EAEko hiriburuetako balizko hauteskunde emaitzen analisia
Prospekzio soziologikoen kabineteak argitaratutako EAEko hiriburuetako hauteskundeen balizko emaitzak hartu eta Iñaki Larrañaga (@inakilarra), Lander Arretxea (@larretxea) eta Oier Aranzabalek (@zerdionk) -ZuZeuko hiru semek- analisi bana idatzi dute hurbilen sentitzen duten hiriburuaren inguruan. Hemen uzten dizkizugu hiru analisiak, infografia eta guzti.
Iñaki Larrañaga
Prospekzio soziologikoen kabinetearen arabera Gasteizko Udalerako bozak EAJk irabaziko ditu (7), 1995etik lehenbizikoz. Segidan izango ditu PP eta EH Bildu seina ordezkarirekin, ostean PSE (5) eta Podemos (3). Podemos-en inguruko fenomenoa ez dut aztertuko. Batetik, beste hamaika lekutan egin delako dagokion analisia, eta, besteitk, marka horrekin behintzat aurkeztuko ez delako 2015eko maiatzean. Auskalo nola banatzen diren inkestak esleitzen dizkion hiru horiek. Inkestaren ondorioak? Lau indar nagusien arteko oreka, ia tamaina bereko zatietan. Edonork irabazi ditzake hauteskundeak, hain baita egoera parekatua hauteskundeak joan eta hauteskundeak etorri. EAJ, Bildu eta PSEk soilik %2ko gorabehera egiten dute inkestan, 2011ko bozekin alderatuz. Egonkorra, berdintasuna ez da berria beraz, eta kanpainako borroka estua iragartzen du. Milaka boto gutxitan mugitu daiteke lehenbiziko indarra eta ordezkaria eskuratzen duen azkena.
“Ez harritu Bilduk hauteskundeak irabazten baditu”
Ezusteko zebankia, aldiz, PPren jaitsiera. Javier Marotoren udal gobernua da aldaketa gehien duena, ordezkarien herena galduz, EAJren atzetik, eta hirugarren indar izatetik eskukada botora geldituz. Hain zenbaki estuetan mugituta ez naiz interpretazioetara ausartzen, are gutxiago, immigrazioaren auziari egozten Marotoren jaitsiera, entzun dudan bezala, Marotok beste lau urte egingo dituen susmoa daukagu askok. Azpimarratuko nuke, Gasteiztik kanpokoentzako, ideia bat. Ez harritu hauteskundeak Bilduk irabazten baditu. Ez harritu abertzaleek gehiengoa badute. Gasteizek bilakaera sozial, ekonomiko eta politiko itzela izan du azken 35 urteetan eta emaitzak agerikoak dira, bozetan ere bai. Salburua eta Zabalgana auzo jendetsu eta berrietako gazte euskaldunek nabarmen ematen diote botoa Bilduri. Kontrara, PP eta PSEren hauteslego heldua mehetzen doa. Joera horrek markatzen du harriduraren amaiera.
Lander Arretxea
Eusko Jaurlaritzak eskatutako inkestak Donostiako Udal Hauteskundeetan aurreikusten duen emaitza pare bat esalditan laburbildu daiteke: EAJ eta EH Bilduk euren indarra mantenduko dute, eta Podemosen (Irabazi) agerpenak PP eta PSOE kaltetuko ditu.
Aurreikuspenaren arabera, hauteskundeak orain egingo balira, EH Bildu litzateke lehen indarra Donostian 8 zinegotziak mantendu eta bozen %25era heltzeko aukera emangio liokeen gorakada txikiarekin. Bozkatuko duten lau donostiartik batek EH Bilduren alde egingo luke. Ez da gutxi. Dena dela aintzat hartu behar da 2011n Aralar ere aurkeztu zela, eta bien batura (%28) baino boza gutxiago eskuratuko dituela itxuraz datorren urteko hauteskundeetan.
