EAJri (ere) ustel usaina dario

EAJri (ere) ustel usaina dario

“EAJ da Europa osoan horrenbeste urtez gobernatu arren frogatutako ustelkeria kasu bakar bat ere ez duen alderdi bakanetakoa.” Harrotasunez, halaxe erantzun zien Izaskun Bilbao eurodiputatuak pasa den abuztuan batzokien atzean diru publikoa zegoela iradoki zuten PPko ordezkariei.

EAJko beste kide batzuk ordea, euren burua txalotzearekin nahiko ez eta erasoa hautatu zuten babes teknika gisa: Barcenas kasua gogorarazi eta PPrekin harremanak eteteko mehatxua bota zuen Egibarrek; Itxaso Atutxak ordea, Euskal Herrian korrupzio edo ustelkeria kasu larriena ETAren “iraultza zerga” izan dela.

Orain arte egin diren epaiketetan EAJko kideak errugabetzat jo dituztenez, eta beste epaiketa batzuk oraindik ez direnez egin (Epsilon – Hiriko, Noticias taldearen albisteen erosketa…), ezin esan Izaskun Bilbaok gezurra esan zuenik. Ustelkeriak lehenago edo beranduago, argitarako bidea egiten du ordea, eta froga judizialak begien parean izan aurretik antzematen da kiratsa.

Barcenas kasuan gertatu bezala, trapu zaharren kutxa irekitzen duena etxeko norbait izaten da sarri, eta hori bera gertatu zaio EAJri ere: Jose Luis Bilbaok hurrengo hauteskundeetan hautagai izateari uko egin diola iragartzeko diskurtsoa baliatu du bere ibilbide politikoan ikusi dituen jokabide ilunen berri emateko, hori bai, sekula argitara emango ez dituela esanez. Ez du argitu praktika horiek alderdiaren baitan izan ziren edo ez, baine bere isiltasunarekin ustelkeria horren konplize da Bilbao.

Sare sozialetan transkripzioa zabaldu den arren, Jose Luis Bilbaoren adierazpenaren bideoa ere badago ikusgai:

Bilbaoren hitz asaldagarriok kolokan jarri dituzte bere alderdikideen hitzak, eta sinesgarritasuna berreskuratu nahi badu, azalpen asko eman beharko ditu Eusko Alderdi Jeltzaleak. Nork ordaintzen zuen jatorri zalantzagarriko bileteekin? Nork du dirua paradisu fiskaletan? Zergatik ez da hori salatu?

Bitartean, Kataluniara begiratzen duen bakarren bati burura etor dakioke CiU eta Pujolen egoera berean ez egon nahia dela EAJ independentziaren bidetik horren urrun kokatzera eraman duena, eta gutxi (edo ez horren gutxi) batzuek lapurtu zein estali dutena dela Euskal Herria Eskozia eta Kataluniaren (oso) atzetik egotearen arrazoia. Eta seguru, Kataluniara begiratu nahi ez duenari ere, helduko zaio kiratsa.

EAJri (ere) ustel usaina dario

5 pentsamendu “EAJri (ere) ustel usaina dario”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2014-10-02 15:58

    EAJren ustelkeria kasuen artean, Atutxak ez du “beretarren” ustelkeriatzat hartzen Irungo ogasunaren kasua, J. Mª Bravo alderdikidea kartzelara eraman duena?

    Dena den, Bilbaok Radio Euskadiko Boluevard-en eman du adierazpen horien gaineko azalpen batzuk:
    .
    – Foru Ogasunak, beti, norbaiten diru-kontuetan delitu zantzuak ikusi dituenean, informazioa fiskaltzari pasatu diola, hark lana dezan.
    .
    – Ezin duela ustezko edo kondenatutako iruzurgileen izen-deiturarik eman, legeak debekatu egiten duelako. Ogasuna konfesionario bat bezalakoa omen da: absoluziorik ez dela ematen, baina “aitortza sekretua” badela.
    .

  • lastima da gurean , waiominen programanantzekorik ez egotea.
    -aipatzen duzun irungo kasu hori latza izan zen.
    -getaiko balenziaga museoa.
    -mutrikuko dikia.
    -jangeletako enpresenak usain txarra du
    -ej elizako lobbyakin egin duen akordioa hezkuntza alorrean.

    benga gehio bota,….

    • Amonamantangorri 2014-10-03 18:12

      El Intermedio programa oso gogorra da PPrekin, are gogorragoa CiUren lapurretekin (zeina programa horretan zehazki, prozesu subiranista osoa desprestigiatzeko erabiltzen baitute), eta aldiz, oso epela eta ahanzkorra PSOEren mixeriekin. Bistan da, denek dute patroi edo aitabitxi bat.

      Aipatzen dituzun EAJren kasu horiei dagokionez: ez da gauza bera diru publikoa gaizki gestionatzea eta legez kanpoko negozioak egitea.

      Miñano edo De Miguel kasuan, oraindik itxi gabe dagoena, baliteke pertsona jakin batzuk kondenatzea, baina alderdi osoa goitik behera kakaztu gabe. Gipuzkoako ogasunarena, larria da, baina inplikatuak kondenatuak eta alderditik kanporatuak daude.

      Asko jota, EAJ batez ere “ustelkeria legal” delako kasuetan harrapatzen ahal dugu, eta udal mailan irregulartasun administratibo batzuetan, salaketa politiko eta publikoa mereziko luketenak, ez besterik.

      Akaso CiU eta pujolismoari buruz ere gauza beretsua esanen zen orain dela gutxi arte. Ba omen zela “katalan uharte” bat, non gauzak ez baitziren egiten “Ebrotik behera” bezala. Horrela zeuden gauzak harik eta, Madrildik aginduta, mokordo guztia azalera atera den arte.

      Horrelako zerbait EAJrekin gerta litekeen, nork daki. Nik behintzat nahiago frogarik gabe inori deliturik ez leporatzea.

      Jose Luis Bilbaoren adierazpen polemiko horiei buruz: iruditzen zait Bilbaok berak azaldu duela bere agur-hitzaldian zer esan nahi zuen. Alegia, foru-ogasunari dirua ezkutatu diotenak, diru beltzarekin ordaintzen zutenak, milioiak deklaratu gabe eduki dituztenak, delitu horiengatik kondenatuak izan direnak, e,a,, berak bazekiela nortzuk ziren eta maiz ikusten zituela zurikeriatan, baina lasai egoteko, ez zituela haien izenak aireratuko. Hori ez da prebarikazioa ez gaizkileei laguntzea: besterik, gabe, informazio konfidentziala da, oraingo legeriaren arabera behintzat argitaratu ezin dena.

  • zakarias aiztierdi 2014-10-06 13:59

    Tragaperrak, Jauregi, angulak-SWAP, Bidegi…