Donostiako Udalak kentzen dituen gauzak
Donostiako Udalak kentzen dituen gauzak
Donostiako Udala da kosmopolita, eta polita, eta apolitikoa, eta apokaliptikoa ere, noizean noiz. Lantzean behin hirian gauza batzuk sobera daudela iduri zaie, eta kendu egiten dituzte; beste batzuk ordea ederto daude haien ustez, eta faltan sumatzen dituztenak jartzen dituzte, noski, horretarako eman zieten boza herritarrek.
Donostiako Udalak kentzen dituen gauzak
Europako Hizkuntzen Mapa: Bagera elkarteak hiriburutzaren urtean hizkuntzen inguruan sentsibilizazioa eta hausnarketa sustatzeko egin zuen proiektua. Iazko martxoan jarri zuten, eta urtebeteren ondoren, kendu egin zuen udalak. Elkarteak Miren Azkarate zinegotziari eskatu zion mapa zegoen lekuan uzteko; izan ere, Bagerak azaldu zuen bertan jarri zutenetik mezu asko iritsi zitzaizkiela, guztiak oso baikorrak, eta harrera bikaina izan zuela. Mapa ikono bihurtu zela defendatu zuten. Egurrezko mapa hau Manex Izagirrek eta Iñaki Rifaterrak sortu zuten, eta kontinentean hitz egiten diren jatorrizko 91 hizkuntza biltzen ditu. Hizkuntza bakoitzak egurrezko pieza bat du, eta, kasu askotan, herrialde berean hizkuntza bat baino gehiago daudela erakusten da. Hizkuntza txikiek mundua handitzen dute leloa irakur daiteke maparen albo batean; barkatu, zitekeen.
Hizkuntza txikiak ezabatu dituzte Donostiako hiri-dekoraziotik. Zara, Druni eta McDonalds-ek ez dute distrakziorik nahi. pic.twitter.com/kqscZxeadW
— Peio Galvez (@Peioxabier) March 31, 2017
Kondoi makinak: Donostiako 86 farmazietatik soilik hamar inguruk zuten halako makinarik saltoki kanpoko paretetan, baina jada ez da bat ere ez geratzen. Makina horiek 90eko hamarkada amaieran eta 2000ko hasieran hasi ziren jartzen. Asko 2008an jarri ziren, hiesaren aurreko prebentzioa sustatzeko Osakidetzak 16 eta 30 urte arteko pertsonengan preserbatiboaren erabilera sustatzeko kanpaina abiarazi ostean. Urte hartan hiesaren 200 kutsatze kasu berri diagnostikatu ziren, ustez preserbatiboa ez erabiltzeagatik.
Mikel Laboaren murala: donostiar gutxi izango dira Mikel Laboa bezain maitatuak euskaldunon artean. Laboa erresistentzia da, historia, tradizioa eta gaurkotasuna, hizkuntza eta hezkuntza, bihotza eta gorputza, kosmobisioa eta idiosinkrasia, sorkuntza eta artea, umorea eta tristura, txantxa eta hausnarketa. Laboak sortzen zuen eta sortzen du euskaldun askorengan sentitzen denaren eta adierazi nahi litzatekeenaren arteko baso komunikante liriko bat, iruditegia; emozioa eta arrazoiaren arteko balantza orekatua. Mural batean sartzen ez dena eta gehiago.
Donostiako Udaletxeak Mikel Laboa maitatuaren murala ezabatu du Antiguon. Nora goaz jendilaje honekin?Lotsa ta nazka pic.twitter.com/59DmbTJSoB
— NB (@negukobaratza) April 28, 2017
Ez dakit zertan ari zareten jeltzale eta sozialistak, baina honek bizikidetzatik gutxi du; gaurko amorrazioa ez du aise ahantziko jende ugarik. Iseka hutsa da. Bena gu ez gara tronpatzen…
Donostiako Udalak kentzen dituen gauzak