Durango liburu eta diskoetatik harago
Durango liburu eta diskoetatik harago –
Itsaso Zubiria Etxeberriak Argia aldizkarian.
Euskal kultura hasi da proiektu berriak aurkezten. Telebista jostailu, perfume eta kotxeen iragarkiak sartzen hasten den garai bertsuan. Arrazoia ez dira Gabonak, ez zuzenean, behintzat, denok aski ezagun dugun urteroko Durangoko liburu eta disko azoka da. Baina salmentak erakartzen duen jendearentzat badago beste eskaintza bat ere, liburu eta diskoetatik haragoko egitarau bat.
“Gogoetaren plaza” dinamizatuko du aurten ARGIAk. Gune honetan salgai dauden liburuen aurkezpen eta azalpenak egiteaz gain, kulturaren bueltan pil-pilean dauden gaien inguruko eztabaida, mahai-inguru eta hitzaldiak antolatzen dira. Hori da Mendeurrenean Gerediaga elkarteak ARGIAri egin dion oparia.
Adi, aurten Gogoetaren Plazako mahai-inguru denak Musika Eskolako Areto Nagusian izango baitira. Landako gunetik gertu dago (Montevideo etorbidea, 7. hemen mapa).
Zer gai eta zer gonbidatu
Abenduaren 6an, ostirala, 12:30ean, Gu gara euskal prentsa: euskaraz eta ez elebitan mahai-inguruak irekiko ditu ateak. Indartsu. Josu Landa (1980an Argieroa, 1990ean Euskaldunon Egunkariaren hazia erein zuen taldekoa) eta Elixabete Garmendia (Zeruko Argian, ARGIAn eta Euskal Telebistan kazetari aritutakoa) izango dira hizlariak eta Gorka Bereziartuak (ARGIAko erredaktorea eta Ez gara neutralak liburuaren egilea) gidatuko ditu.
“… eta debalde ematen diot herriaren aurikularrari…”. Lizentzia libreak kulturgintzako alorretan zertan diren landuko dute abenduaren 6an bertan, 18:30ean. Mahai-ingurua osatuko dute Gotzon Barandiaranek (idazlea, lizentzia librean ari den Susa argitaletxeko kidea), Miren Narbaizak (musikaria. Bakarlari ibilbidea Mice gisa egiten ari da eta diskoa lizentzia librean argitaratu du), eta Dabid Martinezek (informatikaria. Software librearen, jakintza askearen eta pribatutasunaren defendatzaile sutsua), eta moderatzailea Axier Lopez izango da, hau ere ARGIAko erredaktorea.
Kultura lana da izenburupean landuko dute profesionalizazioaren gaia abenduaren 7an, larunbata, 12:30ean. Gonbidatu dituzte Maite Mutuberria (ilustratzailea. Lohia album liburua argitaratu du), Danele Sarriugarte (itzultzailea eta idazlea. Erraiak eta Azala erre nobelak argitaratu ditu) eta Jurgi Ekiza (musikaria, Willis Drummond taldeko kidea. Bakarlari ibilbidean Ekiza gisa diskoak argitaratu ditu). Eta hirukotea arrastoan mantentzeko, Gorka Bereziartua.
Euskara integrazio hizkuntza. Zer diote euskaldundutako euskal herritar berriek?, da laugarren mahai-inguruaren titulua. Abenduaren 7an, larunbata, 18:30ean izango da eta berak biribilduko du Gogoetaren Plaza. ARGIAko erredaktorea eta euskara gaietan zaildutakoa den Onintza Iruretak moderatuko du taldea: Tarana Karim (Azerbaijanen jaio eta Tolosan bizi den emakumeen eta elkarbizitzaren aldeko aktibista), Bouba Diouf (Senegalen jaio eta Bilbon bizi den kale-saltzaile eta sukaldaria) eta Petra Elser (Alemanian jaio eta Euskal Herriko hainbat txokotan bizi izandakoa. Itzultzailea eta euskara eta etorkinen integrazioaren aldeko ekintzailea).
Durango liburu eta diskoetatik harago