Duela 25 urte, Gernikan
Duela 25 urte, Gernikan –
Duela 25 urte, 1997ko urriaren 18an Gernikan egindako ekitaldian, ELAk ondorio politiko argi bat plazaratu zuen: “(Autonomia) Estatutua hilda dago”. Egun batzuk besterik ez ziren igaro Espainiako Gobernuko presidenteordeak esan zuenetik INEM eta Gizarte Segurantza ez zirela transferituko, “ez bizi honetan, ezta beste batean ere”. Ekitaldi hartan, sindikatuak adierazi zuen estatutismoaren bideari alboratu zuela, nabarmendu zuen 30eko hamarkadaz geroztik defendatutako estatutismoa alde batera utzi, eta subiranismoarekin bat egiten zuela.
Horrezkero, hainbat transferentzia egin gabe geratzeaz gain, benetako inboluzio bat ere gertatu da eskuduntzak hustu eta are gehiago higatzeko. Estatuak euskal autogobernua mugatzeko bi bide baliatu ditu: estatuko oinarrizko araudia eta Auzitegi Konstituzionalaren doktrina. Estatutua indarrean sartu zenetik ez du etenik izan eraso juridiko eta politiko horrek funtsezko arloetan, hala nola etxebizitzan, osasunan, hezkuntzan eta euskaran.
Hala aitortu du Eusko Jaurlaritzak berak argitaratu duen ‘La erosión silenciosa’ liburuan: “Ez dago ikuspuntu juridiko-konpetentzialetik oztopo edo galga autonomikorik jartzeko modurik”. Diagnostiko latza.
Aspaldi da Euskal Herria eskuduntza esklusiborik gabe dagoela; ez dauka segurtasun juridikorik autogobernuaren inongo eremutan. Duela 25 urte Joxe Elorrieta orduko idazkari nagusiak asmatu zuen, Gernikan zetorrena ere aurreratzeko gai izan zen.
Horregatik, oso kezkagarria da 1979tik hona botere autonomikoa kudeatu dutenek jendeari ezkutatzea gertatzen ari dena. Gaur egun esatea aldebikotasuna defendatzea, Urkullu Lehendakariak behin eta berriz egiten duen gisan, agerikoa eta kezkagarria den errealitatea ukatzea da.
Eskuak lotuta
Estatuaren markoan gure nazioek etorkizunik ez dutela bat gatozenok saiatu behar dugu hitz egin, eztabaidatu eta topaguneak aurkitzen. Jendeari ezin zaio ezkutatu gertatzen ari dena.
Erabakiak bertan hartuko balira bezala gobernatzen jarraitzen dute, inolako salaketa politikorik egin gabe. Azpiazu Sailburuaren arabera, “(Espainiako) Aurrekontu Egonkortasuneko Legeak eskuak lotzen dizkigu, baina gu bat gatoz”; edota orain dela bi aste esandakoa: “Euskal funtzionarioei aplikatuko zaie Madrilen erabakitzen den soldata igoera”. Abertzale omen direnen halako adierazpenak entzunda, argi dago tentsio guztia galdu dela, eta alde batera uzten dela honako ñabardura: muga horiek estatuko aurrekontuek ezartzen dituzte, Euskal Herriko alderdien onespenarekin.
Sanchez Espainiako presidenteak alderdi subiranisten babesa behar arren, ezin dugu ahantzi PSOEk 78ko erregimenarekin duen konpromisoa: beti kokatu dira alde berean, esaterako Itun Antiterroristak erakutsi zuen hori, baita 2014ko monarkiaren krisian edota Kataluniari 155. artikulua ezartzeko adierazitako babesean.
1997tik hona gauza asko gertatu dira. Estatuak birritan eragotzi du estatusaren aldaketa, a priori Konstituzioarekin bateragarriak izanagatik ere: Estatut katalana eta Ibarretxe Plana, biak ere norbere parlamentuen gehiengoak babestuak. Gainera, Estatuak aurre egin die euskal subiranisten alde bakarreko saioei (esaterako, Lizarra-Garazikoari), eta bortizki zanpatu zuen independentista katalanen mobilizazio zibil eta baketsua, euren hauen autogobernua zapuztuta ondoren 155a aplikatuta.
Bizitza hobea izateko burujabetza
Urte hauetan gertatutakoa zintzoki aztertuta, ELAk independentziaren eta errepublikaren alde egin zuen sindikatuaren kongresuan. Gure betebeharra da nazio eta herri gisa prestatzea eta epe luzerako lan egitea.
Badakigu gaur ez dagoela gure botere politikoa alde bakarretik sendotzeko indar nahikorik, baina ezin gara ezkor izan, are gutxiago ezer egin gabe geratu.
Burujabetza areagotzen duen eremu bakoitzean konfrontazio instituzional, politiko eta sindikala behar-beharrezko konpromisoa dugu indar harremanak hobetu eta helmuga politiko bat zehazteko. Zerbitzu publikoak indartzeko eta euskal erakundeen aurrekontu ahalmena berreskuratzeko dauden oztopoak kentzea da epe laburreko erronketako bat.
ELAk gogoeta hori une lazgarri batean egin du: gerra, klimaren eta energiaren krisia eta langile klasearen pobretzea ari gara pairatzen. 25 urte igaro direnean, argi geratu da burujabetzan aurrera egitea oinarrizkoa dela egoera horiei aurre egiteko eta klase herrikoiek bizimodu hobea izan dezaten.