EAJ-Amaiur: Nork nahi du akordioa?

Zuk nahi duzu EAJren eta Amaiurren arteko akordioa?

Nerea Aliasek gidatutako Kontraprograma eztabaida saioak abertzaleen arteko hitzarmena izan du hizpide aste honetan. Mahainguruan izan dituzte ezker abertzaleko Karmelo Landa, EAJko Luke Uribe-Etxeberria, EAko Alberto Unamunzaga eta Iñaki Gonzalez kazetaria. Bi orduko solasaldi interesgarria. Izenburuak, ordea, errudunak atzemateko nahia transmititzen du: EAJ-Amaiur: nork ez du nahi akordiorik? Itaunak berak iradokitzen du akordioa komenigarria dela, eta hori ez duena nahi oker dabilela. Galdera horren bueltan, kalekoen iritziak entzunda eta kontraprograma.com orriko inkesta ikusita, badirudi EAJ dela balizko erruduna.

Baina, berriz galdera bota dezagun: EAJ-Amaiur: nork ez du nahi akordiorik? Egin gogoeta.

(Argazkia: Indalecio Ojanguren, CC-BY-SA)

Abertzaleen arteko akordioa nahi ez dutenak PP, PSE eta haien jarraitzaileak dira. Eta, alderantziz: Nork nahi du akordioa? EAJri eta Amaiurri bozka emango dietenen gehiengoak. Are gehiago, abertzaleek ez lukete inondik inora ulertuko hitzarmen sendorik ez izatea; gogoz kontra ametitu behar diren zentzugabekeria horietako bat litzateke. Alderdien barruan badaudela hitzarmen abertzalearen aurkakoak? Ziur asko hala da. Horregatik, bada ordua gizarteak  behingoz ozen eta irmo abertzaleei eskatzeko bat egin dezatela Euskal Herria autodeterminaziora eramango duen bidea zirriborratzeko orduan.

Bistan da, ordea, Amaiur eta EAJren arteko harremana estutzeko garai txarra datorrela: aurrekanpaina. Bozkak erakarri nahian, bai bata eta bai bestea auskan hasiko dira, batak bestearen trapu zaharrak haizatzen. Alderdi politikoen berezko joera da hori, ikusi bestela egunotan Antonio Basagoiti eta Patxi Lopez bikotea eskaintzen ari diren ikuskizun negargarria eta nekagarria.

Batzuentzat hondamendirik eta besteentzat miraririk gertatu ezean, EAJk eta Amaiurrek aise gaindituko dituzte bai PSE baita PP ere. Ander Iturriotz soziologoak azken aldian aipatu duen bezala, baliteke hauteskundeetan irudikatzen dena ez izatea lau hankako banaketa politikoa, hirukoa baizik. Alegia, abertzaleak hurbilago egongo dira 75 eserlekuetatik 50 izatetik, konstituzionalistak erdiak eskuratzetik baino. Garak argitaratutako inkestak hipotesi hori jaso zuen eta Euskobarometroak ere egoera hori ez zuen urrun erakusten.

Ander Iturriotz: “Lau hankako mahaia beharrean, hirukoa litzateke” by Iñaki Larrañaga Aizpurua

Aspalditik ez dituzte abertzaleek hain karta onak izan hauteskundeen atarian. Edo, egiari zor, konstituzionalistak dira txikira jotzeko gai ere ez direnak. Patxi Lopezen Gobernuaren hilzoria, Jose Luis Rodriguez Zapateroren hondamendia, Mariano Rajoyren gezurrak, Antonio Basagoitiren bakardadea… eta, ezin baztertu botoen joera neurtzerako orduan, Espainiaren gainbehera orokorra. Eserlekuak gora, eserlekuak behera, abertzaleak nagusi izango dira. Hori elkarlanerako akuilua ala oztopoa izango da?

Elkarlanerako akuilua ala oztopoa?

Botere exekutiboan eskua sartzeko borroka hauteskundeen ostean etorriko da. Arrazoiak soberan daude zera pentsatzeko: tentsioa izan izango da abertzaleen artean, derrigor. Baina, akordio batek hortik haratago izan behar luke mira, hauteskundeen emaitzak eta horren osteko botere banaketak gorabehera. Hala nahi dute abertzaleek. Legebiltzarreko gehiengoak erraztu egingo du akordioak gauzatzea. Horrek ez du esan nahi neurri ekonomikoetan ere bat egin behar dutenik, inola ere ez, baina ikuspegi nazionalean behintzat egon behar dira adostasunak. EAJ eta Amaiur ezberdinak dira, onerako eta txarrerako, baina, Kontraprograma-n emakume batek dion bezala: “anai-arrebak gara eta distantzia hurbilean bikain ulertzen gara”.

Ulertezina izango da Espainiaren zama gainetik kentzeko bideorri komun bat ez hitzartzea. Bi indar politiko nagusiak abertzaleak izanda, ezin dira lau urte ezerezean igaro. Ez dago orain lurrikarak sortzen dituen ETArik. Konstituzionalistek argi utzi dute lau urtean oso gai izan direla “gizarte normala”, alegia, espainiarra, inposatzeko frontea osatzeko. Hori martxan jartzeko testu-liburuak aldatu egin dituzte, espainiar banderez josiarazi dituzte herriak, Euskal Herria desegin nahi izan dute… euskaldunon gehiengoa mintzeko hartutako erabakien zerrenda luzeegia da. Ez dira abertzaleak printzipio bateratu baten pean erabakiak hartzeko gai izango?

Zuk nahi duzu abertzaleen arteko hitzarmen nazionala jarrera bateratu bat izan dezaten, Euskal Herria independentziaren bidean jartzeko? Euskal Herri euskaldun bat erdiesteko akordio bat?

Ulertezina bakarrik ez, barkaezina izango da akordiorik eza abertzale askorentzat. Aurrez hori jakin dezatela. Ez dezatela hori inoiz ahantzi. Mahaian eseri eta hitz egin dezatela, behar beste. Ramon Zallo EHUko katedradunak ere ideia hori nabarmendu berri du Un nuevo parlamento vasco artikuluan:

“korronte abertzaleek ardura erraldoia dute lehenesteko eta ahalegin pentsaezinenak egiteko herri akordioa lortzeko eta legebiltzarretik ere norabide guztietara jauzi kualitatiboa emateko.” 

Aipatu gabe ez dut utzi nahi: 2006ko urriaren 31an EAJk, Batasunak eta PSE-EEk akordio zirriborro bat hitzartu zuten Loiolako santutegian. Egin dira gauza zailagoak ere.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

20 pentsamendu “EAJ-Amaiur: Nork nahi du akordioa?”-ri buruz

  • Sarrera honetan esaten denarekin bat etorrita ere, balizko aliantza horrek ez luke konstituzionalistek egin dutenaren antagonikorik egin behar. Patxi Lopezek bere blogeanviejo pantano del debate identitario que absorbió nuestras energías durante casi una década” deitzen dio Amaiur eta EAJ batuko lituzkeen balizko zementuari. Saiatu beharko da “pantano” horretatik kanpo sentitzen diren PSOE, PP eta enparauetako euskal herritarrak ere bertaratu daitezen, edota oso deseroso sentituko ez diren erak aurkitzen elkarbizitzarako. Ala hiru urte hauetan abertzaleok mindu gaituzten bezainbeste minduko ditugu? Integrazioa da aurrerabidea eta etorkizuna Euskadi askatu batentzat, ez bazterketa.

  • Erabat ados artikuluarekin.
    Eta Kontxesiri erantzunez: ez dakit espainiar nazionalistentzat “pantanoa” izango litzatekeen ala ez, ziur hala adieraziko luketela. Kontua da, eskubide guztienganako errespetuarekin (eurenak ere) eta babes demokratikoa oinarri izanik, autodeterminaziorako bide-lerroak ezartzea, hauteskunde lehiatik kanpo (edo haratago) egongo dena.
    Espainiar nazionalismoaren kultura politikoa ikusita, betiko moduan, haiei interesatzen ez zaizkien giza-eskubideak eta praktika demokratikoak (autodeterminazioa) inposaketa (pantano) gisa izendatuko dituzte; espainiar errejimena demokrazia gisa izendatzen duten lotsa falta berberarekin.
    Zer egingo diogu… inkisizioaren, inperioaren eta frankismoaren seme-alabak dira.

  • Abertzaleen arteko akordioa nahi ez dutenak PP, PSE eta haien jarraitzaileak dira. Gezurra!

    Zer ekarriko luke bien arteko akordio bat? Oraindik ez daukat argi.
    Argi daukadana beraiek promulgatzen duten eredu ekonomikoarekin bat ez natorrela. Gaur egin duten Euskal Herriaren inguruko politikak ere ez ditut gogoko eta beraien jarrera aldatzen ez badute, nirekin ez kontatu.

  • Zoritxarrez batera, ala bakoitza bere aldetik, EAJ-Amaiurrek Espainiaren orbitan segitzera kondenatzen gaituzte. Independentzia berreskuratzea ezinezkoa iruditzen zaie eta trikimailuak asmatu behar dituzte (erabakitzeko eskubidea,…)herri honetan nahasmena areagotzeko.

  • Bada horregatik, abertzaleok, gizarte zibilak, behartu behar ditugu utopikoa -urrunekoa- kontsideratzen duten hori, erreala -oraintxe ekitekoa, hurbilekoa- izatera. Akordio estrategikoa -ez nahasi akordio elektoralekin-, nik ulertzen dut alderdiei independetziarako bidea hartzera behartzeko tresna dela, edo behintzat, izan daitekeela.

  • EAJk Urkullu jauna lehendakarigaia jarri izanak argi utzi du zein den bere zinezko apostua (hipotesi egiantzekoa in http://jbustillo.blogspot.com.es/2012/05/urkullu-el-unico-candidato-posible.html). Azken batean, EAJ koherentea da zeharo: ala ahantzi dugu Zapateroren neurri antisozial guzien babesle izan dela (pentsioen kontraerreforma, 2010eko lan-erreforma, etab.), alderdien legeari etekin ateratzen saiatu dela, nahiz eta hitzez kontra agertu (eta behin baino gehiagotan ezta hori ere: oroitzen Urkulluk berak bultzatutako “mozio etikoak”?), edota berak gobernaturiko aldundietan nolako zerga-politika egin duen (http://paperekoa.berria.info/harian/2009-10-06/018/008/paradisu_fiskalak_sortzea_leporatu_die_elak_administrazioei.htm)?

    Baten batek uste al du hori guzia huskeriak direla, eta EAJk ez dituela kontuan hartuko “abertzaleen arteko” balizko hitzarmena egiteko? Nahiak eta errealitatea nahastea okerbide izan da beti. Kasu handiagoa egin beharko genieke gehiengo sindikalak eginiko araketa (eta salaketa) konkretuei goi-mailako politikan egin ohi dituzten proposamen liluragarriei baino.

  • Amonamantangorri 2012-05-23 14:30

    Erkiziak eztabaida horretan behin baino gehiagotan dio Amaiurrek EAJri koalizioan sartzeko gonbitea egin eta EAJk uko egin ziola. Hala ere, nire ustez gonbidapen horiek ez dira egiazkoak, eszenifikazio bat baizik. Ezin dira serio hartu. Ezinezkoa da euskal ezkerraren bateratzen prozesuan EAJk muturra sartzea. Amaiurrek, Madrilera joateko, abertzale eta “subiranisten” batasun gisa aurkeztu nahi izan du bere burua: EAJ batasun horretatik kanpora gelditu da, beraz, batasunaren kontra dago, beraz, ez dago elkar hartuta Espainiari hortzak erakustearen alde… Ulertzen? Hori besterik ez da.

    Hauteskundeetatik kanpoko elkar adoste bati dagokionez: PSE sar liteke, EAJ bezainbeste. PSE sistemaren alderdia dela? Eta EAJ ez ala?

  • eta Amaiur ez ala?

  • Bai PNVren eta bai Amaiurren lehentasuna egungo sistemaren “demokratizazioa” dela dirudi.EAko ordezkariak demokrazian sakondu beharra aipatu du eta Landak oinarri demokratikoa behar dugula (askatasun nazionalik gabekoa noski). Finean EAJren diskurso bera erabiltzen dutela uste dut. Hau da, etxea teilatutik eraikitzen hastearena.
    1-Demokrazia (Espainiaren edo sistemaren barruan)lortu.
    2- Egoera “demokratiko” baten ondorioz emango digute erabakitzeko eskubidea.
    3-Nahi badugu, independentzia aukeratuko dugu.
    Proposamen honen azpian, Espainiar aginteari zilegitasuna aitortzea dago. Horregatik uste dut hainbestetan aipatzen dutela biolentziarik gabe jardutearen garrantzia (euskaldunon biolentzia posible bati buruz ari dira beti ere, eta inoiz zalantzan jarri gabe edozein Estaturen sorrera biolentziaren monopolioaren inguruan datzala).
    Sistematik kanpo aritzea izango litzateke adibidez hau :
    Independentzia tresna da gure Estatua antolatzeko.Estatu bat behar dugu demokrazian
    bizitzeko XXI. mendean. Demokrazia beharrezkoa da herri batek erabakitzeko eskubidea gauzatu dezan (bere erabakiak hartu eta aplikatu)

    Beraz lehentasunk edo prozesua kontrakoa da ; 1-independentzia 2- demokrazia(Estatu propioa).3-erabakitzeko eskubidea (gure erabakiak hartu eta gauzatu).
    Gure arazoa ez dut uste “independentzia nahi dugun ala ez” erabakitzea denik, baizik “independentzia nola lortu edo berreskuratu”.
    Sistemaren barruan egotearena zentzu honetan esaten nuen. Amaiurrek erabaki du erresistentziarik ez egitea sistemari (aukera bat da eta agian ni oker nago)eta sistema horren “akatsak” konpontzen saiatzea.

  • Amonamantangorri 2012-05-23 19:02

    – Beraz, abertzaleen oraingo tesi ofizialean esaten dena da “etxea teilatutik hastea bezala”

    Zimenduetatik hastea litzateke: aurren-aurrena INDEPENDENTZIA, eta gero gerokoak. Hori litzateke zimenduetatik hastea… Klaaaro. Eta sozialismoa noizko? Jopelas, hori da dena beti gerorako utzi beharra!

    – Ezker abertzaleak, herenegun arte, bateragarritasun politiko-militarra defendatzen zuen, edo bederen, ez zuen baztertzen. Eskema hori alboratzeko motibo nagusiak esplizituki politiko-teknikoak izan dira. Alegia, honezkero ez dagoela horri eusteko modurik, ez duela deustarako balio, eta kontrakoa dioena ez dagoela burutik sano. Amen.

    – Independentzia ezinen da bururatu euskal herritarrek nahi ez badute. Egun, zazpi euskal herriak erabaki-eremu bakar gisa batuz gero, iduri du euskal herritar gehienak ez daudela euskal estatu independente horren alde.

    “Erabakitzeko eskubide” delako hori izan daiteke Euskal Herri osoko alderdi eta agente sozial inportanteenek onar dezaketen gauza bat. Esaidazu, bestela, zer astakirten klase egon daitekeen horren aurka. Lehenengo helburua baldin bada oinarri demokratiko batzuk adostea, ni erabat ados.

    – Bukatzeko, arrazoi puntu bat ematen dizut: azken helburua ez da akordioa, ez da “jendeak erabaki ahal izatea”. Mugimendu politiko ororen helburua irabaztea da, edo izan behar luke. Horretan ados.

  • … “iduri du euskal herritar gehienak ez daudela euskal estatu independente horren alde”.
    Hori egia baldin bada, utz dezagun behingoagatik antzerkia. Zertarako saiatu erabakitzeko eskubidea lortzen ? Herri honek ez badu independentzia nahi ,non dago arazoa ?Herri batek ez badu herri izaten jarraitu nahi, arazo politikoa amaitu da, herri horrek bere heriotza onartu duelako. Baina ez da hori gertatzen. EAJ eta Amaiurrek erabakitzeko eskubidea independentziarako urratsa dela esaten digute,beraien helburua independentzia omen delako. Erabakitzeko eskubidearen inbentoa gogo independentista baretzeko asmatua da, ze “eskubide” hori espainolek ez dute eraberritu behar, gustura daudelako indarrean dagoen espainiarren erabakitzeko eskubidearekin. Independentziarako aliatuak espainiarren artean lortzen saiatzea inozoa iruditzen zait (borondate onez egiten bada).
    Honen harira,oso argigarria iruditzen zait http://www.gureberriak.com hilabetekarian azaltzen dena erabakitzeko eskubideari buruz:
    Beste gauzen artean…

    7.- “Erabakitzeko eskubidea” deiturikoa ez da herri guztien autodeterminazio eskubidea beste era batera esanda; autodeterminazio kontzeptua esanahiz eta edukiz hustutzea baizik. Inperialismoaren errealitatea ukatzea da, erregimen menderatzailearen homologazioa lortzeko ahalegina.

    8.-Inperialismoaren errealitatea ukatuz, ez dira kontutan hartzen gaurko okupazio erregimenaren oinarri diren errepresio, terrorismo, konkista etab. Erregimen horren barrutik abiatuko omen da gure autodeterminaziorako eskubidea. Hau da, gure herria ukatzen duten okupazio erregimenen zapalkuntza politiko, ekonomiko, demografiko eta ideologikoaren menpean determinatu behar omen dugu gure borondate nazionala.

    9.- “Erabakitzeko eskubide” deiturikoarekin nazio okupatua eta zapaldua esistitzen dela ukatzen da, eta beraz, nazio erresistentziak ezin du horretan oinarritu. Ondorioz, independentzia nazionala ez da oinarrizko giza eskubidetzat hartzen; urrutiko asmo lauso eta hutsal bat bezala ulertzen da.

    10.-Autodeterminazioa eta defentsa legitimorako eskubidea banaezinak dira, defentsarik gabeko eskubidea ez baita eskubidea.

  • Iñaki:

    Ezker Abertzaleak eta bere baitako erakundeek duela 35 urtetik hona defendatu dute ondoko eskema: Independentzia lortzeko geltoki taktikoa da autodeterminazioa, erabakitze eskubidea. Horretan bat etorri ziren Argala eta Telesforo, eta eskema hori jarraitu izan da gaur arte. 1995ean, esplizituki horri “Alternatiba Demokratikoa” deitu zitzaion, eta orain “erabakitze eskubidea” deitzen zaio. Baina gauza bera dira. Sakonean, Ibarretxeren erabakitze eskubidea eta Amaiurrena esakatamente gauza bera ez diren bezala. Kontua da terminolojia horretan borroka bat dagoela esanahien artean bakoitzak bere terrenora ekartzeko (niri “autodeterminazio” jartzen duen lekuan “erabakitze eskubide” jartzea jokaldi ona iruditzen zait; baina uste dut ez dela hori kontua, ñabardura txikia baizik).

    Pentsatzen dut taktika eta estrategiaren artean nahastuta zabiltzala. Demokrazia lortzeko tresna da independentzia. Eta hori proiektu estrategiko bat da. Horretan ados (ez dut uste EAJ, gaur, horrekin ados dagoenik, eta hor ikusten dut Amaiur eta EAJren alde nabarmen bat). Bestea da nola iristen garen horretara. Eta hor, borroka armatuarekin hala gabe, berriz diot, herritarren erabakitzeko eskubidearen alde egin du Ezker Abertzaleak 70. hamarkadatik gaur arte. Ez da ezer aldatu, maila horretan behintzat. Beraz, eta ez bazaude ados, lejitimotasun osoz, noski, ez zaude ados aurrekoekin ere.

    Orain eskubide demokratikotzat aldarrikatzen da “erabakitzeko eskubidea”, uste delako horrek ematen diola zilegitasuna aukera horri. Lehen historian, identitatean, baita arrazan ere zegoen zilegitasun hori, orain “demokrazia” aterkiaren baitan jartzen da. Horren arabera, independentzia ez da proiektu betiereko natural bat, borondate demokratiko baten ondorioz hartzen den bidea baizik.

    Eta hori, helburu estrategikoen bide horretan hartzen den posizio taktiko bat da. Trenaren geltoki baterarte jendartean zurekin erabat ados ez daudenak batu daitezen eta aurrerapausuak eman daitezen. Trena noraino eraman nahi dugun baldin badakigu, ez dago esaterik sistemaren baitan ari garenik. Kontrakoa. Irabazten ari gara.

  • Nire ustez eztabaidako gakoetako bat autodeterminazioaz ulertzen dena da.
    Ezker abertzalea deiturikoak, Espainia (eta Frantziak) antolatu eta emaitza edozein delarik errespetatuko duten erreferendum bat bezala aurkezten du.
    Iñakiri ulertu diodanagatik autodeterminazioa=independentzia.
    Nire galdera da, ezker abertzalearen ikuspegi hori, inoiz eman da inon historian? Noiz irabazi zuten erreferenduma britainiarrek, noiz frantziarrek, noiz kanadarrek?
    Bestalde, balizko erreferendum horretan ezezkoa bozkatuko zutenek zilegitasunik badute, ze kristo gogoratzen dugu aurten? 500 urte igaro dira, baina ez dugu ezer ikasten, eta hori españolek aitortu ere egiten dutela konkistaturiko estatua dela gurea…
    http://www.youtube.com/watch?v=7qpknK9vQeg
    Oso gaizki goazela deritzot…

  • peru zarandona 2012-05-24 13:55

    Nire ustez ez EAJ-k ez AMAIUR-ek ez dute nahi akordiorik.
    Biak batu eta erabakitzeko eskubidearen proposamenarekin (ibarretxe plana 2) bigarrenez ezetz eta kitto! erantzuten dietenean Españako parlamentuan, zer salduko digute orduan herri hontako independentistoi?
    Ez zaie interesatzen, duten estrategia gabezia agerian jarriko bailuke. Askoz errazagoa da errua beti anaiari egoztea, etsaiari botatzea baino. Etsaia boteretsuegia dela uste baduzu batez ere.
    Amonamantangorri: Amaiur zure ustez ez bada sistemako alderdia, zer da orduan sistemako alderdia izatea? Nire zerga kolonialak aurten Bilduk kobratu dizkit, euskara hutsean, hori bai. Aurrerapauso itzela…

  • Kaixo Ion;
    Agian ez dut ulertzen taktika eta estrategiaren arteko ezberdindintasuna, baina independentzia baldin bada herri baten helburu estrategikoa, horrek esan nahi du ez dela “proiektu bat beste batzuren artean”. Horrek esan nahi du, nere ustez, minimoa dela herri horren iraupenerako eta bakarrik burujabe izanda bihurtzen direla proiektu guztiak egingarri (nolako Euskal herria nahi dugun). Beraz horregatik deitzen zaio estrategikoa; horren azpitik bizi eta bizi ditzazkegun egoerak zapalkuntzan oinarrituak izango direlako eta ezin modu horretara “marko demokratikoa ” deitu. Helburu estrategikoa erdiesteko urrats taktikoak eman beharko, baina ezin deitu taktika, helburu estrategikotik urruntzen gaituzten ekimen eta oinarri ideologikoak.
    Hortaz, indar metaketa helburu estrategikoaren inguruan egin beharko da, bestela ezin dugu taktikaz hitzegin.
    Erabakitzeko eskubidearenak zergatik urruntzen gaitu helburu estrategikotik ? (orain eta orain dela 35 urte nahi baduzu). Begira hemen azken egunetako adibide batzuk:
    1- “Orain eskubide demokratikotzat aldarrikatzen da “erabakitzeko eskubidea”, uste delako horrek ematen diola zilegitasuna aukera horri.”
    Herri baten independentziaren aldeko ahalegina, demokratikoa izango ez balitz bezala ari gara. Munduko edozein herriri aitortzen diogu bere askatasunaren aldeko ahaleginaren zilegitasuna baina gure herriari ez dagokio independentziaren eskubidea.
    2- Etxarrin antolatutako mahai inguru batean Pernando Barrenak (ez dut pertsonalizatu nahi baina argigarria iruditzen zait datorren lekutik datorrelako) esan zuen independentzia ez dela eskubide bat. Seguru nago ez duela zalantzan jarriko Poloniak, Cubak edo Portugalek duten independentziarako eskubidea baina gu ez gara besteak bezain herri.
    3-Atzo bertan, gaurko Berrian irakurri dudanez, Espainiako Kongresuan onartutako zerbaiten harira, Amaiurrek esan du onarpenak indartu egiten duela elkarrizketa DEMOKRATIKOAREN bidez zubiak eraiki eta adostasunak bilatzeko Amaiurrek egin duen apostua. (noski letra larriak nik jarri ditut, interesatzen zaidana nabarmentzeko).
    Helburu estrategikoa independentzia da eta horren azpitik soluziorak bilatzeak (autonomia,referendum,departamentu,…) lortzen duena da helburu estrategikoa, helburu estrategikoa izateari uztea.
    Irabaziko dugu, baldin eta mugimendu taktikoak estrategia bati lotzen bazaizkio.

  • Euskal Erkidego Autonomo baten “agintean” dagoena dagoela, Espainiak baimendutako delegazio bat besterik ez izanik, eta “aginte” hori jokoan dagoenean, 200.000 edo 300.000 boto “asmatzeko” gai badira – errolda beraiek erabakitzen dute -, zer ez lukete egingo batzuentzat independentziaren parekoa den “erabakitzeko eskubideari” buruz erreferendum bat antolatuko balute?

    Hori da estrategia hori!!!

  • […] sortu du Kontra saioko azken eztabaidak -EAJ-Amaiur: nork ez du akordiorik nahi?-, batez ere, Iñaki Larrañagak saioaren inguruko artikulua idatzi duenetik Zuzeu aldizkarian. Iruzkinak barra-barra, kritika […]

  • Kaixo Iñaki!

    Eskerrikasko Ojanguren bildumako argazki bat erabiltzeagatik, hala ere, zuzenketatxo bat.

    Argazki hori, Ojanguren bilduma bezala, ez da CC-BY baimen batetara atxikitzen, CC-BY-SA baizik. Zuzenketa nimiño bat da, bainan jakinaren gainean egon zaitezen.

    • Iñaki Larrañaga 2012-05-29 01:25

      Zuzendu dut, okertu egin nintzen. Mil esker zuei halako argazki ederrak eskura jartzearren. Ondo izan.