EAJk bestalde, zinegotzi bat gehiago irabaziko luke (zazpi guztira), bozen %21,2rekin. Gorakada nabarmena litzake 2011ko Udal Hauteskundeekin alderatuz gero, orduan %17 eskuratu baizuten. Dirudienez, EH Bilduri “garaipena” lehiatu diezaiokeen alderdi bakarra izango da EAJ.
“EH Bilduri garaipena lehiatu diezaiokeen alderdi bakarra izango da EAJ”
Bestalde, oraindik zein hautagaitzarekin aurkeztuko den edo zein babestuko duen argi ez badago ere, Podemosen balizko agerpenak eragin nabarmena luke espainiar jatorriko alderdien artean. Podemosek hiru zinegotzi eskuratuko lituzke, eta horrek eraginda, bina galduko lituzkete PSE eta PPk.
Horrenbestez, gakoetako bat Podemos izan daiteke: aurkezten ez bada, nora joango dira boz horiek? PSE eta PPk egingo dute gora edo abstentzioa haziko da nabarmen? Gutxi batzuk EH Bildura akaso? Erabakiorra izango da hori zinegotzien mapa marraztu eta alkatea hautatzeko jolas edo borroka politikorako. Dena dela, Irabazi edo Podemosek egiten duena egiten duela, boza gehien lortzeko borroka EH Bildu eta EAJren artekoa izango dela dirudi. Urteotan oposizioaren jarrera zein izan den ikusita, hauteskunden osteko egunera arte nekeza izango da Donostiako alkate zein izango den ziurtasunez jakitea.
Oier Aranzabal
Bilbon EAJk irabazi zuen, irabazi du eta baita irabaziko aurrerantzean ere,Prospekzio soziologikoen kabineteak egin zundaketa honek erakusten digunez. Azkunaren ostean ere jeltzaleentzat bizitzarik badela erakusten dute balizko emaitzok. EAJk bozen %38,9 erdietsiko luke -abstentzioa ere gaindituta- pasatako udal hauteskundeetako emaitzak berdinduz. EHBildu oposizioko alderdi nagusi bihurtuko litzateke hautuen %16arekin eta espainiar estatuko bipartidismoaren ordezkariek behera egingo lukete, %12arekin (PSE) eta %14arekin (PP) geratzeko. Podemosen uholdea iritsi ei da botxora, %8a lortuko baitu inkestaren arabera. Erabakiorrak izango ez diren bi jarleku, beraz, Iglesiasen proiektuarentzako.
Estimazioak besterik ez dira datuok, alde batera ala bestera egin baitezake balantzak edozein unetan. Baina, argi eta garbi, EHBildu indartzen du oposiziorako aukera eta alternatiba gisa. Bozka erabilgarriak lagun dakioke koalizio subiranistari. Azkunaren eta jeltzaleen maiseatzaileek euren bozka nora bideratuko ote duten da galdera. Ea artikulatuko den alternatiba erreal bat. Ezkutuan den beste Bilbo horrek (ba ote?) zer egingo, hor gakoa.
“Nola sozialistei, hala popularrei, euren lana erruz zailduko die Podemosek Bilbon”
Tablero berrian, gainontzeko hiriburuetan bezalaxe, PSE eta PPk etsai berri bat izanen dute, etsairik bortitzena: Podemos. Lehendik ere Bilbon ahul zen oposizio espainiarzalea are gehiago ahultzera dator. Diskurtsoak eta posizioak birformulatzera. Nola sozialistei, hala popularrei euren lana erruz zailduko diena Bilbon, eta Euskal Herrian.
Ikusteko dago bozka estimazio hauek nola eragiten duten datozen inkesta berrietan, eta bukatzeko maiatzean egingo diren hauteskundeetan. Oro har interesgarri dago, baina badirudi Bilbon ez dela sorpresarik izango.
Azterketa interesgarria, baina boto-estimazioa ez da Eustatena, Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearena da