Donostiako II. Sagardo Azoka, ate joka
Bihartik aurrera, Donostiako Aste Nagusiarekin bat eginez (abuztuaren 10etik 17ra), Euskal Herriko Sagardo Mahaia sagardogileen elkarteak -GORENAK zigiluaren sustatzaile denak- antolatutako II. Sagardo Azoka izango dugu Katalunia Plazan (Grosen). Azoka, eguerdiko 12:00etatik1 gauerdiko 00:00etara egongo da, egunero, zabalik, eta bilgune polita izan liteke jai giroan murgildu, gastronomiaz eta zuzeneko ikuskizunez gozatu eta sagardoaren kulturan barneratzeko.
Milaka pertsona gerturatu ziren, iaz, Donostiako I. Sagardo Azokara. Eta antolatzaileak, oro har, gustura ziren, bisitari kopuruak, egunez egun, gora egiten zuela ikusita. “Giro polita sortu zen, eta ahoz ahokoak funtzionatu zuen”, diote. “Asko izan ziren, eguraldia lagun, plana errepikatu eta Azokan birritan edo hirutan afaldu zutenak”. Lehengo urteko ekimenaren arrakasta ikusita, aurten ere Katalunia Plazara itzultzea erabaki dute, ordutegi zabalagoa (12:00-00:00) eskainiz, gainera.
Inaugurazio ekitaldi ofiziala abuztuaren 11n, igandean, egingo da (19:00etan). Aurpegi ezagun ugari topatuko dituzue bertan, eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ere ez du hutsik egingo. Zuek ere gonbidatuta zaudete, noski!
Iazko Azokan, jai giro polita izan genuen
Eskaintza gastronomikoari dagokionez, bi gune bereiziko dira (zutik edo eserita afaltzeko mahaiak), eta pintxoak, razioak eta postrea egongo dira aukeran, sagardotegi onenetan bezala. Egarria asetzeko, berriz, muztioa eta sagardoa; azken hau, txotxetik zein botilatik: 4 sagardo upel jarriko dira, eta punta-puntako 13 sagardo ezberdin (botilatik) dastatzeko modua egongo da. “Sagardoen euskal selekzioa” honako sagardotegi hauek osatzen dute: Andoaingo Gaztañaga; Asteasuko Sarasola; Astigarragako Alorrene, Gurutzeta eta Zapiain; Donostiako Barkaiztegi eta Gartziategi; Errenteriako Egi-Luze; Hernaniko Altzueta, Olaizola eta Zelaia; Ikaztegietako Begiristain; eta Tolosako Isastegi. Esan gabe doa, sukaldean ere, profesional bikainak ariko direla.
Sagardogile horiek guztiak, elkarrekin, talde-lanean, aritu ziren, iaz, Donostiako Aste Nagusian. Guztiek elkarrekin egin zuten arraun; gogotsu, ilusioz. Indarrak batu zituzten, eta pauso garrantzitsua izan zen hori. Sagardoaren historian ez omen zen sekula horrelakorik gertatu, eta hortaz, Donostiako I. Sagardo Azoka hura mugarria izan zela uste dugu.
Bestalde, agertoki bat ere izango da karpan, eta beraz, jan-edanaz gain, zuzeneko emanaldiez gozatzeko parada izango dute Katalunia Plazara bertaratzen direnek. Bigarren edizio honetan, musika egitaraua indartu egin dugu, gainera, eta Iban Nikolai didgeridoo-jotzailea, Arkaitz Miner eta Juan Arriola biolin-jotzaileak, Dasta Musik taldearen doinu eklektikoak, edota Maider eta Ixiar trikitilari bikotea izango ditugu, besteak beste, gure artean (ikus egitaraua). Txalapartak eta kirikoketak ere izango dute beren txokoa. Eta “Artista berrien gaua” delakoa ere sortu dugu…
Nobedade nagusiak
Nobedade nagusienen artean, honakoak aipa genitzake:
-Iazko ekimenaren arrakasta ikusita, ordutegia zabaltzea erabaki dugu. Donostiako Sagardo Azokak 12:00etatik 00:00etara zabalduko ditu, egunero, bere ateak.
-Aurrez esan bezala, 2 gune bereiziko dira Azokan. Eguerditan, ez da eserita bazkaltzeko aukerarik egongo; txorizo, odolki edota bakailao tortilla mokadu bat dastatu edota sagardoz zintzurrak bustitzeko aukera izango da, ordea. Bestalde, bazkari tematikoak antolatzeko parada eskainiko du, aurten, Sagardo Azokak. Errugbi, xake edota dantza talde bateko kide zarela, Aste Nagusian elkarteko bazkaria antolatu nahi duzuela, eta ez dakizuela nora jo? jesnal@sagardomahaia.com helbidera e-mail bat idatzi eta erreserba egiteko aukera eskaintzen dizu, aurten, Donostiako Sagardo Azokak. Baldintza bakarra bete beharko da: bazkaltiarren gutxieneko kopurua 40-50 lagunekoa izatea.
-Horrez gain, eta eskaintza gastronomikoari dagokionez, beste sorpresatxoren bat izango da…
–Zuzeneko ikuskizunak: Bigarren edizio honetan, Azokako musika egitaraua indartu egin dugu.
–Karpa handiagoa: Azokako karparen tamaina ere apurtxo bat aldatu dugu (18 x 37 m ditu aurtengo karpak), auzotarren zein kanpotik datozenen erosotasuna bilatuz, betiere. Katalunia Plazako karpan, 150 lagunek izango dute esertzeko tokia, eta beste hainbeste izango dira, zutik, pintxoak dastatu ahal izango dituztenak.
-Kalitatezko lehengaiak erabili eta bezeroari zerbitzu ona eskaintzeaz gain, iaz bezala, Azoka dotorea -“gorena”- antolatzea da gure asmoa: portzelanazko baxera, kristalezko edalontziak, etab.
Biztanleriaren gehiengoak, sagardoa txotx garaian soilik edateko ohitura du. Litekeena da, dastatzerik onenak urtarrila eta apirila bitartean egiten direnak izatea, baina gure helburua, botilan ere produktu duina eskaintzea da; sagardoa urte osoan zehar edan daitekeela erakustea, alegia.
Txotx denboralditik kanpo ere… etorri eta gozatu!
1 Oharra: Abuztuaren 10ean, larunbatean, Azokako ordutegia honakoa izango da: 19:00-00:00.