EAJ, lehiaren beldur

EAJ, lehiaren beldur –

Politikagintzan goi mailako  ardurak dituztenei begietara begiratzea aski izaten da jabetzeko, ez dela erraza gobernatzea, ezta gobernura iristea ere. “Gora” iristen direnak, piramideko erpinean daudenean, gauza asko ikasi beharrean daudela ikusten dute bere burua. Mahaian eseri orduko konturatzen dira, inertziak, zuzendaritza-organoak berak duen erritmoak, beste edozer baino, praxia, emaitza, lehenesten duela. Akatsek, kanpotik eragiten dutenentzat husten dituzte.

EAJ, lehiaren beldur
Arg: Marisol Ramirez, FOKU (BERRIA)

Ariketa politikoan, batez ere zuzendaritza organoetan, jakina da ezin dela beti asmatu, talde aholkulari bikainen laguntza izan arren. Ez da ahaztu behar, ordea, azken hitza dutenek ez badituzte beharreko ezagutzak eta prestakuntza, arriskua handitu egiten dela.

Hasiera honetan, irakurlea kokatu nahi nuke, politikagintzan lan egiteko aukera eskaini ziotenean  “bai” erantzun zutenak, arrakastarako duten  aukera txikien aurrean.

Normalena izaten da zuzendaritza-organoetara iristen direnak esperientzia izatea, eskatzen zaien lana behar bezala egiteko aukera ematen diena, baina hori ez da aski. Eta ez da aski, hartzen diren erantzukizunak -taldekoak zein pertsonalak- oso dimentsio konplexuak hartzen dituztelako, gizartean eragin zuzena dutenak, eta egoera horretan, oso fin ibili behar da.

Paragrafo hauetatik abiatuta, ez da zaila ondorioztatzea, politikagintzak prestakuntza serio eta sakona behar duela. Horretarako saihestezinak  diren bideak jorratu beharko dira, besteak beste, ekonomikoa. Ez da erraza izango, baina, gogorarazi beharko zaie, gizarte osoarentzat lan egiteko daudela, denen artean ordaintzen diogula jasotzen duten soldata, eta Covid-19aren kudeaketa   kaskarrak erakutsi duen bezala, enpresa buruei men egitea ez dela aski, gardentasunez kudeatu behar direla herritarren zergak.

Azken hiru hilabete hauetan EAJak zerbait erakutsi badu, Covid-19 ari, berandu, oso tentuz, gogo eskasarekin eta beldurrez heldu diola. Zalantzarik ez, ekonomiari begirada kendu gabe egin beharreko lana, bale, baina beste askotan bezala, lehentasun ankerrak abiatuta. Orain -nire ustez- sobera arin eta sistemaren bide beretik ari dira etorkizuna prestatzen, ez dute ikasi nahi, eta emaitzak hantzekoak izango dira.

Soberako arrazoiak dituzte horrelako urratsak emateko. Ez da ahaztu behar EAJ dela EAEko erakunde politiko bakarra, enpresa-erakundeen babesa duena, eta horrek, hauteskunde-gatazketan, “irteerako” abantaila nabarmena dakar.

Esperientziak dioenez, ez da erraza izango erakunde politikoak orain arte “aurrera” egiteko balio izan dieten ohiturak aldatzea, baina egia da, goi mailako prestakuntza, adimen eta zintzotasun oneko agintariak behar dira. Ez du ematen aukera handirik dagoenik.

Aipatutako ezaugarriekin gobernariak sor daitezen, horiek aukeratzen ere jakin behar da, eta hori hezkuntzan oinarritutako gizarte-birsorkuntzaren bidez, bakarrik lor daiteke. Ahaleginari eta bikaintasunari lehentasuna ematen dakien gizartea. Ez da ahaztu behar,  informazio ematen duten bitartekoen ezinbesteko lankidetza, errealitatea beren interes ideologiko-ekonomikoen aurretik jarriz. Entelekia hutsa dirudi, baina hori da bidea.

Aspaldi, EAJren diskurtsoan ez dago berritasunik, edukiak oso ezagunak dira, baina orain dabiltzan manerekin harrituta nabil. Deseroso, zurrun ikusten dira, jostunak neurriak ondo hartu ez balitu bezala. Gainera, bistan da presaka dabiltzala, ez dutela entzuten eta errezeloz begiratzen dutela.

Zer gertatzen da ba? Agian berrogei urtez, behin eta berriro, ezker abertzaleari eskatu bakarrik ez, baita inposatu, Madrilen eskainitako laguntzaz baliatuz, instituzio politikoak lanerako direla, eta guri emandako bozkak hutsen parekoak zirela aipatuz.

Eta orain zer? Haserre bizian, EAJ lehiaren beldur, oihuka eta dardarka, zergatik eta, EH Bilduk gobernu espainiarrekin  Madrilen negoziatzen duelako.  Gure etxean askotan entzundakoa da:” Zintzurretik gorako gaitzak sendaezinak dira”.

Hemendik gomendatzen dizuet Sokrates filosofo grekoa irakurtzea. Berari egotzi zaio esaldi hau: “Hitz egin nik ezagutzeko”

EAJ, lehiaren beldur
EAJ, lehiaren beldur

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.