EAJ: obedientzia eta subiranotasuna

#askegunea, herri harresia eraikitzera goaz

Biziki zaila da gertakari batek aurrerantzean izan dezakeen eragina neurtzea. Areago, distantzia hartzeko tarterik ez duzunean: orduantxe jazo delako eta bertatik bertara, zeure azalean bizi izan duzulako. Puztu egiten zaizu bihotza eta harekin batera puzten duzu, maiz, gertatutakoa ere. Edonola ere, bihotz beroz eta buru hotzez sinesten dut AskeGuneko ‘herri harresia’ desobedientzia zibilaren eta erresistentzia baketsuaren eredu hartuko dugula aurrerantzean.

Ez ditut, inondik inora, borroka molde honek Euskal Herrian izan dituen esperientzia esanguratsuak albora uzten, baina nago esanahi berezia izan duela herri harresi honek gazte askorentzat. Konpromiso eta duintasun handiz babestu ditugu auzitegi arrotzek injustuki zigortutako gazteak. Gaur guk irabazi dugu. Harri garrantzitsua jarri dugu gaur biharkoan epaiketa eta espetxeratze politikoak geldiaraziko dituen harresia eraikitze bidean.

Desobedientzia irudiaren parean, baina, obedientzia itsuarena. Madrilen zigor politikoei planto egiteko aukera polita galdu du IƱigo Urkulluk. AskeGuneak zintzoki luzatu zion herri harresiarekin bat egiteko gonbidatea. Espainiako Gobernuari mezu bikoitza bidaltzeko tenorean zegoen: jazarpen politikoaren aurkakoa ez ezik, Jaurlaritzaren burujabetzaren aldekoa. Aitzitik, ontzat jotzen ez duen agindua onartzea erabaki du, beste aukerarik izan ez duelako aitzakian. Erosoegi irudikatu du botererik gabeko aginte makila. Eta ez dakit nondik datorkion ahulezia hori EAJri: euskal herritarron aurrean erantzuteko borondatea ala ahalmena den falta zaiona. Bata zein bestea biltzen dituen artean, ez dezala guri subiranotasunaz hitz egiteko adorerik izan.

kazetaria-edo

8 pentsamendu “EAJ: obedientzia eta subiranotasuna”-ri buruz

  • Txantxangorria 2013-04-20 23:28

    Desobedentzia?? Arren, kendu espainola udaletxetatik eta orduan hitzegin dezagun desobedentziaz

    • Txantxangorria, bakoitzak jakingo du zerk ematen dion min gehiago, baina hemen aipatu den gaia eta banderen kontua oso garrantzi ezberdinekoak dira.

  • Maier, agian ez dira hain ezberdinak desobedientziari dagokionez. Horregatik, Txantxangorria, instituzioek desobedientzia jorratu ahal izateko zelako baldintzak behar diren gogoeta egiteko egokia izan daiteke Mario Zubiagaren honako idatzia. Ez baiata nahikoa trapuak balkoietetatik kentzea eskatzearekin:

    ESPERANTZATIK ITXAROPENERA (Mario Zubiaga. GARA 2013-04-20)

    2007ko otsailean Bilboko Esperantza frontoian hasi zen itxaropena. 19 gazte haiek jarritako hazia loratu da, non eta Donostiako erdigunean, Bulebar zabal, ireki eta argitsuan. Orduan bezala, bertako agintariak atzerritarren borondatearen tresna bilakatu dira. Justiziaren izenean ari ziren herritarren aurrean, legearen izena erabili dute, herri honetan legitimitaterik ez duen legearena. Erakundea, edozein erakunde, lehenik eta behin, legearen meneko baita. Eguneroko errutina instituzionala legearen inperioaren adierazpena den neurrian, zaila egiten zaio desobedientzia.

    Legearen ezarpen errutinazkoak ematen duen ziurtasuna ordezkatzeko herritarrak behar ditu erakundeak. Horregatik, herritarren desobedientziaren itzalean, babesean bakarrik desobeditu dezake erakundeak. Ertzaintzari, Jaurlaritzari, aldundiei edota udalei herriaren borondatea obeditu dezaten exijitu behar zaie etengabean, noski. Alabaina, hori gerta dadin herriak erakutsi behar du bidea, herri mobilizatua bera izango baita azkenean bertako erakunde desobedienteen babes bakarra.

    Hartara, ez dezagun ahaztu, egun hauetan ikusitakoaren alderantziko irudia dela soberanismoak helburutzat eduki beharrekoa: zorioneko egun horretan, Bulebarrean edo Ajuria Enean, herriak babestu beharko ditu ertzainak -edota lehendakaria bera-, beste polizia arrotzen atxiloketa saiakera ekidin arte. Horixe da desobedientzia soberanistaren azken urratsa. Esperantzan, lehena; Bulean, bigarrena; hirugarrena, aurki.

  • Ketxus, nik garrantziari buruz idatzi dut soilik, ulertzen dut desobedientzia modu guztiak desobedientzia direla, baina estrategia baten barruan modu guztiek ez dute toki berara eramaten. Kasu honetan, nire ikuspuntua da “kartutxoak” nora zuzendu aukeratu egin behar dela, helburu izan daitekeen guztiari tiro egitea ez da izaten estrategia ona, gehienetan (agian batzuei ez zaie oso egokia irudituko kartutxoak eta tiroak jartzea adibidetzat, baina tira, edukia eduki).

  • Irati Elizalde 2013-04-21 13:22

    Imanol Murua Uriak ere gai honi eutsi dio.

  • Zer desobedientzia eta zer … ez daude kartzelarako bidean? Ez dute erdaraz egiten uneoro hala eskatuta eta askotan hala eskatu gabe ere? Euren ordezkariak ez dituzte parlamentuak eta enparauak txintxo-txintxo betetzen? Non dago desobedientzia? Ez dut ikusten, ez ulertzen. Ez dituzte/ditugu espainol/frantses karnetak eta pasaporteak erabiltzen? Ez ditugu zergak esaneko eta otzan ordaintzen? Ez dugu ETB2n euskara aldioro desagerrarazten? Ez dago Otegi eta hainbat kartzelan? Ez dago ilegalizazioaren ezpata beti gainean, beti prest? Jaso ote du Egunkariak kalte-ordainik? … Segi, segi antzezlana antzezten…Hemen, desobedientzia azainarik handiena Euskaltzaindiari egindakoa da honako kartelak paratuta: “jaxetan katxixak 10 eurogatxik”, gainontzekoa ZARATA HUTSA.

  • O, ze aportazio positiboa! Halako lau aportazio gehiago eta Euskal Herria independentea izango da! Iralaren bidea da bidea!

  • Edozer nahiago kea urregorri balitz bezala saltzen ibiltzea baino.Nik ez dut esan erantzunik daukadanik, horretarako nahiko profeta dabil bazterretan egiten ez dutenengatik KOBRATZEN.