Bihotza eta Hizkuntza askea!

Bihotza eta Hizkuntza askea! –

Ez dago gure bizitzaren norabidea jakiteko modurik. Izan ere, erabaki bat hartzea izan daiteke antolatuta genituen planen guztien amaiera, baina esaten den moduan, ate bat ixten denean leiho bat zabaltzen da.

Duela hilabete batzuk nire herriko euskaltegira apuntatu nintzen eta beti egiten den legez, ikasle guztiok gure aurkezpenak egin genituen. Dena “normal” zihoan harik eta nire ondoan eserita zegoen ikaslea hitz egiten hasi zen arte. Bere izena David J. Fogarty zen eta susmatuko duzuen bezala bera ez zen Euskal Herrian jaio. Momentu horretan piztu zitzaidan interesa. Zerk ekarri zuen David Euskal Herrira? Zer-nolako zailtasunei aurre egin die? Zergatik ari da euskara ikasten? Galdera mordoa suertatu zitzaizkidan, eta horregatik, elkarrizketa bat izatea eskatu nion nire zalantza guztiak argi ziezazkidan.

David Irlandan kokatutako Cork izeneko hirian jaio zen, baina 13 urte zituenean bere gurasoek Dublinen bizitzeko erabakia hartu zuten, zuten guztia bertan atzean utziz. Aldaketa handia izan zen Davidentzat; izan ere, garai hartan komunikazioa mantentzeko moduak eskasagoak ziren (ez zegoen Whatsapp-ik!) eta horrek bere lagun guztien arteko harremana ahuldu egin zuen. Hala eta guztiz ere, bere bizileku berrian ez zuen zailtasun handirik izan integratzeko, eta, gainera, rugby taldeko jokalaria izateak talde baten parte sentitzen lagundu zuen. Horretaz aparte, bere ikasketek arrakastatsu egin zuten aurrera eta 18 urte zituenean Irlandako Unibertsitate Nazionalean matrikulatu zen eta “Fisika eta Kimikan” lizentziatu, bere benetako ametsa medikuntza-ikertzailea izateko asmotan. Horrekin batera, rugbyko taldea alde batera utzi zuen, bere lehengusuak kirol hori praktikatzen izan zuen istripu larria zela-eta.

Goi lizentziatura lortu zuen urtea erabakigarria izan zen Davidentzat, campusean ezagutu baitzuen filologia ingelesa ikasten ari zen eta Erasmusean zebilen neska euskaldun bat! Maitasunak erabat jota, Euskal Herrira etortzea erabaki zuen. Dirua lortzeko ingeles-eskolak ematen hasi zen, baina horrek aspertzen zuenez, eta bere amets akademikoari jarraituz, EHUko Leioako Unibertsitatean Neurozientzia-doktoregoa ikasten hasi zen. Bertan ezagutu zuen fisikalaria eta medikuntza-ikertzaile onenetariko bat eta haien arteko harremana hain estua egin zen, non 7 urte ziraun zuen tesia berarekin egitera gonbidatu zuen. 7 urte horietan, eskolak ematen eta bekaz beka zihoan.

Urteak pasatu ahala, Daviden egoera sentimentala ez zihoan guztiz ondo eta azkenean bere bikotekideak eta hark harremana amaitzea erabaki zuten. Une gogorra izan bazen ere, handik bi urtera, bere andregaia ezagutu zuen. Ohi gertatzen den bezala, lagun baten laguna izan zen. Pixkanaka-pixkanaka, denbora gehiago igarotzen zuten elkar, eta harreman estua sortu zitzaien maitemindu egin ziren arte. Arlo profesionalean, PhD tesia aurkeztu ondoren lanpostu bat lortu zuen EHUko nazioarteko aldizkaria kudeatzen. Lan honetan aritzen zen bitartean, bere nagusiak euskara ikasteko adore eman zion eta Davidek buru-belarri ekin egin zion. Prozesua zail samarra izan zen harentzat, hots, beti izaten zen ikasle guztien artean mailarik baxuena zuena. Hala ere,  hori ez zen eragozpen gaindiezina izan euskara bertan behera uzteko eta 5 urteren buruan C1 maila lortu zuen, bai HABEko baita IVAPeko azterketetan ere! Hori da marka, hori!

Gaur egun, Davidek euskara ikasten jarraitzen du, gustura gainera, eta horrek euskararekiko benetako sentimendua duela erakusten dit. Hala ere, Irlandan dagoen hizkuntza gutxitua, gaelikoa alegia, euskararen egoera berdinean edota txarragoan dagoena, ez du ikasten jarraitzen. Kontraesana zirudienez, horren zergatia galdetu nion.

 “Nik Gaelikoa txikitan ikasten nuen, baina behartuta nengoelako ikasten nuen. Euskara nik ikastea erabaki dut eta ez naiz behartuta sentitu hura ikastera. Mikel Laboak esaten zuen bezala: Hegoak ebaki banizkio nirea izango zen; ez zuen alde egingo. Baina horrela ez zen gehiago txoria izango.”

Hausnarketa polita da Davidekin hitz egitean egin dudana eta berak aditzera eman didan bezala, gehituko nuke euskararen sustapena ez dugula lortuko hiztunok benetako sentimendua garatzen ez badugu hizkuntzarekiko. Niri dagokidanez, euskara ikastea sasi-inposizioa izan zen eta horrek euskaraz mintzatu nahi ez izateko eragina bultzatzen zuen nigan. Horregatik, nire etorkizuneko lanbidean izango den horretan (Lehen Hezkuntzako irakaslea) ikasleek euskara maitatzen saiatzen ahaleginduko naiz, ikusi baitugu hizkuntza bat inposatzeak ez dituela gure helburuak asetuko. Hau da, euskara aske izatea lortu behar dugu, hegan egitea, gurea benetan izan dadin!

Davidekin izan nuen elkarrizketaren zati bat entzun nahi duenarentzat, hemen atxikitzen dizuet amaierako azken minutua:

Iraide Larrondo (iraide05@gmail.com) eta David J. Fogarty (david.fogarty.ehu@gmail.com)

Bihotza eta Hizkuntza askea!