealak ez zirela aski Sobiet Batasunaren egoera militarra salbatzeko. Eta honela, herriarengan borrokatzeko morala pizteko, Kutuzov*-en eta beste jeneral inperialisten espirituak hilobietatik atera zituen, alemaniarren kontrako guda epopeia nazional bilakatuz. Honela, gauzak serio jarri ahala, Errusian ere sozialismoaren eta komunismoaren idealak, pertsonek euren bizitzak joko eta arriskuan jartzeko nahikoa ez zirela ikusi genuen. Praktika, hemen ere marxisten desiraren kontra mintzo da. Gatazketan, hil ala bizitzeko problema sortzen denean, eguneroko hitzontzikeria utzi, eta egiazko balioak berriro gainera datoz.

Eta Errusian gertatu denez, horrela ere beste herrietan gertatzen da, Gérard Chaliand**-ek dioen bezala. Hirugarren Munduan ere iraultzek ez zuten irabazi, baldin eta nazionalak ez baziren. Eta iraultzok nazionalak zirenean, euren idealetan klase osagairik ez zuten behar. Honela, Txinan, Maoren iraultzaren laguntzarik hoberena, Japoniaren inbasioa izan zen. Eta Vietnamen, amerikarren interbentzioa. Egun ere, Euskal Herrian berdina ikusten dugu, euskal nazioaren ezaugarriak hobe eta sakonkien gordetzen dituzten lurraldeetan, eta euskal jalgitzea handien den lekuetan.

Beraz, euskal erreboluzioaren txit iraultzaileak euren baieztapen maltzurrekin etortzen zaizkigunean, beti konstatatzen dugu Euskal Herrian iraultzaren kontrako izan direla. Euskal abertzalego iraultzailearen kontrako baieztapen espainolistek, ukan badute berariazko zentzu eta eduki nazionalista; baina nazionalismo hori Espainiazalea da. Hitz jarioaren atzean, espainolen asmo inperialak estaltzen dira. Euskal gatazkaren fruituak Espainiari eman nahiko lizkiokete, euskaldunak espainolen sehi egiteko. Eta zentzu honetan, euskal langileriak Espainiakoaren alde borrokatu behar duela, eta euskal estrategia alde batera utzi behar dugula esaten diguten guztiak, traidore edo leloak dira.

Abertzale iraultzaileok Euskal Herriaren askatasun eta eskukotasuna nahi ditugu, eta Euskadi Europa libre batean, Euskal Herria bere barne egituretan libre izan dadin. Euskal Herriko oraingo egoera historikoan, zapalkuntza Espainia eta Frantziatik inportatutako sistema kapitalistaz etorri zaigu, eta esplotazio sistema honen oinarri eta erroak kendu nahi ditugu. Baina jakin badakigu askatasunez, Euskadi estatu independente eta kapitalista izanaz, etxean esplotazioaren birusa utziko genukeela. Beraz, birus hori etxetik egotzi nahi dugu, eta hori egiteko Euskal Herriko jendearen eskukotasuna nahi dugu. Elkartasun hau, euskal erkidego batean agitu behar dugu.

Eta euskal erkidego burujabea agitzeko, guztiok batera lan egin behar dugu, dogmakeri eta maltzurkeriarik gabe.

* Mixel Kutuzov, jeneral errusiarra (San Petersburgo, 1745 – 1813 Bunzlau, Prusia). Bere sorterriko gudagizon historikoen artean garrantzitsuenetakoa, batez ere gerra napoleonikoetan betetako paperagatik. 

** Jatorrizkoan «Robert Chaliand» dio autoreak. Suposatzen da errakuntza dela, geopolitikan eta Hirugarren Munduko gatazketan erreferentea Gérard Chaliand baita, jatorri armeniarreko politologo frantsesa.

Egiak eta gezurrak sozialismoan eta sozial asmoan. Azkena (IV)

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"