EAJri “zintzoki eskua luzatu” diote herri harresiarekin bat egiteko
Bulebarreko zortzi gazteak ez atxilotzeko deia egin diote Askegunetik EAJri, “Espainiako lege bidegabea” betetzeko ez dezaten Ertzaintza bidali. Jeltzaleei herri harresiaren parte izateko eskatu diete “zintzoki”. EAJren oinarriak atxilotzeen aurka daudela gogorarazi diete Donostiako bulebarrean bildutakoek.
Hau da Askegunean irakurri duten oharra:
EAJri Herri Harresiaren parte izateko Askegunera Ertzaintza ez bidaltzeko deia
Donostian, 2013ko apirilaren 17an
8 gazte 6 urterako eraman nahi dituzte kartzelara militantzia politikoagatik. Hori onartezina da XXI mendeko demokrazia batean. Badakigu ongi zein den agindu hori ematen duena: Madril. EAJ erdian dago eta bera da agindua bete behar duena.
Euskal Herritarren gehiengoa Espainiatik agintzen zaizkigun lege injustoak betetzera Ertzaintza etortzearen aurka dago. Horren adibide da egunez egun jende gehiago dagoela hemen bide baketsuen bidez tinko eusteko.
Euskal Herri osoa hona begira dago itxaropenez, ilusioz eta nazioartean oihartzuna eta babesa izaten hasi gara.
Beraz, Herri Harresia egunetik egunera geroz eta zabalagoa eta trinkoagoa da. Aurretik jende asko eraman dute kartzelara herri honetan ideia politikoengatik, eta hemen bildu garen guztiok ‘nahikoa da’ esaten ari gara.
Beraz, Herri Harresiaren oinarria da lege injustoak ez ditugula beteko eta bide honetan zintzoki eskua luzatzen diogu EAJri Herri Harresi honen parte izan dadin. Lehen neurri gisa eskatu nahi diogu ez dezala Ertzaintza bidali Espainiako lege injustoak betetzera eta gazte hauek 6 urterako atxilo eramatera. Ziur gaude EAJren oinarri zabalak ez duela ongi ikusten Ertzaintza hona gure gazteak atxilotzera etortzea.
Gatazkaren konponbidean elkarrekin joan behar dugu denok, eta herritarren gehiengoak hala eskatzen dugu.
Sei urteko kartzela zigorrera kondenatutako zortzi gazteak atxilotzeko agindua eman dute dagoeneko, eta edozein unetan izan litezke atxilotuak Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdi.
Espetxeratzea galarazteko ehunka lagun daude bilduta, gau eta egun, Donostiako Bulebarreko Askegunean. Polizia bertaratzen bada sirena bidez abisatuko dituzte donstiarrak Bulebarrera jaisteko. Ertzaintza k atxilotzeari ekitekotan zortzi gazteak babesteko elkarri tinko lotzeko ahalegina egingo dute. “Modu baketsuan tinko eustea” lortu nahi dute. Bart gauean 300 neska-mutilek igaro zuten bertan gaua, eta gaur ere ehunka batzuk izango direla iragarri dute.
Argian bideo hau sortu dute Askeguneko dinamika eta gazteen istorioa kontatuz:
Uste dot danok dakigula zein izango dan Pnv-ren erantzuna eskaintza honen aurrean. Beraz, zergaitik ez deutsogu Garitanori eskatzen, atziloketa egitera datozen Ertzain horiek Gipuzkoan sartzea debekatu dadila? Eta badaezpada, Izagirrek Donostian sartzea ere debekatzen badeutsie, ez legoke txarto.
……………..
6 herrikide kartzelaratu gehiago eta inork ez dau erresponsabilitate politikorik onartzen. Ikaragarria da sufritzeko gure herriak daukan indarra. Indar horrek emoten deusta herri honen askatasunean sinisten jarraitzeko esperantza, euren burua herri honen gidari politikotzat daukien horiengaitik izango balitz, orain dala asko errendituko nintzateke.
Kaixo!
Ez dakit serio esaten dezun edo ironikoki… nik behintzat ez det gaia ondo kontrolatzen, baña, uste dezute Garitano eta Izagirrek hori egin dezaketela? Nik ez det uste. EAJJJ argi eta garbi erakusten ari da bere errespontsabilitate politikoari muzin egiten diola. Nahiago dute ixilik gelditu, ezer geldituko ez balitz bezela, edo are gehiago, galderei beste zerbaitekin erantzun (eta hau orokorra da, bestela ikusi atzoko #euskadigaldezka)
Sufritzeko indarra? Tamalez ikasi degu kolpez kolpe behin eta berriz altxatzen. Baina, nik uste #askegunea -k argi erakusten duela gizartearen zati haundi batek aurrera egin nahi duela.
Ze indarra, ze gogoa transmititzen duen bulebarreko argazki eta bideo bakoitzak!! Harrotasuna!